ARTIKUTZA. 2010eko martxoak 27
Aurten egin dugun lehenengo irteera izan da. Bertara hamahiru lagun hurbildu ginen, eta ederki pasatu gainera. Leitzetik goizeko 7:30etan irten ginen eta Goizuetako herria igaro ondoren harrobien aldeko bidea hartu genuen (Arriurdineta 565m). Goian, eta euri ttantten artean aurrerantz egin genuen gainez gain (Meatxarreta 675m, Altueta 655m).
Haize ufada handiak izan genituen lagun. Lepakara iritsita beherantz egin genuen, Elama aldera, alegia. Pagoak eta haritzak besteak beste genituen zutik eta ondoan, bidean zehar. Behean, ondoren hartuko genuen Elamako bidearekin topo egin genuen eta Artikutzako lakua ikusi ondoren herrian sartu ginen, edertasunean murgildurik hamaiketakoa egin asmoz.
Egun, herrian bederatzi lagun besterik ez da bizi, baina duela urte batzuk ehun biztanle izatera iritsi ziren. Bertako baten azalpenak entzun ondoren, agurtu eta erreka bazterreko bideari jarraituz itzulerari ekin genion. Zelai samarra hasieran eta azkenerako malda. Dena den, berehala igaro zen bueltarako bidea eta ohartu orduko harrobi aldean ginen berriz ere. Han argazkia atera eta azken metroak osatu genituen autoak aurkitzen ziren aparkaleku bitartean. Botak kendu, ibilgailuetan sartu eta sari moduan Goizuetako plazan dagoen ostatuan tragoxka hartu genuen, hurrengo irteera nora eta noiz izanen den komentatuz. Hurrengoa arte beraz,...
Hona hemen argazkiak: