Lizarran, arrazoiak jolas bihurtuz maiatzak 15 denok Iruñara
Arrazoiak jolas bihurtuz maiatzak 15 denok Iruñara
Astearte honetan, maiatzak 11, Lizarrako euskaltegiko ikasle-irakasleok
Santiago plazara ateratzea erabaki genuen. Larunbateko manifestazioa
dela eta bertan parte hartzeko hainbat arrazoi jolas bihurtu genituen.
Han bildu ginen Lizarra, Bilatorta, Oteitza, Arandigoien, Allo, Zabal eta Abaigarko 22 bizilagun, Lizarraldeko ordezkaritza zabala. Hizkuntza eremu ezberdinetan bizi garen lagunak, funtsezko eskubide ezberdinak ditugun lagunak.
Leihaketa bat egitea erabaki genuen, horretarako ikasleak hiru taldetan banatu ziren. Ikasle bakoitzari Nafarroako herri bat egokitu zitzaion eta herri horri zegokion hizkuntza eremuaren arabera sailkatu behar izan zuen bere burua: eremu euskalduna, mistoa eta erdalduna.
Taldeak egin ostean, txapelketa bera hasi genuen. Aurreneko proban Nafarroako zenbait herriren euskaldun kopuruaren ehunekoak eman genizkien eta haiek ehunekoak eta herria lotu behar izan zituzten. Talde guztiek herri berak zituzten baina urte ezberdinetako datuokin. Horrela jolas amaieran ikusi ahal izan genuen herri horietako euskal biztanleritzaren garapena azken hamarkadetan.
Horren ostean galdera txanda hasi genuen, Nafarroan ematen diren egoera “bitxi”-en inguruan. Esaterako, ba al zenekiten PPk eta UPNk antolatutako “Fuero y libertad” manifestazioan Nafarroako Gobernuak gastatutako dirua eta AEK euskaltegi guztiek 2009an urte osorako jaso zuten diru laguntza kopuru bera direla?
Jarraian proba berriari ekin genion. 1986an, euskararen legea egin zutenean, herriak eremuka sailkatzeko herrietan euskarak zuen presentziaren arabera egin zuten. Orduan erabili ziren parametroen arabera eremu euskaldunean sartu ziren %20tik gorako presentzia zuten udalerriek, eremu mistoan %5etik gorakoa eta besteak eremu erdaldunean. Baina jakina denez nafar gizartearen lanari esker 24 urte hauetan euskararen presentzia nabarmen handitu egin da eta 1986ko legerako erabilitako argudio berak orain aplikatuz mapa berriak osatu genituen. Eskualde anitz eremu euskaldunean sartuko lirateke (Lizarra eta Ameskoa-Allin kasu) eta beste asko eremu mistoan (Lizarraldeko zatirik handiena). Proba honetan 7 ezberdintasun topatu behar zituzten taldeek bi mapen artean: errealitate legalak dioena (1986ko errealitatea) eta giza errealitateak dioena.
Azkenik, Lizarran euskaraz non egin daitekeen landu genuen, zein tabernatan, zein dendatan… ahalik eta izen gehien bildu behar zituzten taldeek. Bukatzeko, maiatzaren 15eko manifestaziora joateko arrazoiak zerrendatu zituzten ikasleek.
Ekintza polita izan zen, nahiz eta euskararen etsaien argudioak hartu genituen, haien legea, haien parametroak, ozen aldarrikatu genuen eremuen sailkapena patraña bat besterik ez zela. Ez dauka zentzurik Tuterako batek eta Baztango batek eskubide ezberdinak izatea. Inork ez du zalantzan ipintzen nafar guztiok eskubide berak izan behar ditugula, osasuna kasu. Orduan zergatik ezin dugu euskaraz ikasi? zergatik ezin gatzaizkio zuzendu administrazioari euskaraz? zergatik ezin gara euskaraz bizi? Zergatik ez Nafarroako hainbat eta hainbat tokitan? Horregatik, han geundenok euskaratik eta euskaraz aldarrikatu genuen: bai euskarari!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: