HIRI BARATZA TAILERRA GURASOLAGUNEK

Pasa den martxoaren 13an Hiri Baratza tailerra egin genuen Endanea Garden dendan, Gurasolagunen programaren baitan.
Haur eta gurasoen artean 19 parte-hartzaile izan ginen guztira, eta gure etxeetan baratzak antolatzeko eskura daitezkeen material anitzei buruzko informazioa jaso ondoren, horrelako baratzak sortu ahal izateko praktika burutu genuen zuzen-zuzenean!
Lehenengo urratsa, ureztatzen dugunean ura drainatu ahal izateko modua jarri behar da oinarrian, buztinezko bolatxoak erabiliz. Horren gainean, berriz, 2 motako lurrak jarri genituen, hezeak biak, baina bustita egon gabe. Azpiko geruzako lurra sendoagoa da, eta gainekoa arinagoa, ongarridun bolatxoekin. Eta, guztiaren gainetik, zizare-humusa, landareek behar beste elikagai izan dezaten. Haurrek primeran pasa zuten lur-motak ukitzen, nahasten, ontziak betetzen, batak bestea lurrez zikintzen…
Behin landareak kokatzeko oinarria sendo-sendo jarrita zegoela, landatzen hasi ginen. Lehenik, belar usaintsuak landatu genituen, dagoeneko hazita zeuden landaretxoak lekuz aldatuz: ezkaia, stevia, perrexila, garraiska… Eta, ondoren, barazkiak landatu genituen, kasu honetan garai-garaikoak diren letxuga mota ezberdinak.
Tailerrarekin bukatzeko, erraboilak nola landatu ikasi genuen, eta haur bakoitzak berea eraman ahal izan zuen etxera opari, potetxoan sartuta, 5 egunez behin ureztatzeko aginduarekin.
Behar bezala zainduz gero, tailerrean ikasitakoaren oroitzapen polita izango du bakoitzak bere etxean hilabete batzuetarako!