ISASKARA, balorazioa / Valoración ISASKARA

Mogel_DBH_GE 1495734334030 Armerixa Guraso Elkartea | 2018-05-17 21:20
1

Musikalaren inguruan Mogel Isasiko DBHko ikasleen balorazioa

Musikala antolatu eta bertan parte hartzeko jardueran Mogel Isasiko DBHko 50 ikaslek parte hartu dute. Emanaldia eskaini ondoren 9 galderaz osatutako galdetegia helarazi zaie guztiei. Guztira 37 ikaslek erantzun dute inkesta, eta erantzun horietan oinarritzen da honako balorazio hau.

Ikasleek egindako balorazioa oro har ona da: esperientziari nota jartzerakoan Bikain (9-1) nota jarri dio 10tik 7k, eta bataz-besteko nota 8,9 da. Musikalaren proposamenak erakarri ditu gehienak eta dantzak beste hainbat, baina azpimarratzekoa da antzerkia egiteko aukera baliatu nahi izan dutela zenbaitek, ohiko jardunean, aisialdiko eskaintzan nerabeek ez duten aukera.

Musikala jendaurrean, Coliseo antzokian eskaintzea da askori gehien gustatu zaiena, eta hainbatek hori lagunekin partekatu izana aipatu dute. Egin behar izan duten esfortzua, urduritasunak eta estutasunak, eta irakasleen zorroztasuna aipatu dituzte alderdi negatiboen artean.

Oro har esperientziaren balorazio positiboa berresten du berriz parte hartzeko prest ote leudeken galderari emandako erantzunak, %78k baietz erantzun baitu eta ezezkoa %5k bakarrik eman baitu.

Musikala abian jartzeko orduan ezarritako helburuei dagokienez, ikaskide talde berriaren barne kohesioa bultzatzeko lagungarri gertatu dela ondoriozta daiteke, musikalean parte hartu duten %91k ikaskide berriak ezagutu baititu jarduera honetan. Lagun berri horien arteko harremanakin %78n euskaraz eta gazteleraz izan dira.

Hauek dira ikasleek musikalaren esperientziaz emandako erantzunen emaitzak atalez atal.

Parte-hartzaileak ikasturtearen arabera

Ikasturtearen araberako parte hartzeari dagokionez, DBH-1ekoak izan dira batez ere (%86). Ikasturte hori zen lehentasuna, baina positiboa litzateke nagusiagoen parte hartzea orekatuagoa izan balitz. Hauspoaren funtzionamenduak eragiten du lehen ikasturtean parte hartzea ona izatea eta ondoko ikasturteetan asko jaistea, 3 eta 4 mailan ia desagertuz. Hauspoa programaren antolaketan eta komunikazioan (bai ikasle eta bai gurasoei) kontuan hartu beharreko puntua izan daiteke hau.

Parte-hartzaileak jarduera eta generoaren arabera

Parte hartu duten 50 ikasleetatik 41 neskak eta 9 mutilak dira. Mutil gehienek interpretazioan parte hartu dute (9tik 6), neskek modu proportzionatuagoan parte hartu dute jarduera gehienetan. Mutilek jarduera artistikoetan parte hartzea txikiagoa izatea ez da musikal honen berezitasuna. Gizartean nagusituta dagoen genero araberako jarduera banaketaren isla da.

 

 

Datuak:

Guztira: 50 (41 neska eta 9 mutil)

  • Kantuan: 6 (5 neska eta mutil 1)
  • Dantzan: 26 (25 neska eta mutil 1)
  • Interpretazioan: 16 (10 neska eta 6 mutil)
  • Gidoigintzan: 2 (neska 1 eta mutil 1)
  • Bertsotan: 1 (mutil 1)

Esperientziaren balorazioa

Ikasleek esperientziaz egin duten balorazioa oso ona da. Denek aprobatu dute jarduera:

%100k 6tik gorako nota jarri dio. %43k 10a eman dio eta %27k 9a, beraz, %70k Bikain (910) baloratu du esperientzia. Bataz besteko nota 8,9 da.

 

Musikalean parte hartzeko arrazoiak

Hauspoan egin ditzaketen jardueren artean musikala zergatik hautatu duten galdetuta (“Zergatik hautatu zenuen musikalean parte hartzea?” da egin zitzaien galdera), heren batek adierazi du esperientzia eta proiektu orokorrak erakarri zituela: dibertigarria, polita, interesgarria izan zitekeela musikalaren esperientzia eta horregatik eman zutela izena bertan:

  • pentsatzen nuelako esperientzia ona inzango zela
  • Proiektu oso interesgarria iruditu zitzaidan eta mundu hori ezagutu nahi nuen
  • oso dibertigarria iruditzen zitzaidalako
  • Insteresgarria iruditzen zitzaidalako esperientzia hau.
  • polita irudtzen zitzaidalako
  • Esperientzia polita iruditzen zitzaidalako
  • Parte hartzea polita izango zela pentsatu nuelako.
  • Esperientzia polita izango zela iruditu zitzaidalako
  • Zeozer berria probatzea gatik era esperientzia berria bizitzeko
  • Dibertigarria iruditzen zitzaidan
  • dibertigarria iruditu zitzaidalako
  • Dibertigarria izango zela pentsatu nuelako

Proiektuak osotasunean herena erakarri ditu, eta beste heren bat berriz dantzak erakarrita hurbildu da musikalera. Hona beraien erantzun zehatzak:

  • Dantzatzea gustoko dudalako
  • dantza gustzen zaidalako
  • Dantza egitea gustatzen zaidalako
  • Dantzatzen gustokoa dudalako dantzatzea gustatzen zaidalako
  • Dantza egitea asko gustatzen zaidalako
  • dantza egitea gustatzen zaidalako dantzatzea gustatzen zaidalako
  • Ze dantza itxia asko gustatzen jata.
  • Dantza egitea gustatzen zaidalako, eta dibertigarria iruditu zitzaidalako. Dantza egitea gustatzen zaidalako
  • asko guztatzen zaidalako dantza egiten.
  • "dantza egitea asko guztatzen zaidalakoo eta kanpoan dantza egiteari utzi nion eta oportunitate ona iruditu zitzaidan.

Batek zehaztu du "dantzatzea eta antzeztea" gustatzen zaizkiola, eta honekin batera badira beste lau antzerkia eta interpretazioa gustatzen zaiela adierazi dutenak:

  • dantzatzea eta antzestea gustatzen zaidalako
  • antzerkia egitea gustoko dudalako
  • oso esperientzia polita bizitzeko aukera izangu nuelako, eta asko guztatzen zaidalako antzerkia egitea.
  • interpretatzeko
  • aktorea izatea nahi dudalako

Abestea asko gustatzen zaiola erantzun du batek eta horregatik hautatu duela musikala. Beste bik azpimarratu dute musikalak gustatzen zaizkiela:

  • Asko gustatzen zaidala abestea
  • Musikalak asko guztatzen zaizkidalako.
  • musikalak asko gustatzen zaizkidalako eta dantza ere asko guztatzen zaidalako

Azkenik, batek aitortzen du lagunen babesean hurbildu zela, beste batek ez zuela lehen tokian aukeratu, baina tokatu egin zitzaiola, eta azken batek dio ez dela gogoratzen musikala hautatzeko arrazoiaz.

  • nire lagunek aukeratu zutelako
  • ni musikala 3. hautatu nuen eta tokatu zitzaidan
  • ez naiz gogoratzen

Musikala hautatzeko arrazoiak osotasunean aztertuta nabarmena da proiektua bera erakargarri gertatu zaiola heren bati eta dantzak erakarri duela beste heren bat. Aipatzekoa da ikasle batek "aktorea izan nahi duelako" adierazi duela. Esan behar da aisialdian dantza eta musika eskaintza zabala dagoela Eibarren, baina antzerkiari dagokionez ez dagoela horrelakorik, eta ume eta nerabeek ez dutela antzerkian aritu eta antzerkian formatzen joateko aukerarik.

Zer da gehien gustatu zaizuna?

Musikala prestatu eta jendaurrean eskaintzeari buruzko esperientziaz zer den gehien gustatu zaiena galdetuta hainbatek aipatu dute publikoan, Coliseo antzokian zehaztuz, emanaldia eskaini izana. Jendaurreko emanaldiek emozioak eragiten dituzte eta horiek antzematen dira ikasleek erantzunetan. Gehienek antzokia aipatzen dute eta batek eszenatokiaren sentsazioak ditu gogoan:

  • Koliseoan musikala egin
  • Koliseoan dantza egitea Coliseos dantzatzea
  • koliseoan in genuenian.
  • Koliseora joatea, abestea eta dibertitzea.
  • Koliseoan dantza egitea
  • gero coliseoan dantza egitea, taldeko lana eta harreman gehiago egitea
  • antzerki eguna
  • estenatokian egotea

Baina beste batzuk publikoaren aurrean, ikaskideen aurrean, gurasoen aurrean, eta lagunekin batera aritzea aipatzen dituzte, emozio hori beraien gertukoekin lotuz:

  • musikala denen aurrean aurkeztea Publikoaren aurrean dantza egitea.
  • Jendearen aurrean dantza egitea
  • jendearen aurrean antzeztu genuenean musikala
  • Gure gelakideen aurrean egitea musikala
  • gurasoen aurrean musikala egitea
  • Lagun gustiekin aurkestea
  • lagunekin emanaldi bat koliseoan egitea

Musikalak izandako harrerak eta egindako lanaren emaitzak (profesionaltasuna aipatzen du batek) sortu dien harrotasun sentipena adierazten dute batzuk. Parte hartzaileen artean eta giro onean egin izana aipatzen da:

  • Jendeari gustatu izana
  • Lan hona egin dugula
  • Musikalaren emaitza
  • erantzuna
  • Profesionaltasuna

Esperientziaren parterik gogoena lagun berriak egitea, lagunekin egotea eta lagunekin elkarlanean horrelako esperientzia batean parte hartu izana baloratzen duten batzuk:

  • Lagun berriak egin ditudala lagun berriak egitea ●  Lagunekin antzeztea.
  • lagunekin egotea
  • antzeslana egitea guztion hartean
  • gure arteko harreman ona

Batek "dantza egitea" badio ere, zehazki ezer berezitu gabe "dena" gustatu zaiela diotek zenbaitek, eta azken batean "ondo pasatu" duela beste batek.

  • Dantza egitea
  • dena
  • Dena Dena.
  • dena
  • dena
  • ondo pasatu dudala

Bi ikaslek ezin izan dute zehazu zer den gehien gustatu zaiena:

  • ez dakit
  • ez dakit

Zer da gutxien gustatu zaizuna?

Musikalaren esperientziatik gutxien zer gustatu zaien galdetuta, multzo handi batek, heren batek (12) erantzun du dena gustatu zaiola, ez dagoela ezer kontrako eztarritik sartu zaionik eta batek ez du jakin esaten zer gustatu zaion gutxien:

  • Ez diot alde txarrik iksuten honi
  • Dena gustatu zait
  • dena gustatu zait dena guztatu zait ●       Ezer, dena gustatu zait.
  • Ezer
  • ezer
  • ezer
  • Ezer
  • ezer
  • ez dakit

Hainbatek musikalaren prestaketak eskatu dien ahalegina aipatu dute: hauspoa egun gehiagotan izatea (normalki astean behin izaten dute eta musikala prestatzeko azken hilabetean bi saio egin dituzte astean, eta azken asteren batean hiru saio), nekea, eta denboraren kudeaketan gora-beherak aipatu dituzte:

  • egun askotan auspoa izan dugula Hainbeste ordu ensaiatzea.
  • kantzatuta irtetzen nintzela
  • Ordu asko lan egin ditugula, bukaeran estu genbintzalako.
  • entzaiuak, eat mogel isasi eta eibarko 5-6 mailakoei egitea.
  • Alferrik galdutako denbora
  • guk apuntatu ez ginen egunetan ere joatea behartzea
  • enzaioak lehen hilabeteetan
  • astean lau edo hiru aldiz joatea
  • Ensaiatzea

Emanaldiko urduritasunak aipatu dituzte bik eta Coliseoko espazio (aldatzeko) estutasunak beste bik:

  • Nerbioak
  • koliseoan eduki nituen nerbioak(baina ondo) toki asko ez zegoela, aldatzeko...
  • arropa aldaketa

Paperen banaketa, gidoiak ikasi beharra, paperik gabe antzeztea... aipatu dute beste batzuk:

  • papelak
  • gidoia ikastea.
  • lehenengo aldiz paper gabe entsaiatu genuenean

Irakasleak gogorrak izan direla aipatu dute lau ikaslek:

  • Irakasleak pixkat gogorrak dira.
  • irakaslearen jarrera
  • Irakasleak eskatu digun denbora eta lan extra, batzuetan era desegokian
  • irakasleak hainbeste hitz zatarrak esatea

Batek denbora hain azkar pasatu izana penaz aipatzen du, beste batek emanaldi gehiago nahiko lituzkeela eta hirugarren bati ez zaizkio dantza pauso batzuk gustatu:

  • Aldi gutxitan egin dugula
  • Urte bat igaro izana
  • Egin ditugun dantzen pauso batzuk

Esperientzia errepikatzeko prest?

Aukera izanez gero, ikasleen %77,8k dio berriz parte hartuko lukeela; %16,7k ez dakiela eta %5k ezetz.

 

Ikaskide berriak

Ikastetxe berrian jatorrizko zentro desberdinetako ikasleak batzean harreman-sare berriak sortzen laguntzea eta horiek euskarari eta kulturari lotutako balio positiboekin eraikitzea bilatzen zen musikalarekin, eta beraz, puntu honek garrantzia du. Emaitza positiboa da, %91,4k ikaskide berriak ezagutu baititu musikalean parte hartuz.

 

Hizkuntza ohiturak

Hizkuntzari dagokionez, ikaskide berriekin %78,4k dio euskaraz eta gazteleraz, bietan aritu dela; %18,9k euskara hutsez eta %2,7 gaztelera hutsean.

 

 

Musikalaren inguruan Guraso Elkartearen balorazioa

 

2017-2018 ikasturtean, Mogel Isasi ikastetxean eta Hauspoaren programazioan txertatuta musikal bat prestatu eta jendaurrean aurkezteko proiektua burutu da. Proiektu horrek aurreikusitako helburuak bete dituen aztertu eta Guraso Elkartetik ekimenaren inguruko balorazioa egiten dugu ondoko lerroetan.

Antolaketa

2017ko maiatzean abiatu zen Mogel Isasin musikal bat egiteko proiektua. Ikastetxea aldaketa fase batean izanik, jatorrizko zentro desberdinetatik elkarren berri ez zuten ikasle kopuru handi bat elkartzeko unean, sorkuntza artistiko bat elkarlanean egiteak taldea kohesionatzeko eta beraien artean sortuko diren harremanetan euskara txertatzeko tresna eraginkorra izan zitekeelakoan proposatu zuen musikala egitea Guraso Elkarteak. 

 

Guraso Elkartetik egindako proposamena Eskola Kontseiluan aurkeztu zen eta organo gorenaren onespenarekin babesleak eta irakasleak bilatzeari ekin genion. Ekimena bat zetorren martxan jarri berria zen Eibarko Euskararen Plan Estrategikoarekin, orain Akebai elkarteak kudeatzen duen planarekin, eta bertan aurkeztu genuen. Akebaik ontzat eman zuen proiektua eta “bere” eginez, plan estrategikoaren programan txertatu eta musikala gauzatzeko behar ziren irakasleen finantzazioa bere gain hartu zuen. Bestalde, Eibarko Udaleko Kultura eta Euskara sailak ere babestu du musikala, kultura, euskara eta hezkuntzaren ikuspuntutik interesgarria iritzita, eta baliabideak bideratu ditu proiektua aurrera eramateko, besteak beste Coliseo antzokiaren eta bertako langileen laguntzaren bidez.

 

Mogel Isasi ikastetxean ohiko funtzionamenduan integratuta dagoen Hauspoa programan txertatu da musikalaren prestaketa, eta bertan alor artistikoetako irakasle espezializatuak aritu dira musikalean parte hartzeko izena eman duten ikasleekin sorkuntza prestatzeko lanean. Arte eszenikoen alorreko profesionalen kontratazioa eta fakturazioa kudeatzeko eta gauzatzeko baliabideak jarri ditu Guraso Elkarteak lan honetarako: Josu Mujika dantzari eta koreografoa, Andrea Covadonga aktore eta kantaria eta Jokin Bergara bertsolaria. Urritik Apirilera, irakasle hauen gidaritzapean, astero ordu-terdiko tailerrak izan dituzte ikasleek, dantza, antzerkia, kantua eta gidoigintza alorretan, eta azken hilabeteetan saioak bikoiztu dira entsegu orokorrak eta emanaldia osotasunean atontzen joateko.

 

Ikasle eta irakasleen artean idatzi da gidoia, hautatu dira kantak eta doinuak, eta joan da prestatzen eszenaratzea. Bitartean, guraso elkartetik doinuen baimenak kudeatu dira jatorrizko egileekin eta zuzenean kantatzeko oinarri musikalak eskuratu dira zenbait kasutan.

 

Azken emaitza hiru emanalditan (1200 ikusle) aurkeztu da Coliseo antzokian:

  • Apirilak 20, ostirala, 13:00ean. Ikusleak: Mogel Isasiko ikasle eta irakasleak.
  • Apirilak 20, ostirala, 18:00ean. Ikusleak: Familiak eta publiko orokorra.
  • Maiatzak 7, astelehena, 15:30ean: Ikusleak: Eibarko eskoletako LH 5-6 mailetako ikasleak eta irakasleak.

 

Balorazioa

 

Proiektuaren balorazioa egiterakoan lehenengo eta behin jarritako helburuen betetze maila aztertuko dugu 1 eta 2 puntuetan. Ageriko bi helburu horiez gain beste xede batzuk izan dira musikalaren proiektua bultzatzeko orduan. Ikasle talde berriaren kohesioa eta euskararen sustatzea ikasturte honetan bereziki garrantzitsuak dira, baina horiez gain egiturazkoak diren beste arrazoi batzuk ere izan dira musikalaren proiektuaren atzean. Horiei begiratuko diegu 3, 4 eta 5 puntuetan.

 

  1. Ikastetxeko ikasle belaunaldi berriaren kohesioan laguntzea

 

Bost ikastetxe desberdinetatik (Amaña, Urki, San Andres, Urkizu eta Iturburu) iritsitako 180 ikasle batu dira DBH-1 ikasturtean 2017ko irailean Mogel Isasin. Egoera berri horretan ordura arte elkar ezagutzen ez zutenen arteko harreman sareak eraikitzen laguntzea zen musikalaren helburuetako bat. Ikasleek erantzundako galdetegiaren emaitzetan ikusten da helburu hau betetzen lagundu duela musikalak. Batetik, musikalean parte hartu duten 50 ikasleetatik %86 DBH1-eko ikasleak izan dira. Eta bestetik, musikalean parte hartu duten ikasleen %91k lagun berriak ezagutu ditu musikalaren prestaketa lanean. 

 

Emozionalki aktibatuta gauden egoeretan sortzen diren harremanak sendotasun handikoak gertatzen dira. Esperientzia artistikoak partekatzeak kideen arteko kohesio maila altua eskaintzen du, eta horixe antzematen da ikasleek galdetegiari eskainitako erantzunetan. Musikalaren ekarpen positiboenaz galdetzean lagun berriak egitea, lagunekin egotea, lagunekin batera emanaldia eskaintzea aipatu dute askok:  “Lagunekin emanaldi bat koliseoan egitea”, “Lagun berriak egin ditudala”, “Lagunekin antzeztea”, “lagunekin egotea”, “antzeslana egitea guztion hartean”, “gure arteko harreman ona”, e.a.

 

  1. Euskara ikasleen arteko harremanetan

 

Euskararen erabilera DBHko ikasleen artean oso baxua da. Ikasgelan irakaslearekin darabilte, batzuk etxean gurasoekin, eta hortik aurrera, beraien arteko harremanetan euskararen erabilera tasa txikia dute Eibarren nerabeek. Inkestan ikasleek erantzun dute musikalean ezagutu dituzten ikaskide berriekin %78k bi hizkuntza, euskara eta gaztelera baliatu dituela, %19k euskara soilik erabili duela eta %3k gaztelera bakarrik. Ez da informazio asko ekimenaren emaitza hizkuntzen erabileraren ikuspuntutik baloratzeko, gehiengoaren (%78) erantzuna ez baita oso zehatza, biak erabiltzen dituela baitio, baina ez dugu jakiterik bien arteko proportzioa zein den. Datu positiboa euskara soilik erabili duten %19ko hori da. Eta gazteleraz hutsean %3ak aritu dela. Balorazioa ezin da izan txarra beraz, nahiz eta ona den esateko nahikoa informaziorik ez dagoen ere.

 

  1. Euskal kultura musikala zabaltzea ikasleen artean

 

Ez zegoen hasierako helburuetan esplizitatuta, baina Guraso Elkartearen asmoetan zegoen, eta halaxe jakinarazi genien irakasleei: ikasleen artean euskal musika ezagutzera emateko ere balio behar zuen musikalak. Nerabeek ez dute gaur egun ia euskal musikarik entzuten. Beraien artean trukatzen dituzten erreferentzia musikalak ia-guztiz atzerritarrak dira, nagusiki gazteleraz (gehien bat “latinoz” zehatzago izatera) eta maila apalagoan ingelesez. Musikalaren bidez, ez bakarrik euskaraz kantatu, baizik eta euskal kanta batzuk ikasi eta “bere” egitea bilatu da. 

 

Guztira sei euskal kanta ikasi, kantatu, dantzatu, barneratu eta eszenaratu dituzte. Honako hauek:

 

  • Egunero (Hertzainak)
  • Euritan dantzan (Gatibu)
  • Irrien lagunak (Pirritx, Porrotx eta Marimotots)
  • Bihar (7 eskale)
  • Negua joan da (Zea Mays)
  • Aldapan gora (Huntza)

 

Parte hartzaileek eta ikusle izan diren ikaskideek euskaraz kantatuz gozatu daitekeela ohartzeko aukera izan dute. Horrez gain, sei euskal kanta beraien memoria musikalean barneratuta geratu zaizkie.

 

  1. Gorputza hezkuntzan

 

Musikalaren bidez gorputza hezkuntzarako baliatzera behartu ditugu ikasleak. Hezkuntza sistemak (eta gizarte honetako ezagutza sistemak, oro har) gorputza erauzita dauka ikasketa prozesutik. LHn baino oraindik nabarmenagoa da hau DBHn, justu premia oraindik handiagoa denean, nerabeen gorputzetan gertatzen ari diren aldaketa bortitzen ondorioz. Gorputz Heziketan ordu gutxi eta gorputzari begirakoak izanik, ez da nahikoa, gorputza ez baita behar bakarrik gorputz heziketan, ikasketa sistema osoan beharrezkoa baita. 

 

David Bueno, biologo eta genetistak dio, hezkuntzan, musika, plastika eta gorputz heziketaren gainean eraiki beharko liratekeela gainontzeko ikasgaiak. Gorputza erabiliz ikasten dela mugimenduak sekuentziatzen, eta hori ikasten duen buruko zati bera dela gure bizitzaren edozein alorretan jarduerak sekuentziatzen dituena. Beraz, gorputza erabiliz irakurri, batuketak, zatiketak eta beste edozein buru-ariketan funtsezkoa den eragiketak egiten ikasten dugula. Musika eta dantza burmuin gimnasia direla dio Buenok. Zerebroa osorik aktibatzen duten jarduera apurretakoak direla, biderketa bat egitea baino askoz gehiago. Musika eta dantza hezkuntzaren maila guztietan izan beharko lirateke. Ez bakarrik musika entzun edo dantza ikustea: musika egitea, dantza egitea. 

 

  1. Emozioak ikasketetan

 

Musika, dantza, antzerkia eta hizkuntza (bertsolaritza eta gidoigintza) sorkuntza prozesuetan emozioak aktibatzen dira, eta zer esanik ez sortutako lana ondoren jendaurrean eskaintzen denean. Eta emozioak bustitako irakaspenak hezur-muinetaraino sartzen dira. Irakaspenak gorpuztu eta lagunekin partekatutako emozioz bizi izateak ez-ohiko sakontasuna ematen dio barneratutakoari. 

 

David Buenok gorputzarekin, musikarekin, plastikarekin lotzen du emozioak aktibatzeko gaitasuna. Jarduera horiek pertsonaren emozioak kitzikatzen dituzte, eta emozioak funtsezkoak dira edozer gauza ikasteko. Buenok dio curriculuma honen arabera antolatu beharko litzatekeela eta ondoren gehitu besteak.

 

Musikalarekin beraz, beste ikasketa eredu bat aplikatzeko aukera izan da. Gorputza eta emozioak aktibatzeko aukera txiki bat, deskorporalizatuta eta gain-zerebralizatuta daukagun hezkuntza sisteman. 

 

Aurrera begira

 

Musikala esperientzia positiboa izan delakoan gaude. 1 eta 2 helburuen betetze maila positibotzat jotzen dugu, eta 3, 4 eta 5 puntuei dagokienez aurrera begirako erronkak jartzen dizkigu begien aurrean. Ondorioz, musikala ikasturte bakarreko jarduera moduan geratzen bada eragin oso mugatua sumatzen diogu. Berehala ahaztuko da; ez musikala bera, baizik eta bere onurak.

 

Gorputza, musika, dantza, hizkuntza-jolasa, antzerkia, sorkuntza, sorkuntza-kolektiboa eta esperientzia artistikoak hezkuntza sistemaren barnean behar ditugu. Euskara eskola-hizkuntzaz gain gozamenerako eta harremanetarako hizkuntza moduan baliatzea praktika estrukturala izan behar da. Guraso Elkartetik musikalaren proiektua bultzatu daiteke urte batez; Euskararen Eibarko plan estrategikoak babestu dezake puntualki; baina gorputzak eta sorkuntza artistikoak hezkuntza proiektuaren barnean egon behar dutela sinesten bada, jarduera horiek ezin daitezke salbuespenak izan, sistemaren baitan txertatu behar dira eta hezkuntza proiektuaren ardatz bihurtu. 

 

 


Utzi iruzkina: