SARRERA GISA
Luiaondoko kontzejua
Aiarako kontzejurik zabalenetakoa izateaz gain, biztanlerik gehien dutenetarikoa ere bada. A-625 errepidean dago, Laudio eta Amurrio artean. Iparraldean Laudio dauka, ekialdean Orozko, hego-ekialdean Amurrio, hegoaldean Murga eta Olabezar eta mendebaldean Arespalditza. XVIII. mendean kontzeju hau Amurrioko kuadrilakoa zen Murga eta Olabezar bezala. Biztanleria nahiko kontzentratuta dago Nerbioi ibaiaren eta aipaturiko errepide horren ertzean, baina Madozek (1845-1859) sakabanaturiko etxalde batzuk aipatzen ditu: Panabarra, Urquetavaso, Hayo eta Austio. 1877ko Libro de Álavan Becerro de Bengoak etxalde edo auzo hauek aipatzen ditu: Austio, Ayo, Barrutxi, Iturruchu, Mendívil, Quinto, San Lorenzo, Santo Domingo eta Urquetabusu (sic). 1930eko Nomenclátorrean, aldiz, beste hauek ageri dira: Abelladaco, Andraca, Austio, Ayo, Bidebarrico, Calle-Barrena, Curcurra, Charraco o Padura, Estación (La), Estartaco, Iglesia, (La), Iturrichu, Labecoba, Landaburu, Larrichueta, Larrineca, Mendarte, Mendibil, Otazu, Pao-Navarra-Abajo, Piedad (La), Quinto, Restergo, San Lorenzo, Santo Domingo, Urquetabasu eta Zubibarri.
Etxegune nagusia Baldomero Esparteroren tropek arpilatu eta su eman zioten 1835eko urtarrilaren 23an; lehen Gerra Karlistan jeneral espainiarrak egindako errepresalia pertsonala izan zen. Aipatuko ditugun auzo edo kale batzuk “hiritarrak” dira, hau da, udalburuaren barruan daude. Normalean udalburuari ere Luiaondo esaten zaio eta Nerbioiren ezkerreko ibar txiki batean dago. Biztanleriaren eboluzioak argi uzten du hutsik geratzeko arriskurik ez duela kontzejuak; are gehiago, Arabako herririk garrantzitsuenetako bitara (Laudiora eta Amurriora) joateko bidean dago eta horri esker bi herri horien hedapen eremuan dago. XIX. mendearen erdian Madozek 360 biztanle zituela zioen, 1950ean 452 zituen, 1970ean 645 eta 2000ko erroldan 529. 2004ko erroldan 853 ageri ziren, berriz.
Forma bat baino gehiago daude dokumentatuta: Luyando, Luxaondo, etab.; hala ere, zalantzarik ez dago jatorrizko forma Luiaondo dela eta hori dela egokiena ere. XV. mendeko Bienandanzas e Fortunas lanean forma hori ageri da: E siguieron el alcançe matando en ellos, que no dexavan ninguno a vida, fasta el árbol de Luyaondo. Abizena oso-osorik gorde zen geroxeago arte eta 1642an Santiagoko Ordenaren Zaldunetako bat Cristóbal de Luyaondo zen. Herriko eliza-agirietan XIX. mendean bi formak erabiltzen ziren: Luyaondo eta Luyando. Azkeneko hau aipatzen dute Madozek (1845-1859) eta Becerro de Bengoak (1877) eta gutxienez 1373tik dago dokumentatuta. Aiarako Lurraldeak ere Luyaondo aipatzen du bere herrien artean ; beraz, forma hau gehiago erabiltzen zelakoan gaude. Felix Mugurutza bertakoa da eta etimoari dagokionez honek 1997an argitaratutakoa transkribatzea da bidezkoena: Jatorri etimologikoa "*luia(g)a ondo " oso egokia da, ingurua zingiratsua baita eta erliebean badira zingira horiek bete izanaren arrastoak. Lehenbiziko osagaia, luia, konposatua da eta bi osagai ditu: lehenbizikoa ‘lur’ da eta bigarrena ‘i’ arkaikoa. Garai batean ura adierazteko erabiltzen zen nonbait eta hizkuntzalariak horretaz ez direla ohartu dirudien arren, hainbat hitzetan ageri da: "tierra" ihintz, ibai, iturri, ibar, elur (<ilur?), itokin, ibi, izuri, itsaso, idoi... Bi osagai horiek eboluzionatu egin dute eta hortik sortu da lohi hitza.”
F. Barrenengoaren (1990) iritziz izena ‘Luxa ondo’ da, Laudion izen horretako baserri batzuk baitaude. Baina baserri horiek urrun daude –sei bat kilometrora, eta mendiak eta ibarrak dituzte tartean- eta ez dirudi hortik datorrenik. 1760an Luxaondo forma dokumentatu zela dio; ondorioz, herri honen izenaren antzinako forma hori dela dio Barrenengoak. Eta horregatik uste izan zen herri honen euskal izena Luxaondo zela, nahiz eta ez izan hala. Tesi hori babesteko elementu bat ere bazuen, Bizkaiko Foruan (1452) Lujaondo forma agertzen baitzen. Bosgarren Legean ageri zen izen hori Aretx Malatua ospetsuari erreferentzia egitean. Baina gaur egun zalantzarik ez dugu izenaren jatorrikoz forma Luiaondo, dela, eta agiri askotan dator gainera. Kontuan hartu behar da bokal arteko –i- ia kontsonante bihurtzen dela eta horren ondorioz honako eboluzioa izan duela i > x > j. Eboluzio hori ongi finkatuta geratu da zenbaitetan eta horregatik dauzkagu lehen aipaturiko Luxaondo eta Lujaondo aldagaiak. Antzeko adibideak ere baditugu, esate baterako, Goiain > Gojain, Goienuri > Gojenuri, Okongogoiena > Okondojena... (Mugurutza, 2001, hitzaldia). Dena dela, eboluzio hori gaztelaniaz gertatzen da eta ez euskaraz.
Itsasoaz bestalde gutxienez hiru Luyando daude: bat Perun, Huanuco departamenduan; beste bat, Puerto Ricoko mendebaldeko kostaldean eta, hirugarrena, Santa Fe de Luyando, Argentinan. Juan de Garaik sortu zuen herri hori, Buenos Aires sortu zuen berak; kontzeju honetako Aio baserrikoa zen izatez Juan de Garai eta agian horregatik herriaren izena.
Historikoki, herria zati bitan banatzen zen: Kallegoiena eta Kallebarrena, biak dokumentatua. Berre esanahia, kale barik, “auzo” hitzari dagokiona da, hau da, goiko auzoa eta beheko auzoa.