Inma Errearen iritzi artikulua
Hodei
beltza
Ez
dakit mito urbanoa den, baina kontatu didaten bezala kontatuko dut.
Iruñeak hodei moduko bat dauka
gainean, energia ilunez egina, eta horrek nafar hiriburuko bizi-giroa
gris-grisa bilakatzen du, astuna, aspergarria, eramateko gaitza. Talde esoteriko
bat omen dago, bestalde, ez dakit zer klasetakoa, eta hori, aldian-aldian,
Iruñetik ez oso urrun dagoen mendi ezagun batean biltzen omen da, Iruñea
harrapaturik duen zorigaiztoko hodei hori arintzeko esperantzan.
Kontakizun sinbolikoa dirudi, eta
nago hodeia Iruñeko mugetatik harago hedatzen dela, Nafarroa osora seguru,
hortik kanpora ere, apika.
Ez dakit zer egiten duen talde
esoteriko horrek hodeia uxatzeko, baina ez dirudi, oraingoz, gauza handirik
lortu duenik. Horrek, alabaina, ez du zertan izan beti horrela: egun batez
lortuko dute, agian, iruindarrok (nafarrok, euskal herritarrok orok...)
eguzkiaren eta ilargiaren argiaz gozatu ahal izatea, inongo energia txarreko
hodei-txapeletatik libro...
Kontua euskararen inguruko aferei
ere aplika dakieke. Hodei ilunik izan edo ez, euskaldunok sorgin-zulo batean
murgilduta bizi gara aspaldi-aspaldidanik. Nafarroan, eta ez soilik hemen,
sorgin-zuloa gero eta zuloago bilakatu zaigu, gero eta sakonagoa da, eta gero
eta arazo gehiago dugu bertatik ateratzeko. Sator bihurturik ibiltzen gara,
irtenbide bat ikusi ezinik, eta, azti petral batzuen sorginkeria medio, gu geu
ikusezin.
Badakizue txiste hura: bi
euskaldunek New Yorkeko karrika batean elkarrekin topo egin omen zuten, elkarri
“iepa” esan zioten eta zeinek bere bideari segitu omen zion. Nafarroako edozein
herritako karriketan, eta are gehiago Iruñekoetan, bi euskaldunek topo egiten
dutenean, ordea, elkarri agurtzen diote lehenik, eta gero, ohikoaz hasten dira
mintzatzen. Ez, ez da eguraldiaz, ezta norbere familiaz ere: euskaldun gisa
pairatzen duten egoera hartzen dute hizpide, eta maiz depresioaren maldan
behera amiltzen dira.
Ematen du kexatzeaz gain ezer
eraginkorrik egiteko ezinean bizi garela. Eta bai, egia da, zaila da asmatzea
hodei ilun horren pean zerbait positibo egiten. Ez da erraza, irudimenari jo
eta su eraginda ere, irtenbide benetan baliozkoa aurkitzea. Eta badakizue zer
esaten den: zerbait konpondu nahi ez duzunean, batzorde bat sortu. Gure kasuan,
ordea, esapidea bestelakoa da: zerbaiti aurre egiten ez dakizunean,
manifestazio batera deitu!
Berriro ere, manifa bat eginen dugu
hilaren 15ean. Eta bai, ni ere beldur naiz ez ote den izanen gure ezinaren
aurrean irtenbide errazena. Baina, bestetik, Axularrek jasotako esamolde
harekin oroitu naiz, badakizue, “dabilen harriak, goroldiorik ez” dioen
horrekin, eta nahiz eta goroldioa maite (ingelesek beste esanahi bat ematen
diote esamolde berari, erabat kontrakoa), kasu honetan uste dut komeni zaigula
goroldiorik biltzeari utzi eta dabiltzan harriak bilakatzea, egun batez,
behinik behin, oinak mugitu eta Iruñeko karriketako harlauzak eta asfaltoa
zapaltzea, eztarriak berotu eta, aspaldiko adiskideei “iepa” esateaz gain, edo
haiekin egoeraren kezkagarriaz mintzatu ordez, leloak eta doinuak kantari ibiltzea,
eta, agian, familiaz galdetzea, edo etorkizuneko planekin amestea.
Ez da gauza handirik izanen, baina,
talde esoterikokoek nola, zerbait eginen dugu elkarrekin. Horiek bezala, egun
batez sorginkeria desegin eta agian normal bizitzea lortuko dugun esperantzan,
euskaraz bizitzea, normal.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: