ABDENDUAREN 1EAN IZANGO DA SAREUSKAK ANTOLATURIKO MINTZODROMOA
Gaur goizean aurkeztu da Berako Beralandeta aretoan abenduaren 1ean egingo den Mintzodromoa.
Aurtengoa laugarren edizioa izango da eta Euskararen Nazioarteko egunaren bueltan Lesakako Harriondoa Kultur Etxean egingo da goizeko 10:00etan hasi eta 12:30ak bitartean. Komunikatzeko maila nahikoa duen edonork parte har dezake Mintzodromoan, doakoa da eta Hondarribiatik Lesakara joateko autobus zerbitzua egongo da.
SAREUSKA euskararen sareak antolaturiko ekimena da. Sareuska 2014ko irailaren 19an sortu zuten Hego Lapurdiko Hiriguneak (orain Euskal Elkargoko Hego Lapurdi lurralde eremua denak), Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Bidaso Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak Bidasoaz bi aldeetako eskualdeetan euskararen erabilera bultzatzeko eta dinamizatzeko helburuarekin.
Eta hauxe da Mintzodromoaren helburua, euskaraz mintzatzeko aukera bat gehiago eskaintzea, batez ere euskara ikasten ari direnei, praktikarako jauzia egin dezaten. Baina era berean euskaldunen arteko harreman sareak ehuntzea ere bilatzen da ekimenarekin. Izan ere, Mintzodromoan parte hartu ondotik, bertan egindako lagun berriekin, euskaraz erlazionatzeko joera biderkatu baitaiteke.
Bertaratutakoek, tokian tokiko zein egunerokotasuneko gaien inguruan mintzatuko dira mahai baten bueltan lauko taldetxoetan eta giro xamur eta lagunartekoan. Hiru gai ezberdin proposatuko dira 15 minutuz mintzagai gisa eta hizketalditxo hauetariko bakoitza, lagun talde ezberdinarekin eginen dute. Ekimenaren dinamizazioaz Joseba Olagarai ETBko kazetaria arduratuko da. Eta euskal kulturako pertsonaia ezagunek parte hartuko dute ekimenean: Joseba Irazoki musikaria, Mikel Taberna idazlea, eta Julen Zelaieta eta Eneko Fernadez bertsolariak bertzeak bertze.
Ekimenean parte hartzeko aurrez izena eman behar da azaroaren mintzalaguna@hondarribia.eus helbidera mezu bat bidaliz edo 943 11 12 24 telefonora deituz.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: