Mintzodromoan emango diogu hasiera Mintzalgunok Euskaraldiari
Aurten ere Sareuskak Mintzodromoa antolatuko du azken urteetan bezala, horrela jakinarazi dute gaur egin duten prentsa agerraldian.
Irunen ospatuko da azaroaren 23an, Euskaraldiaren hasierarekin bat egingo du aurtengo edizioak, Mendibil Merkataritza gunean izango da jatetxe eta zinemetan 10:00etatik 12:00etara eta izen emateko epea azaroaren 7tik 18ra izango da.
Urtero bezala Hondarribitik mintzalgun taldetxoa joango gara eta aurreko edizioetan ezagutu ditugun gainontzeko mintzalagun eta euskaltzaleekin berriz elkartzeko aukera ederra izango dugu.
Gainera gutako gehienok Euskaraldian parte hartuko dugu, batzuk Ahobiziak izango gara eta beste batzuk aldiz belarriprestak. Txapa soinean dugula gerturatuko gara Irunera eta 11 egunez aukeratu dugun rol berrirako entrenamendu ezin hobea izango da.
Bazatoz gurekin?
Mintzodromoaren helburua, euskaraz mintzatzeko aukera bat gehiago eskaintzea da, batez ere euskara ikasten ari direnei, erabilerarako jauzia egin dezaten. Baina era berean euskaldunen arteko harreman sareak ehuntzea ere bilatzen du, izan ere, Mintzodromoan parte hartu ondotik, bertan egindako lagun berriekin, euskaraz erlazionatzeko joera biderkatu egiten delako.
Mintzodromora bertaratzen gearenok, tokian tokiko zein egunerokotasuneko gaien inguruan mintzatuko gara mahai baten bueltan lauko taldetxoetan eta giro xamur eta lagunartekoan. Hiru gai ezberdin proposatuko dira 15 minutuz mintzagai gisa eta hizketalditxo hauetariko bakoitza, lagun talde ezberdinarekin eginen dute.
Julian Iantzik aurkeztu eta dinamizatuko du ekitaldia eta urtero bezala pertsonaia ezagunek ere parte hartuko dute ekimenean. Aurtengoan, Ane Saseta Bidasoa XXIeko presidentea eta igerilari ohia, Ander Elosegi piraguista eta Javier Muguruza musikaria izango ditugu gurekin. Amaieran Iker Lauroba eta Leire Leturia musikarien emanalditxoa izango da eta giroa eta parte-hartzea bultzatzeko eta mokadutxo bat ere eskainiko zaie parte hartzaileei.
SAREUSKAK Mintzodromoan parte hartzeko deialdi berezia egin die Irun-Hondarribia, Bortziriak eta Hego Lapurdiko euskaltegietako ikasle eta irakasleei eta baita mintzapraktika programetako parte-hartzaileei ere. Hala ere, ekimena guztiz irekia da eta edozein euskaltzaleri zuzenduta eta irekia dagoela azpimarratu dute.
Parte hartzeko aurrez izena eman behar da eta izen emate epea azaroaren 18a bitartean egongo da irekita. Izena emateko, hainbat bide erabili ahalko direlarik; Hondarribian, Mintzalaguna egitasmora zuzenduta, Udal euskaltegian edo Bezeroaren arreta bulegoan.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: