BARDEAK. 2010eko azaroak 6
Harritzekoa bada ere, Leitzatik eguraldi ona egiten zuela eta, atera ginen Nafarroako alde honetara. Bidean ere horrela jarraitu genuen, baina Bardeetako parajetara iristerakoan behe-lainoak bildu gintuen eta ia amaiera arte berarekin batera egin genuen ibilbidea. Tenperaturak behera egin zuen nabarmen.
Aspaldikoa den Cabaña Aguirre (290m) deritzan etxolara goizeko 9:00ak aldera iritsi ginen. Gure harridurarako zenbait tokitan ura ikus zitekeen errekastoetan.
Handik Corral de la Blanca-ra joan ginen eta bidean zehar lautada zabalak igaro genituen, Vedado de Eguaras parajean, lehen aipatu bezala; lainopean.
Peñafloreko gazteluaren arrastoak ikus zitezkeen (395m) gure aurrean gorantz begiratuz gero. Hari ingurutik itzulia eman ondoren, La Estroza izeneko goiko lautadarantz zuzendu genuen gure martxa. Tarteka txirrindulariak ikusten genituen aldapa haietan, batzuk mingaina kanpoan zutela.
Dena den, zekaletako lur haietan bat-batean gure nahiari erantzunen balioten moduan hots zaratatsuak entzun genituen alde batean; basurde taldea zen. Zuzenetik ikusi ahal izan genituen; ederra, besterik ez.
Hala ere, handik 200 bat metrora ikusgarri gertatu zen putreen taldea atseden hartuta arkaitz handiaren ertzean, berrogei bat bazeuden. Azkenean eta oharkabean, goiko aldean, Punta de la Estroza (462m) deitzen den mendi gainarekin egin genuen topo.
Beherantz, aspalditik urak landutako harrien artetik jaitsi ginen. Handik aurrera, gozamena berriro ere, Barranco Grande izeneko erreka zulo handitik aurrerantz egin genuen denbora luzez. Amaieran zabalgunea eta gure azpian, loia nahikoa. Erreka bideari jarraituz eta bidean gertatzen ziren itxura gozagarri zuten harrien arteko pasabideak segituz, hasierako abiapuntura iritsi ginen.
Ondorengoak, badakizue; bokata, tragoren bat eta aurretik igarotakoa behin baino gehiagotan gure ahotan.
_______________________________________________________________________________________________
Hona hemen argazkiak: