Larunbateko manifestazioari begira egindako kanpainaren balorazio positiboa egin du Kontseiluak


Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak maiatzaren 15ean ‘Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea’ lelopean egingo duen manifestazioari begira egindako kanpainaren balorazio positiboa egin du. Prentsaurrekoa egin du Kontseiluak Iruñean. Bertan, kontseilua osatzen duten bazkideen ordezkariek parte hartu dute, Kontseiluko ildo politiko instituzionaleko arduradun Iñaki Lasarekin batera.

Iñaki Lasak, Kontseiluko ildo politiko instituzionaleko arduradunak eta kanpainako koordinatzaileak azaldu duenez, “mezua herritarrei zuzendu diegu eta harrera paregabea izan dugu herritarren aldetik. Ikusi ahal izan dugu herri askotan herritarrek beraiek egin dituztela ekintzak manifestazioa sustatzeko. Herritarrek auto-antolatzen jakin dute irudimenez eta gogoz eta inoiz ez bezalako kanpaina ezagutu dugu. Batzuk aupatzearren, hainbat eskualdetan euskalgintza osoaren agerraldiak egin dira: Baztan, Sakana, Erribera, Lizarra, Zizur Nagusia, kasu. Ikastetxe askotan ere dinamika desberdinak abiatu dituzte. Nafarroa osoa mobilizatu da ekimen desberdinen bidez. Mahai-inguruak egin dira (Berriozar), Hitzaldiak eman (Lizarra), bizifestazioak (Alde Zaharra; Berriozar), manifestazioaren aldeko poteoak eta kalejirak… Baztango Udalak, adibidez, manifestazioaren aldeko mozioa onartu du.

“Kanpainan argitaratutako euskarri guzti guztiak izan dira banatuak eta erabiliak. Kasu askotan herritarrek beraiek egin dituzte euskarri berriak leku guztietara iristeko. Blog honek  arrakasta handia izan du, milaka bisita izan ditu eta ia 25.000 aldiz ireki da”. Kanpainarako sortutako spotari erreferentzia zuzena egin dio Lasak, “bereziki aipagarria iruditzen zaigu kanpainako spotak izan duen arrakasta, gaur egun 30 webgune baino gehiagotan dago kokatua”, adierazi du Lasak. Atxikimendu ugari ere jaso ditu deialdiak. Blogaren bitartez zein herrietan bildutakoen artean 4.000tik gora izan dira.

 

Kontseiluko kideak eskerrak ere eman ditu agerraldian. Alde batetik, herriz herri antolaketan ibili diren herritarrei eta baita euskalgintzako lankideei ere. Bestetik, irudi lanak ezer kobratu gabe egin dituen “Horixe” irudi enpresari; Bideoaren grabazioan eta edizioan ezer kobratu gabe lan egin duten Pitu, Luis eta DJ Bulli. Hedabideentzat ere esker oneko hitzak izan ditu Lasak. “Kontseiluaren izenean, ezer kobratu gabe edo tarifa txiki batzuk eskainiz espazioa eskaini diguten hedabide guztiei eskerrak eman nahi dizkizuegu”.

 

Manifestazioaren ezaugarrien inguruan ere hitz egin du Lasak. “Euskaraz bizi nahi dugula esatera goaz, Nafarroan euskaraz bizitzea eskubidezkoa dela esatera goaz, harrotasunez eta alai egingo dugu”. Azken horri lotuta, parte hartuko duten animazio taldeen berri ere eman du. Parte hartuko dutela baieztatu dute hainbat animazio taldek, Jarauta 69, Batukadak, gaita eta trikitrixa joleak… “Beraz, familiak oso osorik etortzeko moduko manifestazioa izatea nahi dugu. Bestetik, Iruñean, herritarrak auzoz auzo antolatzen ari dira elkarrekin igotzeko eta bereziki interesgarria iruditzen zaigu aukera hau errebindikazioa Iruñea osoan zehar hedatzeko”, azaldu du Lasak.

 

Herritarrei deialdi bat ere luzatu die Kontseiluko ordezkariak: “Euskaraz bizi nahi dugula adieraztera dei egiten diegu herritarrei. Kontseiluak dei egiten die herritarrei euskaraz bizitzeko nahia kartel bitartez adierazteko spotean ikusten den gisan. Horretarako ehunka kartel banatuko dira parte hartzaileen artean, gure nahiaren inguruan dudarik ez izateko”.

 

Jendea Iruñera autobusez joateko deia ere egin du Kontseiluak. Horri lotuta, hainbat herrietan manifestaziora joateko autobusak antolatu ditu euskalgintzak; besteak beste, Erribera, Sakana, Lizarra, San Adrian, Tafalla eta Baztanen. Bestetik, auto-ilarak egingo dituzte hainbat lekutan  manifestaziora elkarrekin joateko: Zaraitzu, Erronkari, Izarbeibar, Aezkoa… Horretaz gain, AEK karpatik (egun osoko bestaren barruan) Kalejira erraldoi eta ikusgarria abiatuko da manifestazioaren hasierara; manifestazioa bukatu bezain laster, kalejira bestara itzultzeko. Manifestazioa Golem zinemetatik abiatuko da arratsaldeko 18:00etan.


Utzi iruzkina: