IÑIGO AGIRRE>>BERDEAK-INDEPENDIENTEAK

mutrikukoberdeak 1456151726508 b+i | 2007-05-20 13:53


Hitza 2007-05-17
Berdeak-Independienteak alderdi politikoa «sentsibilitate ezberdinetatik» datozen herritarrek osatzen dute. Ez datoz bat gainontzeko alderdi politikoen «diskurtsoekin eta hartutako norabidearekin», eta euren kabuz ekitea erbaki dute. Berdeak-Indenpenditeak taldeak «lehentasunak behar den gunean finkatzea eta herriari alternatibak eskaintzea» du helburu. Iñigo Agirre (Eibar, 1971) da zerrendaburua.

Berdeak-Independienteak izenpean zatozte. Politikoki nola definituko zenukete zeuen burua?

Alde batetik, Mutrikun birsortu den eta Europako Talde Berdearen barnean dagoen Berdeak alderdia daukagu. Bestetik, Mutrikuko herriko hautagai independenteak: gure zerrendan parte hartzea erabaki dutenak. Berdeak-Independienteak bi mugimenduen elkarlaneko ahaleginez jaiotako herri plataforma bat da. Berdeak, alderdia bezala, osotasunezko ekologia politikoa defendatzen du. Mutrikuren kasuan eta hautagai independenteekin batera, herriarekiko ikusmira eta bere etorkizunarekiko kezka konpartitzen dugu.

Beste Mutriku bat aldarrikatzen duzue. Zein da orain duzuen Mutrikuren irudia eta nolakoa da aldarrikatzen duzuen beste Mutriku hori?

Mediterraneoan oinarriturik dagoen hirigintza eta azpiegitura eredu batera zuzendu nahi duten Mutriku bat ikusten dugu. Herri bat izanik, norabiderik gabeko hiri bilakatu nahi dute. Aldarrikatzen dugun herria urrunetik datozen interesak baino herritar guztien bizitza kalitatea babesten duena da; herritarren iritzia kontuan hartzen duen herria; eremu publikoa danon artean partekatzen den herria; bere benetakotasuna oraingo eta geroko herritarrentzako gorde nahi duena (bai berez duten balioarengatik eta baita Mutrikuren garapen sozioekonomikoari begira ere).

Herriaren parte-hartzea bultzatu nahi duzue. Nola bideratu duzue hori?

Partaidetza hau ez da mugatu behar hautagaiak aukeratzera soilik. Zentzuzko komunikazioa ezartzea dugu helburu. Alde batetik, herritarrek Udalaren gorabeherak gardentasunez eta ulermen osoz ausnartu behar dituzte. Hau Udalaren lana da. Hemendik aurrerako, erreferendum lotesleak, elkarlaneko aurrekontuak É eta honelako jarduerak proposatu nahi ditugu herritarrengana eragina duen edozein gaietan. Elkarteen mundua eta auzolana ere lagundu eta bultzatu nahi ditugu, herri bizi baten neurgailu aproposa direlako. Azkenik, herritar guztientzat irekiak izango diren udal batzordeak proposatzen ditugu.

Zein da zuen helburua maiatzaren 27ra begira?

Herriko alderdiek agertu duten pentsamendu bakarraren aurrean aukera bat badela erakutsi nahi diegu herritarrei. Hau da, denok ez dugula partekatzen alderdi guztiek azken legealdietan erakutsi duten Mutrikurekiko ikusmira finkoa. Faltan botatzen dugun ikuspuntua adierazteko gogoa daukagu, batez ere orain. Izan ere, Udalak eman nahi dituen pausoak atzeraezinak izango direlako etorkizunean.

Udalean parte hartzera helduz gero, zein izango da beteko duzuen papera?

Udalean parte hartzera heltzen bagara, lanera gatoz. Oposizioa egitea beharrezkoa bada, egingo dugu, dudarik gabe, eta gure programan aurkezten ditugun helburuak betetzeko gogo handiz jardungo dugula esan behar dugu.

Herritarrek ze aurkituko dute zuengan besteengan aurkituko ez dutena?

Gogoak, ilusioa, gardentasuna, komunikazioa eta benetako borondatea. Udaleko ateak ireki nahi dizkiegu herritarrei. Izan ere, haustura galanta somatzen dugu herritarren eta agintean daudenen artean. Gu denok batu gaituen loturarik gogorrena herriarekiko maitasuna da. Horixe da gure herriari eskaini diezaiokeguna.

Herriko bi zerrenda ilegalizatu dituzte. Ze ondorio izango ditu horrek, zuen ustez, hurrengo legealdian?

Ondorio latzak. Herritar kopuru batek beraien aukera politikoa aldarrikatzeko aukerarik ez dute izango. Udal barnean herritar guztien partaidetza beharrezkoa dela esaten dugu. Hurrengo legealdiei begira, zailtasun handiak ikusten ditugu Udalaren dinamika aurrera eramateko.

Azken erreferentziei begiratuta, 1.000 herritar ingururen bozka eduki zuten. Horren aurrean, zein izango da haiekiko zuen jarrera?

Beraien botuak errespetatu behar ditugu. Herritar kopuru handi baten ahotsa ezin da, besterik gabe, erakundeetatik atera. Gainera, askotan adierazi izan dugu erabaki egokienak iritzi guztiak berdintasunean kontrastatu ondoren hartzen direla.

Joan den legealdian EAJ-PNVk gehiengo absolutua eduki zuen. Zein da horrelako gobernu baten aurrean egiten duzuen irakurketa?

Nahiz eta EAJ-PNVk gehiengo absolutoa eduki, ez dugu nabaritu benetako oposiziorik legealdi osoan. Gure ustez, EAJk aurreneko legealdietan EHk bere garaian hasi zituen proiektu nagusiak (Portu Berria, Mutriku-Sasiola, arau subsidiario berriak...) jarraitu baino ez ditu egin. Udalean pentsaera bakar bat hausnartu dugu azken bi legealdi hauetan, lehen aipatu dudan bezala.
Garapen arloan, pentsakera ezkertiar baten falta egon da, eredu desarrollista eta jasangarri baten desberdintasunak agerian lagatzeko.

Mutrikuren alde lan egiteko asmoa duzue. Plano politiko orokorragora jota, herrigintza ze mailatan kokatzen duzue?

Mutrikun somatzen ditugun arazoak Euskal Herriko hainbat herritan errepikatzen dira: Bakio, Orio, Getxo, Ondarroa, Pasaia... Gure plataforma Mutrikuko dinamikari dago bereziki loturik. Ikuspuntu globala eduki badaukagu, baina lorpenak adierazgarriak izan daitezen lana eta eragina bakoitzak bere herrian egin behar du. Hala ere, eta esan duzun bezala herria ez da izate independientea, eta eskualde mailan eta edozein mailan eragiteko aukera izanez gero, parte hartzeko borondate finkoa erakutsiko dugu.


Utzi iruzkina: