Valentzian Athletic-rkin
Valentzia, Athleticen alde!
Bertako hiritarrek Espainiako Kopako finala Bilboko taldeak irabaztea nahi dute. Ordubatean ireki du Athleticek festa gune erraldoia, bandera igota.
Eman buelta bat Valentziako (Herrialde Katalanak) kaleetan, tabernetan eta abarretan, eta ez dago dudarik: Valentziako hiritarrek bihar Espainiako Kopako finala Athleticek irabaztea nahi dute, ez Bartzelonak. Giroa ere zuri-gorria da hemen, apenas ikusten baita Bartzelonako jarraitzailerik.Athleticek bere Hiria ere zabaldu du, gainera. 13:00etan ireki dute zortzi mila metro koadroko festa gunea Jose Angel Iribar Athleticeko atezain ohiak eta Fernando Garcia Makua klubeko presidenteak. 150 bat jarraitzaile izan dituzte lagun. Athleticeko ereserkia jarri eta bandera igo dute, txistularien laguntzarekin.
Pantaila erraldoia jarria dute karpan, edateko eta jateko gunea, oholtza handia, komunak eta Athleticeko denda. 13:30ean Bizkaiko txakolinaren dastaketa hasi dute, eta 16:00etan Athletic-Sevilla Kopako finalerdietako itzuliko partida emateari ekin diote.
Musika ere ez faltako. Gaur 19:00etatik aurrera bost orduko musika emanaldia izango da: The Bon Scott Band, Juliette Lewis&The New Romantics eta Tequila taldeak.
Oraingoz, ez dago jende askorik bertan. Arratsaldetik aurrera izango da gehiago. Uholdea, bihar. Izan ere, denera Athleticen 23.000-25.000 zalek Mestalla futbol estadioan bertan ikusiko dute finala, baina beste 10.000 jarraitzaile ere izango dira hiriburuan sarrerarik gabe. Hain justu, 35.000 zale horientzat prestatu du Last Tour Basauriko (Bizkaia) promotorak Athletic Hiria gunea -ez da sarrerarik ordaindu beharko sartzeko-. Mestalla futbol zelaitik 500 metrora dago gunea, Turia ibaiaren Arro Zaharreko Lorategian, 9. sektorean -Loreen Zubiaren eta Erakusketen Zubiaren artean.
BEERIAN DAGO
Iruzkinak
Utzi iruzkina: