Hondarribiko mintzalaguna, EGIN JAUZI!

mintzalaguna_hondarribia 1570640909283 Mintzalaguna Hondarribia | 2018-10-05 14:19

mintzalaguna_hondarribia 1538742411145

Atzo aurkeztu genuen  Hondarribiko Mintzalagunok 2018-2019 ikasturterako izen emate kanpaina, Mintzalaguna, Egin Jauzi!
Atzo, San Pedro kalean elkartu ginen elkarrekin ikasturte berriari gogotsu hasiera emateko. Kalean, egunerokotasunean, hori baita Mintzalaguna egitasmoaren helburu nagusia euskara bizitzako eremu ezberdinetan erabiltzeko jauzi egitea, euskaraz bizitzea. 


Hondarribian 6. ikasturtez egongo da  martxan Mintzalaguna. Udalak  Topagunea Euskaltzaleen Federazioarekin elkarlanean  antolatzen duen egitasmoa da, herrian euskararen erabileran eragiteko. 
Halaber, 25 urte beteko ditu egitasmoak udazkenean. Ordutiik milaka dira jauzi egin dutenak Euskara gehiago erabili nahi dutelako, ohitura galdu dutelako, ikasten ari direlako, edo euskaraz bizi nahi dutelako. Hortik aurtengo kanpainaren leloa EGIN JAUZI!.
Mintzalgunak herrian euskaraz aritzeko gune eta uneak sortzen ditu, euskaraz bizi nahi duten herritarrak elkartuz. Egitasmoa indartzea beraz, lagungarri gerta daiteke euskararen kale erabileraren datuetan eragiteko.

Hondarribiko datuak aldatzeko Jauzi egin

2016ko udazkenean, euskararen kale erabileraren neurketak burutu ziren herrian, eta emaitzek diote Hondarribiko biztanleen %60an euskalduna dela baina horietatik  %24, 6ak soilik egiten duela  euskaraz. Kopuru hau are txikiagoa da gazteen artean.
Mintzalagun egitasmoetako partaideen artean urtero egin ohi diren inkesten emaitzak berriz zera diote; egitasmoan euskara praktikatzeko izena ematen dutenek,  nagusiko euskaraz gehiago hitz egiteko egiten dutela,  eta hauei helburu hau lortzen laguntzeko bidelagun aritzen direnek berriz, euskararen normalizazioan modu aktiboan lagundu nahi izaten dutelako hartzen dutela parte. Bada ordea partekatzen duten arrazoirik ere; guztiek inguruan jende euskaldun gehiago izateko nahia adierazten dute eta baita Euskaraz bizitzeko aukerak handitzekoa ere. 

Gainera, inkestetan partaideei ekimenean jarraitzeko arrazoiagatik galdetzen zaienean gustura sentitzen direla adierazten dute guztiek, lagunak egiten dituztela eta beraien helburuak betetzen direla.

Halaber, hirugarren urtez  Gurasolaguna ere antolatuko da, Talaia, Ama Guadalupekoa eta San Jose ikastetxeen babesarekin. Gurasolaguna, espresuki gurasoei zuzenduriko mintzapraktika egitasmoa da, ikastetxeetako gurasoak biltzen dituen mintzalagunaren aldera. Haurrak direla eta, euren ordutegi edo zaintza beharretara egokitua. Antolatzen diren ekintzak ere gurasoei edo familiei zuzendurikoak izaten dira.
 Bai mintzalagunak eta baita gurasolagunak ere euskaraz aritzeko ohitura duten pertsonak, ohiturarik ez dutenekin elkartzen ditu 5-6 pertsonako taldeetan, euskaraz aritzeko astean ordu betez.

Herritar orok parte har dezake beraz Mintzalagunean: Euskaraz lasai eta lotsarik gabe hitz egin nahi duenak, Herria euskaldunago bihurtuko nahi duenak, beste guraso batzuekin euskaraz aritzeko gogoa duenak, besteei euskaraz bizitzen lagundu nahi dionak, ondo pasa nahi duenak,  etxeko eta familiako hizkuntza ohituretan eragin nahi duenak….. Baldintza bakarrak  euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko konpromisoa hartzea dira. 

Izen ematea zabalik urriaren 15a arte

Izena emandako guztien artean gehienez 5-6 pertsonako taldeak egingo ditugu,  euskara maila, elkartzeko ordu eta egunak eta zaletasunak  kontuan izanda. Gainera urtean zehar hainbat bisita eta tailer antolatzen dira eta mintzalagun guztiek elkartzeko aukera izago dute. Ekintza hauetako batzuek gainera ( urteroko sagardotegiko afaria, mintzalaguna) beste herri eta eskualde batzuetako mintzalagunekin batera burutzen dira parte hartzaileen arteko  harreman sareak are  gehiago zabaltzen direlarik.


Izen ematea hainbat bide erabiliz burutu ahalko da  urriaren 15a arte:
- Hondarribiko Udal Euskara Zerbitzura joz: Pampinot 12-14
- e-postaz: mintzalaguna@hondarribia.eus 
- internet bidez Udaleko webgunean edo https://labur.eus/hondarribia helbidean 

Jakinarazi azkenik aurrez aurre taldeetan biltzeko aukerarik ez dutenentzat badela mintzapraktika egiteko beste modu bat, Mintzanet.  On line euskara praktikatzeko aukera da eta internet bidez egiten dira saioak bikoteka. Kasu honetan izen ematea  http://www.mintzanet.net/sartu.php webgunean egin behar da.


Utzi iruzkina: