Politikariekin nazkatuta

lubakietatik 1456151129958 Lubakietatik | 2009-05-05 15:04

Egun egokia izan daiteke honako hau publikatzeko. Gaur gertatuko da, jende asko diktadura ostetik itxaroten dagoen momentua. Aldaketa dator gobernura, euskal gobernura. Pozik dira batzuk, triste beste batzuk, beldurrez boterean zeudenak. Uste dut ahalmen berezia dugula euskaldunok. Ez gara gai batzeko baina gure euskaldun izaeraren aurka daudenak elkartzeko gai gara. Elkar ezinikusi izugarria duten bi partidu politiko elkartzeko gai gara. Eta gainera birritan. Nafarroan nahikoa ez eta erkidegoan ere berdina da panorama. Ea ikasten dugun helburu berdina dutenek elkar hartuta errezago egiten dutela bidea bakoitzak bere aldetik baino. Gertatu den guztia ikusita, nazkatuta nago politikariekin. Argi dago politika beharrezkoa dela gure bizitzan baina hori baino argiago dago garbiketa sakona behar dutela partidu politikoek. Koherentzia galdu dute.

 

Boteretik aterako direnak ez dute lotsarik. Urte hauetan zehar ederki akomodatu dira beraien jezarleku zaharkituetan.  Orain beldurrez daude egindako irregulartasun guztiak aireratuko dituen gobernu berriak. Hori ez gertatzeko, beraien idealak ahaztu (baldin bazituzten) eta galtzak jeitsi dituzte. Ez zaie axola ezer boterea ez bada. Beraien zilborrera begira ibili dira eta konturatu gabe beraien jezarleku erosoetatik ostika batez kanporatu dituzte.  Haserre daude, oso haserre. Frontista omen da gobernu berria. Baina isilik egotea komeni zaie, ez baita hautsak harrotzeko garaia.

 

Boterera sartzera doazenak ez dute lotsarik. Joku zikina erabili dute boterera iristeko. Ideia batzuk ilegalizatu dituzte boterera iristeko bidea errazteko. Gainera harroputz antzera dabiltza eta ez dira konturatzen Gaztelako lurraldeetan ura leporaino dutela. Baina lehenengo lehendakari ez abertzalea izango da aizu! Ez al du merezi helmuga horrek! Beraien politika ezingo dute aurrera eraman ez dute eta inongo babesik edukiko “salbatzaileetatik”. Hainbesteko egurra jasan eta gero gure lurretatik kanpora, hemen beraiekin “adiskidetu” dira. Akats larria.

 

Bere burua “salbatzailetzat” daukatenek ez dute lotsarik. Ideia zaharkituekin eta azpijoko eta jokutria guztiak erabili baitituzte gakoa beraiek izan dezaten. Ezer ez omen zuten eskatuko lehendakari konstituzionalista bat ikusi nahi zutelako boterean. Momentuz parlamentuko lehendakaria eskuratu dute eta ikusiko da zer gertatzen den pataten lurraldean.

 

Babes ofizialeko etxeen bultzatzaileek ez dute lotsarik.  Oraindik ere beraiek egindako etxeak ari dira aurpegiratzen. Botereak itsutu du. Ez dira beraien ezkerreko politika jendeari erakargarri bihurtzen. Krisi garaian, dena zuten irabazteko eta dena galdu dute. Gehiegi egin dio men orain arteko botereari.  

 

Parlamentuan egoten utziko ez diotenek ez dute lotsarik. Aukerak bata bestearen atzetik galtzen dabiltza. Politika beti helburu berera mugatzen dute.  Ez dira konturatzen herriak ez duela hori soilik buruan. Garbi erakutsi dute masa handi bat mobilizatu dezaketela baina ez dira gai hori taxuz antolatzeko. Ez diete, egia esan, asko lagundu beltzez jantzita eta eskuan mailu bat dutela ibiltzen diren gizonek.

 

Ezker abertzale berritzat saltzen direnek ez dute lotsarik. Nabarmen joan dira ilegalizatutako bozken bila. Politikekin, ideiekin eta ekimenekin lortu behar da hori. Ez besteak kritikatuz.

 

Kanpainan “independenteak” zirenak ez dute lotsarik. Hain independenteak dira, bakarrik geratu direla. Bipolartasunak agian eragina izango zuen baina ez dute asmatu kanpainan.

 

Hau dena guztiagatik esaten dut garbiketa sakon bat behar dela politikagintzan. Puntu bakoitzean sakonago sartu naiteke.  Orduak pasa genitzake denei buruz hitzegiten. Denek hitzegiten dute baina poltsikora begira eta ez herriari.Hau dena guztiagatik eta nahiz eta agian makarra eta gogorra iruditu irtenbide bakarra ikusten dut. Denak irla batera bidaldu eta herriak boterea hartzea.


Utzi iruzkina: