URDAZUBI-AMAIUR. 2011ko martxoak 26

mendibilaurrera 1456945737964 Mendibil Mendi Taldea | 2011-03-28 22:57

mendibilaurrera 1470397532217

Oraingo honetan Baztan inguruan izan ginen. Urdazubin dagoen San Salvador monastegiaren paretik atera  (100m), Ugarana erreka gurutzatu eta zubitik Done Jakuen bide zaharra jarraitu genuen. Goizeko giro eguzkitsuarekin, poliki-poliki Otsondoko gainara iritsi ginen (580m). Hemendik piramide baten irudikoa ikusten da Alkurruntz mendia. Otsondotik gertu dagoen Lizarmeakako lepoan (548m) hamaiketakoa egin ondoren hasi ginen Alkurruntzera igotzeko ahaleginetan. Artzubietako zutarrietara iritsi ginenean, mendia mendebaldetik inguratuz Zuetako lepo zabalera ailegatu ginen (809m). Eguraldia sargori eta begibistan gero eta ugariagoa zen sute ezberdinen kea arrastoak ikusi genituen. Hemendik tontorreraino, gotorleku zaharren ondotik azkeneko malda besterik ez zen falta (934m). Gailurreko ohiko argazkia atera eta bertatik ikusten zen "panoramikaz" gozatu ondoren, Amaiur aldera jeisten hasi ginen, Betarteko Haitzen azpitik, iada erdi galduta dauden bideetatik barna. Atzean utzi genituen garai bateko lekuko izan ziren eroritako zenbait borda. Han, Mendialde parean errepidea gurutzatuz eta Araneko erreka pasata, azken pausoak eman genituen Amaiurreko bidean (300m). Amaiurko gazteluaren oroitarriari bisita bat eginez bukatu genuen paraje eder hauetan egindako ibilaldia.

_______________________________________________________________________________________

 Hona hemen argazkiak:



Ibilaldi honen track-a