HONDARRIBIKO MINTZALAGUNA, HARTU, EMAN ERAGIN. IZEN EMATEA ZABALIK URRIAREN 14A BITARTEAN
Gaur eguerdian aurkeztu du Hondarribiako Mintzalaguna egitasmoak 2017-2018 ikasturterako izen emate kanpaina, Mintzalaguna, hartu, ema eragin.
San Nikolas atean elkartu dira Mintzalaguneko partaideak eta antolatzaileak; Udaletxeko ordezkariak; Maria Serrano merkataritza eta turismo zinegotzia, Karmelo Goikotxea udal euskara teknikaria, Arantxa Ezeiza Udal Euskaltegiko zuzendaria, herriko ikastetxeetako ordezkariak; Eli Sorondo Ama Guadalupekoa ikastetxeko zuzendaria eta Idoia Marcos koordinatzailea, Gari Amondarain San Jose ikastetxeko euskara arduraduna eta Maite Agirre egitasmoaren koordinatzailea elkarrekin ikasturte berriari gogotsu hasiera emateko.
Donostian sortu ziren 1993an lehengo mintzalagun taldeak. Ordutik Euskal Herri osora hedatu da mintzalagun taldeen dinamika eta gaur egun, 6.000 lagun inguruk parte hartzen dute guztira egitasmoan.
Hondarribian 5. ikasturtez egongo da martxan Mintzalaguna. Udalak Topagunea Euskaltzaleen Federazioarekin elkarlanean antolatzen duen egitasmoa da, herrian euskararen erabileran eragiteko. Harrera oso ona izan du azken urteetan, iaz, 13 talde osatu ziren eta kopuru hori handitzen jarraitzen saiatuko gara ikasturte berri honetan.
Iaz gainera pauso bat gehiago eman zen eta Gurasolaguna abiatu zen, Talaia, Ama Guadalupekoa eta San Jose ikastetxeen babesarekin. Gurasolaguna, espresuki gurasoei zuzenduriko mintzapraktika egitasmoa da, ikastetxeetako gurasoak biltzen dituen mintzalagunaren aldera. Haurrak direla eta, euren ordutegi edo zaintza beharretara egokitua. Antolatzen diren ekintzak ere gurasoei edo familiei zuzendurikoak izaten dira.
Bai mintzalagunak eta baita gurasolagunak ere euskaraz aritzeko ohitura duten pertsonak, ohiturarik ez dutenekin elkartzen ditu 5-6 pertsonako taldeetan, euskaraz aritzeko astean ordu betez.
2016ko udazkenean, euskararen kale erabileraren neurketak burutu ziren herrian, eta emaitzek diote Hondarribiko biztanleen %60an euskalduna dela baina horietatik %24, 6ak soilik egiten duela euskaraz. Kopuru hau are txikiagoa da gazteen artean.
Mintzalagun egitasmoetako partaideen artean urtero egin ohi diren inkesten emaitzak berriz zera diote; egitasmoan euskara praktikatzeko izena ematen dutenek, nagusiko euskaraz gehiago hitz egiteko egiten dutela, eta hauei helburu hau lortzen laguntzeko bidelagun aritzen direnek berriz, euskararen normalizazioan modu aktiboan lagundu nahi izaten dutelako hartzen dutela parte. Bada ordea partekatzen duten arrazoirik ere; guztiek inguruan jende euskaldun gehiago izateko nahia adierazten dute eta baita Euskaraz bizitzeko aukerak handitzekoa ere.
Askok gainera, ezagutzatik erabilerara egiten dute salto talde hauetan. Euskarazko harreman berriak sortzen dira eta gertuko harreman horietan dago giltzarri nagusietako bat, denen gogoak, ahaleginak eta palankak batzean, hartu eta emanetan. Hortik aurtengo kanpainaren leloa HARTU; EMAN, ERAGIN.
Mintzalgunak herrian euskaraz aritzeko gune eta uneak sortzen ditu, euskaraz bizi nahi duten herritarrak elkartuz. Egitasmoa indartzea beraz, lagungarri gerta daiteke euskararen kale erabileraren datuetan eragiteko.
Gainera, inkestetan partaideei ekimenean jarraitzeko arrazoiagatik galdetzen zaienean gustura sentitzen direla adierazten dute guztiek, lagunak egiten dituztela eta beraien helburuak betetzen direla.
Herritar orok parte har dezake beraz Mintzalagunean: Euskaraz lasai eta lotsarik gabe hitz egin nahi duenak, Herria euskaldunago bihurtuko nahi duenak, beste guraso batzuekin euskaraz aritzeko gogoa duenak, besteei euskaraz bizitzen lagundu nahi dionak, ondo pasa nahi duenak, etxeko eta familiako hizkuntza ohituretan eragin nahi duenak….. Baldintza bakarrak euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko konpromisoa hartzea dira.
Izena emandako guztien artean gehienez 5-6 pertsonako taldeak egingo ditugu, euskara maila, elkartzeko ordu eta egunak eta zaletasunak kontuan izanda. Gainera urtean zehar hainbat bisita eta tailer antolatzen dira eta mintzalagun guztiek elkartzeko aukera izago dute. Ekintza hauetako batzuek gainera ( urteroko sagardotegiko afaria, mintzalaguna) beste herri eta eskualde batzuetako mintzalagunekin batera burutzen dira parte hartzaileen arteko harreman sareak are gehiago zabaltzen direlarik.
Izen ematea hainbat bide erabiliz burutu ahalko da urriaren 3a eta 14a bitartean:
- Hondarribiko Udal Euskara Zerbitzura joz: Pampinot 12-14
- e-postaz: mintzalaguna@hondarribia.eus
- internet bidez Udaleko webgunean ( http://www.hondarribia.eus ) edo https://labur.eus/hondarribia helbidean
Jakinarazi azkenik aurrez aurre taldeetan biltzeko aukerarik ez dutenentzat badela mintzapraktika egiteko beste modu bat, Mintzanet. On line euskara praktikatzeko aukera da eta internet bidez egiten dira saioak bikoteka. Kasu honetan izen ematea (http://www.mintzanet.net/sartu.php webgunean egin behar da.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: