Batzordea herritarrak informatzeko erabiliko dute Independenteek

mutrikukoberdeak 1456151726508 b+i | 2007-09-22 13:09

HITZA 2007-09-22




Batzordea herritarrak informatzeko erabiliko dute Independenteek

«Ingurumen batzordearen bidez, batzorde horretako zein besteetako proiektuei buruzko informazioa herrira zabalduko dugu». Horrenbestez azaldu zuten Berdeak-Independenteak plataformako kideek euren esku dagoen Ingurumen Batzordeari eta baita Ongizatea Batzordeari ere eman nahi dioten erabilera.

Independenteek «aldaketa eragiteko nahia» azaldu zuten herenegun egin zen Ingurumeneko lehen batzordean. «Orain artean, udaletxea leku itxia izan da. Proiektuetan, esaterako, egintzat eman izan dira gauzak. Guk ez dugu uste gauzak lotuta daudenik, eta alternatibak proposatuko ditugu orain arteko proiektuetan zein etorriko direnetan».
Alternatiben proposamena egin aurrean, herritarren iritzia jasotzea «ezinbestekotzat» jo zuten plataformako kideek. Mahaiaren inguruan bildu ziren EAE eta EAko ordezkariek ere zentzu horretan lan egiteko beharra eta nahia azaldu zuten. Horretarako, ordea, lehen lana kanalak sortu eta arautu beharra zela adostu zuten. Horrekin batera, Ingurumen Batzordean teknikarien parte-hartzea beharrezkotzat jo zuten. «Ingurumenean lantzen diren gaiek aspektu tekniko ugari izaten dituzte, eta herriari informazioa emateko, horren beharra egongo da. Are gehiago, ingurumen teknikari baten beharra dago», aitatu zuten EAEko kideek. Horren aurrean, plataformakoek batzordean, momentuz, aparejadoreak parte hartuko duela adierazi zuten.

Gai zerrenda

Ingurumen Batzordeak ukitu beharreko gaiak ere mahai gainean jarri zituzten hara bildutako guztien artean. Zerrenda handia izanik, datozen urteetarako plangintza prestatzen hasiko dira.

Gai zerrendan, besteak beste, harrobia, portua, Mijoako industrialdea, isurketak, errekak eta iturriak, berdeguneak, hondartzak, energia berriztagarriak, Arnoko LICa eta bilketa selektiboa eta txukuntasunari buruzko kultura zabaltzea agertu ziren.
Horretaz gain, batzordera joandako herritarrek euren kezkak eta zalantzak galdetzeko aukera izan zuten. Arnoko LICak eta Natura 2000 sareak baserritarrengan izango zuen eragina izan zen gairik nagusiena. «Batzorde irekiak egitea, horrelako gaiak komentatu eta informazio zabala eta zuzena emateko aukera ematen dute. Hori dela eta, eta iritzi desberdinak batzea aberasgarria dela uste dugulako, gure batzordeak zabalik egongo dira guztientzat».


Utzi iruzkina: