Euskaraz bizi nahi dut

Bizi nahi dut, euskaraz bizi, ez dakit bestela bizitzen eta ezin dut, hala ere, horrela bizi. Hemen bizi nahi dut, hemen ditu sustraiak euskarak, hemen ditut nik ere. Ez naiz bakarra, nahi hori duena, baina, bakarra banintz ere, bizi nahiko nuke, euskaraz bizi, nola bestela? Euskaraz bizi nahi dut, ez noizbait, aukeraren bat aurkezten denean hori baliatu, ez dut tarteka une eta leku jakinetan euskara erabili nahi, bizi nahi dut, euskaraz bizi nahi dut.

Urte askotan, urte gehiegitan, euskaraz bizitzeko aukera zapuztea eta gure hizkuntza desagerraraztea helburu izan duen hizkuntza-politikak gure askatasuna baldintzatu du, gure etxean arrotz sentitu arte baldintzatu du. Eraztunak, aginduak, debekuak, mespretxuak lege izan diren eta diren honetan, kosta egiten da burua altxatzea baina, jada ez gara isiltzen: euskaraz bizi nahi dugu eta gau eta egun lan egingo dugu helburu hori lortu arte.

Bizi diogu, hitzaren adierarik zabalenean. Hau da, euskaraz lan egin nahi dugu, erosi, zinea ikusi, kirola egin, medikuarengana joan, euskaraz ikasi nahi dugu, jolastu, kantatu, irakurri eta interneten trasteatu, euskaraz irakurri nahi ditugu kaleetako iragarkiak eta postontzietara iristen direnak eta produktuetako etiketak, euskaraz entzun nahi dugu irratia eta telebista ikusi. Euskaraz altxatu nahi dugu eta euskaraz oheratu, eskubidezkoa da, justiziazkoa eta gure nahia da, bai horixe! Baina, euskaraz bizi ahal izateko, urteetako zapalkuntzari bukaera emango dion hiru zutabedun normalizazio prozesu eragingarri bat eraiki behar dugu. Hizkuntza-politika egokia behar dugu, gizarte espazioak euskaldundu behar dira eta ezagutzaren unibertsalizaziora jo behar dugu.

Hizkuntza bat ezin da normalizatu herri mugimenduaren ahalegin soilaz eta era berean, ez da inoiz hizkuntza bat normalizatuko instituzioen ahalegin hutsarengatik. Beraz, ezinbestekoa da herritarrek sortzen duten sua instituzioen egurrak elikatzea. Herri gogoa, herriaren bizi indarra da sua eta baliabideak, hizkuntza-politika eta arkitektura juridikoa dira instituzioen egurra. Gaur egun, Nafarroan, bizirik dago euskararen aldeko herri gogoa, maiatzaren 15ean garbi ikusiko den zerbait izango da, ez dugu dudarik. Nafar Gobernuaren lana, ordea, suhiltzaile lana da, hamaika ahalegin egiten ari da sua itzaltzeko eta horretarako bere esku dauden baliabideak erabiltzen ditu: Euskara ez da ofiziala lurralde osoan, Nafarroako hegoaldean Hezkuntza Sistema Publikoan euskaraz ikastea debekatua da, Administrazioa euskalduntzeko planik ez dago, gizarte alor desberdinetan euskarak bere lekua irabaz dezan politikarik ez dago, kontrakoa esango genuke, euskara ikusezin bihurtzeko ahaleginetan ari dira, ingelesa eta euskararen arteko gezurrezko konfrontazioa bilatzen dute gurasoak aukeratzera behartuz, biak eskuragarriak direla ezkutatuz. Urte hauetan neke handiz eraiki ditugun proiektuak eraisteko lanean ari dira baliabideak ukatuz eta jabego publikoa duten hedabideetan euskarak islarik izan ez dezan politika zorrotza dute. Hau da, euskara normalizatzea ahalbidetuko luketen neurriak hartu beharrean, horien kontrakoak dituzte indarrean. Euskararen normalizazioa baldintzatzera datorren erabateko ofentsiba da Nafar Gobernuarena.

Euskara normalizatzeko, ordea, beste hizkuntza-politika bat behar dugu, helburu eta epe zehatzak dituena, ikuspegi osokoa, baliabidez ongi hornitua, Administrazio Nagusitik Toki Administrazioraino ongi koordinatua baita Euskalgintzarekin ere koordinatua, erabilera soziala helburu duen politika behar dugu, hizkuntza-eskubideen bermea ekarriko duena, horixe suak behar duen egurra.

Urte askotan pentsatu da pertsonak euskaldunduz normalizatuko zela euskara. Nahikoa izango zela belaunaldi berrien euskalduntzearekin “arian-arian” gizartea euskalduntzeko. Uste horrek hizkuntza-politika desorekatu egin du. Pertsonak euskalduntzearekin batera gizarte espazioak ere euskaldundu behar dira erabilerarako jauzia eman ahal izateko eta hori ez da egin, ez behintzat behar zen erritmo eta intentsitatez. Ondorioz, euskara ikastea lortzen duten horiek erabiltzeko dituzten aukerak urriak dira, urriegiak. Dudarik gabe, hizkuntza-politika desegoki baten ondorioa da hori, Nafarroan gizarte espazioen euskalduntzea guztiz azpigaratua dagoen zeregina da. Hala ere, badugu alde positibo bat, izan ere, pauso bat harago emateko, gizarte eragileen inplikazioa determinantea da eta beraz, euskararen normalizazioaren kontrako indarren nahiaren gainetik jorra daitekeen lana da. Asko eta asko da gizarte eragileek iniziatiba propioz egin dezaketena eta bide horretan zer irabazi asko dugu.

Ezagutzaren unibertsalizaziorako pauso sendoak eman behar dira euskara normalizatzeko eta zeregin horretan belaunaldi berriek zeregin garrantzitsua jokatzen dute, dudarik gabe, baina baita helduek ere, horregatik da estrategikoa helduen euskalduntzea. Euskaldun berri bakoitza ekarpen bat da, euskaraz bizi nahi duen pertsona bakoitzarekin eraikitzen da normalizazioa eta horiek jasoko dituen gizarte espazio euskalduna, haziari garapena ahalbidetzen dion lur gozoa da.

Gure historia hurbilari begiratzen badiogu garbi ikusiko dugu inoiz ez digutela ezer oparitu. Proiektu interesgarriak eraikitzen jakin dugu eta horiek dira, gaur egun, euskararen normalizazioaren bidean ditugun aktiborik garrantzitsuenak. Etorkizuna, beraz, hortik pasatzen da, batu gaitezen, eraiki dezagun eta goazen aurrera, pauso bat harago. Pentsa dezagun libre, pentsa dezagun euskaraz bizi nahi dugula, izan ere, pentsamenduek sortzen dituzte aldaketa sozialak. Euskaraz bizi nahi dugula pentsatzeak eta horren arabera jokatzeak sortzen ditu aldaketarako baldintzak. Maiatzaren 15ean, Iruñeko kaleetan, pauso bat harago.

                                                                                    Iñaki Lasa
               Kontseiluaren ildo politiko-instituzionaleko arduraduna da


Utzi iruzkina: