KIROLAK
BEHAR ZUEN ETA LORTU DU
Zazpi partida irabazi gabe egon eta gero, Alavesek irabazi egin du Gironan; bost puntura du salbazioa.
Sailkapenaren atzealdeko taldeetan askotan entzuten da hau: «Partida bat irabazi behar dugu». Alavesen inguruan ere sarritan bota dute baieztapen hori jokalariek eta entrenatzaileak, eta azkenean, atzo lortu zuen garaipena. Gironan nagusitu zen, zazpi partida irabazi gabe egon eta gero. Behar zuen eta lortu du.
Javi Lopez entrenatzaile denetik, jokalari guztien ahotan egon da beste hau: «Ondo ari gara lanean, eta asko hobetu dugu». Baina partida joan eta partida etorri, garaipenik lortu ezin. Horregatik, azken asteetan egiten ari diren lan ona berresteko garaipena behar zuen, eta lortu du.
Bi taldeak egitura berarekin edo antzekoarekin zelairatu ziren: lau atzelari, lau erdilari eta bi aurrelari. Gironak joko zuzena egiten zuen gehienetan, baina baloia zelai gainera jaisten zuenean, ezker hegaletik jotzen zuen gora. Alaves saiatzen zen goialdean presioa egiten, eta lortzen zuen bakoitzean, aise berreskuratzen zuen baloia. Baina orduan sortzen ziren komeriak. Lauzpabost pase jarraian ezin zituzten eman. Bere zelaian berreskuratzen zuenean ere komeriak zeuzkaten gorantz egiteko. Astudillo eta De Lucas euskarriak oso atzean zeuden, eta Juanjo eta Javi Guerra oso aurrean. Gainera, bi aurrelariak oso geldirik zeuden, eta horrela zaila da gauza onik egitea.
Oso aukera gutxi izan ziren lehen zatian. Alavesen gola ere ia-ia ezerezetik sortu zen. Bernardok luze atera zuen, Juanjok buruz jo zelai-erdia pasata, Cuevasek hartu zuen baloia, eta bizkarrez zela buelta emanda, gurutzatu egin zuen jaurtiketa sare barrura. Atsedenaldira artean, Alavesek ez zuen batere arazorik izan aldeari eusteko.
Bigarren zatian bi zati bereizi ziren. Aurreneko hogei minutuetan, Gironak lehen zatian baino gehiago erabili zuen joko zuzena. Igor brasildar handia zelaian zen atsedenalditik bueltan, eta harekin jokatzen ari ziren etengabe. Nagusitzen ari zen etxeko taldea, baina Javi Lopezek Igor eta Natxo Garro zelairatzearekin batera, baloia hobetoxeago erabiltzen hasi zen Alaves. Bizpahiru jokaldi on ere lotu zituen, Astudillo hain atzean ez zegoelako, eta Igorrek Javi Guerra baino atzerago jokatu zuelako. Espazioak hobeto bete zituen orduan Gasteizko taldeak.
Toyotak osatu du lehen lerroa Bahrainen
Jarno Trullik lortu du Bahraingo Sari Nagusirako pole positiona, eta Timo Glockek egin du bigarren denbora onena
Jarno Trullik lortu du Bahraingo Sari Nagusirako pole positiona, azkena lortu eta 66 lasterketara. Toyota autoen maila ona Timo Glockek berretsi du bigarren denborarekin. Aurreko astean Txinako Sari Nagusia irabazi zuen Sebastian Vettel hirugarren izan da, eta garaipenaren aldeko lehian sartuko da berriro. Txapelketako liderra, Jenson Button, haien atzetik sailkatu da, laugarren. Toyotarentzat aurrenekoa aldia da historian lehen lerroa osatzen duena.
Lehenengo Q1 saioko sorpresa nagusia Mark Webber kanpoan gelditu izana izan da, nahiz eta Adrian Sutilek dirudien horren errudun. Alemaniarrak oztopatu egin du Webber, eta honek ezin izan du bere itzulia behar bezala osatu. Gainerakoan, ohikoak gelditu dira kanpoan: Force India eta Toro Rossoko bi gidariak.
Hurrengo saioan, Q2an, aspaldiko partez talde indartsuenek ondo gainditu dute. Kovalainen kenduta, Ferrariko bi gidariak, Alonso eta Hamilton Q3an sartu dira. Hamilton bereziki, oso ondo aritu da orain arteko saioetan, eta bosgarren izan da azkenean. McLaren taldeak hobekuntzak sartu ditu lasterketa guztietan, eta horrela doa gora, pixkanaka.
Azken Q3 horretan, Toyota autoek eman dute erakustaldia. Goizean Glock izan da FP3an azkarrena, eta Txinan espero baino makalago ibili ondoren, Bahrainen urteko lehen bi lasterketetako maila berreskuratu dute. Glockek denbora onena egin duenean, argi gelditu da hobetzeko oso zaila izango zela, baina Trullik sekulako denbora egin du. Vettel bera segundu erditik atzera gelditu da, eta estrategiaren zain, denbora tarte oso handia dela esan behar.
Vettel, Button, Hamilton eta Barrichello oso gertu daude, baina seguruenik erregai karga desberdinekin. Hala ere, lehen itzulietan lehia ederra eskainiko dute. Alonso atzerago dago, nahiz eta Briatorek esana duen beren denboraldia hemen hasten dela benetan, puntu mardulak lortzen hasi behar dutela.
Trullik badaki Bahraingo basamortuan bigarren egitea zer den, eta gaurkoa ikusita, Glockek atzekoak mantsotuta aukera handiak ditu podiumeko maila gorena zapaltzeko.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: