IRUNBERRI- ARANGOITI- LEIRE. 2011ko apirilak 30

mendibilaurrera 1456945737964 Mendibil Mendi Taldea | 2011-05-02 19:22

mendibilaurrera 1470397844904

Leireko mendizerratik zeharkaldi polita egin genuen: Irunberrin hasi, tartean Arangoiti mendia igo eta Leireko monastegian bukatu. Era askotako landare eta zuhaitzak ikus daitezke ibilbide honetan; pinua eta ezpela batez ere hasieran eta haritza, pagoa eta artea azkeneko zatian.

Esan bezala Irunberritik (466m) hasi ginen eta poliki-poliki altuera hartuz eguzkia berotzen hasi zenean, Ibarrako putzuko pasabidera iritsi ginen (921m). Hemen aurpegian ageri ziren lehen izerdiak kenduz, trago bat ur hartu eta pista zabaletik aurrera jarraitu genuen. Bapatean, bideak ezkerrerantz egiten du eta malda luze baten ostean El Carasol deritzaioten gailurretara iritsi ginen (1100m). Hemendik gainez-gain Arangoitiraino eraman genituen gure pausoak (1355m), mendizerrako punturik garaienera, alegia. Tontorreko antenek mendia itsusten dute, baina hemendik bista ederrak daude:

-Iparralderantz, Zaraitzu errekak egindako lanaren ondorioa den Arbaiungo arroila ikus daiteke eta urrutira Pirinioak.

-Hegoalderantz berriz, Iesako urtegia, Berdungo kanala...

Hamaiketakoa egin ondoren, Leire aldera abiatu ginen. Paisaia erabat aldatzen da orduan eta jeitsi behar genuen zatia malkartsua zen benetan. Jeitsieran Leireko monolitoa  ikusgarri gertatzen da, baita basoko itzalaren iluntasuna.

Belaunak kexatzen ari zirenean iritsi ginen Nafarroan zaharrenetakoa den Leireko San Salvador monastegira (771m), hau IX. mendean jada aipatua izan zen. Autobuseko txoferra zain zegoen dagoeneko. Atseden pixko bat hartu, garagardo batez gozatu, monastegi ingurua ikusi eta etxera.

____________________________________________________________________________________

Hona hemen argazkiak: