Nepalgo nekazari komunistekin hizketan
Uztailaren 6a zen, eta Bhaktapur herriko taberna batean wifia lortu genuen sanferminetako txupinazoa ikusteko. Ez omen zen garaia Nepalen egoteko, sanferminak Iruñean eta montzoi garaiaren hasiera Nepalen. Trekking denboralditik kanpo ginen, turista ia bakarrak.
Urtebete eta zerbait gehiago zen 2015eko apirilaren 25eko lurrikara hark herrialdearen zati handi bat suntsitu zuenetik. Katmandu, Bhaktapur eta beste zenbait hiri historiko berreraikitzen ari ziren, baina sarraskia ikusgarria zen oraindik, herriak osorik suntsituta.
Montzoi garaitik kanpo izan zen lurrikara, turistaz beteriko trekking denboraldian. Horregatik hitz egin zen hainbeste, agian. Baina arriskutsuak benetan montzoi garaiak izaten dira: uholdeak, lur mugimenduak, eraikin eta errepideak erortzea... horrela iraun dute bizirik urtez urte Nepalgo herriek.
Biziraun baino gehiago, duintasunez bizitzeko helburuz armak hartu zituen herriak 1996an, Maoren irakaspenetatik abiatuta. Eta gu, mendizaleok, zortzimilakoen konkistaz liluraturik bizi ginen bitartean, gure bizkarrean XXI. Mendeko iraultzarik handiena ematen ari zen.
2006an Katmandu hartu eta urte luzeetako erregimen monarkikoarekin amaitu zuten Nepalgo Prachanda buruzagiak gidatutako gerrilla komunistak eta herri mugimenduek. Eta garrantzitsua da gogoan hartzea, gaur egungo Nepal honek duela oso gutxi utzi dituela atzean sistema feudala eta britainiar kolonialismoa, oraindik ere oso presente dituztenak. Egun, Britaniar armadak Nirmal Purja bezalako Gurkhak ditu bere dibisioen artean. Horretarako erabili zuen Nepal Britainiar inperioak, besteak beste.
Nepal montzoi garaian ezagutzeak mendietako paisaiak itxi, baina herritarren ateak zabaltzen dizkizu. Eta argazkiaren eta esperientziaren artean, bigarrenarekin geratzen naiz. Brasilen Dhiraj (Dhir lagunentzat), Kausika eta Swastika ezagutu nituen, Nepal Osoko Nekazarien Federazioko (All Nepal Peasants’ Federation, http://www.anpfa.org.np) ordezkariak. Eta Katmandun haien zein Nepalgo Alderdi Komunista-Marxista-Leninista Batuko (http://www.cpnuml.org) buruzagiekin konbertsatzeko aukera izan genuen (2018an Nepalgo bi alderdi komunista handienak, maoista eta marxista-leninista, batu ziren eta hauteskunde guztietan gehiengo absolutua lortu zuen Nepalgo Alderdi Komunista berriak)
Eta orduan ulertu genuen Nepal. Eta baita himalayismoa ere. Azkenaldian ohitura bihurtu da nepaldarrek egin dituzten gauza asko kritikatzea: Nirmal Purja alpinistaren estiloari kritikak, Gobernuak ematen dituen eta ematen ez dituen igoera baimenen ingurukoak, Annapurna osoa inguratuko dituzten ibilgailuentzako pisten ingurukoak, ibaiak energia hidraulikoa lortzeko erabiltzearen ingurukoak (Kali Gandaki ibaian orain)...
“Mendiak ez dira inorenak eta lekuz kanpo dago Kuwaiteko banderarik jartzea Ama Dablameko tontorrean” zioten askok bandera erraldoiak sortutako polemikarekin lotuta. Eztabaidagarria da inorenak ez ote diren edo kolektiboak diren, baina ziurra den gauza bakarra da mendia ez dela Nepalera mendia kontsumitzera goazen turistona, eta norbaitek egitekotan nepaldarrek hartu beharko dituztela bertako mendien inguruko erabakiak.
Ingelesez ez zekiten nepaldarrekin hitz egitea saihestu duen jende asko ikusi dut, konbertsazio horrek esfortzua eskatzen duelako. Baina bertakoekin hitz eginda konturatuko gara postaletatik ezin direla bizi Nepalgo herriak, ezta turismoaren ekarpenetatik ere, dependentzia sortuz gero; edozein momentuan dena pikutara joan daitekeelako, Langtang bailaran gertatu bezala. Bertan herri baten gainetik ibili ginen, literalki. Lurrikarak eraginda herria estalitako harrien gainetik. Turismoaren irabaziak amaitu ziren bailara horrentzat, eta beraz, krisialdi gogorra. Horregatik da garrantzitsua han eta hemen, herriak modu jasangarrian garatzea, horretarako errepideak eta kamioiak, elektrizitate kableak eta telefono antenak behar badituzte ere, gure postala edo instagrameko argazkia izorratuz.
Baina Pablo Batalla kazetariak “La virtud en la montaña. Vindicación de un alpinismo lento, ilustrado y anticapitalista” liburuan esaten duen bezala, “este alpinismo no busca conocer, sino que lo conozcan”.
Langtangeko Khangjim herri suntsituan afaltzeko eta lotarako leku bat utzi zigun haien etxea eta turistentzako aterpea berreraikitzen ari zen familia batek. Bailararen beste aldeko Tatopani herria seinalatu zigun agureak. “Ur bero” esan nahi du Tatopani hitz konposatuak gizon hark hitz egiten zuen Tamang hizkuntzan, Nepalgo 123 hizkuntzetatik bat. Bada, herri hartako ur beroko termek turistak erakartzen zituzten, baina lurraren mugimenduak ura desbideratu eta termarik gabe utzi zuen herria, ondorioz turista gabe, eta bertakoak bizitzeko zailtasun askorekin. Hori eta beste hamaika kontu ulertu genizkion Tamang hizkuntza sino-tibetarrean eta gure euskara batuan izandako konbertsazioan. (Bide batez, Europan hizkuntzaren egitura ezberdinena duen hizkuntza da euskara, baina Tamang hizkuntzarekin konpartitzen du Subjektu-Objektu-Aditza hitz ordena. Beraz, euskaldun batendako errazago ote Tamang hizkuntza ulertzea?)
Sozialismoaren bidean dago Nepal; hala jartzen du konstituzio berrian, eta bertakoei hori posible izango ote zen galdetuta, tinko erantzuten zuten baietz, historian lehenengo aldiz bere herrialdeaz harro. Eta herri bat bereaz harro egotea ezinbestekoa da lorpen handiak izateko. Are gehiago harrotasun nazionala (edo argi esan dezagun, nazionalismoa) antiinperialismoan, aniztasun etniko eta linguistikoan, beren baliabide naturaletan, kulturan, eta balio sozialistetan oinarritzen bada. Ez beste nazionalismo batzuk bezala...
Azkenik, eta urte luzeetako borrokaren ostean, nepaldarrena da Nepal. Eta ematen du askok ez dutela onartu nahi.
Visit Nepal 2020 kanpaina hasi da, eta 2 miloi turista inguru joanen dira Nepalera aurten. Hala izanik, gogoan har dezagun Everest edo Annapurnako Base Campera joaten garenean, duela oso gutxi, fusil bana bizkarrean Katmandura abiatu zirela bertako bizilagunak beren etorkizuna irabazteko. Beraz, irakaspenak ematera baino, goazen haiengandik ikastera.
Urteak eman ditugu alpinista, mendizale eta turista mendebaldarrok Nepalera bidaiatzen, munduko mendirik ederrenetakoek liluratuta. Haien pobrezia, aurpegi ximurtuak eta herri isolatuak postal bihurtu ditugu, eta aldi berean gerrillak sortzen omen zuen desestabilizazioa kritikatu (orain Kaxmirren bezala). Eta gure egoismoari jarraituz, ez genuen baloratzen haiek eskatutako “iraultza zerga” (impuesto revolucionario) zela herrialdea garatzeko gure ekarpenik hoberena, baina ospitale eta eskolekin tematuta geunden/gaude. Eta azkenik, feudalismotik atera eta herrialdea garatzeko aukerak sortzen zaizkienean ere kritikatzen ditugu, “gure Himalayak” suntsituko dituztelakoan. Guk ordea, hamarkadak eman ditugu “gure” zein “besteen” mendiak izorratzen gure aberaste material zein aisiarako. Uste dut zilegi dela haiek “haien” mendiak “izorratzea”, horrek bizitzeko modua ematen badie.
Norbait lerro hauek irakurtzera iritsi bada, pozten naiz, ez naiz luzatuko. Gauzak erdi-esanda utzita (nire sintetizatzeko gaitasuna lantzen ari naiz oraindik), hausnarketa eta kritika ongi etorriak izan daitezela. Gora mendietako herriak eta jendea! Gora #MountainPeople! (Eta ez bakarrik sherpak, horiek eta beste 60 herri bizi direlako Nepalen, eta ez bakarrik sherpak, beste asko ere mendi gidariak dira, hemengoak bezalakoxeak. Horiei sherpa deitzea eta ez mendi gidari, arrazismoarekin jolastea delako. Estatu Batuetako mendizale jator batzuek esaten duten bezala, “Decolonize climbing”, deskolonizatu dezagun mendizaletasuna.
Jarraian iraultzaren argazki historiko batzuk, 2000. urtetik aurrerakoak:
Gerrilla maoista 2004an Nepal mendebaldean
Gerrilla maoista Dailekh herrian 2001ean
Gerrilla maoistaren talde kulturala Dailekh herrian, 2001eko maiatzean
Maoistek kontrolatutako landa eremua
Katmandura bidean
Nepalgo Alderdi Komunistaren (Maoista) ekitaldia
Katmanduko borroka
Eta hauek 2017an Nepalen izan nintzenean ateratako argazki batzuk:
Bakhtapurreko kaleak, 2017ko uztailean, Nepalgo hauteskunde orokorren bitartean
Nepalgo alderdi komunistaren pintada Nagarkot herrian, 2017ko uztailean.
Manang herrira bidean, Annapurna Conservation Area-n, 2017ko uztailean.
Khangjin herria (Langtang bailara), lurrikarak suntsituta. Orain berreraikitzeko lanetan (2017ko uztaila).
Langtang herriko sarrera eta Langtang Lirung mendiko (7.234m) glaziarra.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: