Euskararen kriseilua etxez-etxe ibiliko da Hondarribian apirila eta ekaina biratean.

mintzalaguna_hondarribia 1570640909283 Mintzalaguna Hondarribia | 2018-03-27 12:12
1

mintzalaguna_hondarribia 1522145807508

Pasa den astean aurkeztu zen Zuloaga Etxean  ‘Euskararen Kriseilua’. Euskara, elkarrekin zaindu, transmititu eta gure hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa egiteko gonbidapena. 

Euskararen Kriseiluak suaren argitasuna eta berotasuna dakarkigu, euskarak gure etxean duen tokiari buruz hausnartzeko une bat eskainiz. Euskara belaunez belaun transmititu dugun hizkuntza da, eta kate luze horretan kate-begi bakoitzak ezinbesteko funtzioa izan du gaur egunera iristeko. Etxeko txikiei berau transmititzeko ardura beraz, denona da. Etxeko hizkuntza ohiturek eta jarrerek sekulako eragina dute euskararen erabileran eta helduok eredu garela kontutan hartu behar dugu. 

Euskararen kriseilua etxez etxe doan sua da. Kriseilua etxez aldatu ahala euskararen garra piztuta izateko ardura partekatu nahi dugu. Horregatik, euskararen kriseilua etxean jasotzean bi gonbidapen egin nahi dizkizugu:

1.- Mantendu bizirik euskararen sua

2.- Bete galdetegia etxeko guztion artean, eta hartu euskararen inguruko konpromiso batzuk

Hizkuntzaren transmisioa ez da gramatika, hiztegi eta egitura erakustea bakarrik, jarrerak ere transmititzen dira eta horregatik, konpromisoak hartu ditzazuen proposatu nahi dizuegu. Ez bakarrik etxean euskaraz aritzeko gai zaretenoi, baita hizkuntza jakin ez arren, euskararekiko maitasuna eta atxikimendua adierazi eta hedatu dezakezuen guztioi ere.

 

“Bigarrenik, Kriseilua etxean duten egun horietan, etxekoen hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko tarte bat hartu eta elkarrekin ohitura horiek hobetzeko konpromisoak aukeratzea. hondarribia.kriseilua.eus webgunearen bidez egin ahal izango da hausnarketa hori, bertan proposatzen den galdetegia erantzunez”.  

Parte hartzeko interesa duten familiek, webgune berean topatuko dute izena emateko aukera.  Apirilaren 10ean amaituko da epea eta izen emate horren arabera antolatuko dira Kriseilua etxera eramateko txandak. 

Apirilean hasi eta ekainera arte ibiliko da etxez etxe Euskararen Kriseilua. Aste betez izango dute familiek etxean, eta ondoren beste familia batek hartuko du lekukoa. Amaieran, denon parte hartzea eskertu eta hartutako konpromisoak ospatzeko jai bat egingo da.


Utzi iruzkina: