Makrosumarioa=obsesioa

lubakietatik 1456151129958 Lubakietatik | 2007-12-03 08:15

Azkenaldian Euskal Herrian giroa berriz ere berotzen ari da.Nere ustez zoritxarrez, partidu politiko batzuen ustez zorionez. Errezago omen ur mugituetan arrantzatzea. 18/98+ makrosumario santua itxiko zutelakoan nengoen orain gutxi baina berriz ere denak barrura. Esperantzaren lehioei berriz ere barroteak jarri dizkiote. Igartzen da herriaren batasunak egiten duela herria herri eta orain ere batzeko garaia da. Laister euskaraz egiteagatik Casa del Campotik osteratxo bat egin beharko dugu.

Gurekin obsesionatuak daude. Beraien obsesio nagusi gara. Euskal Herriak Espainiaren zilborra ematen du. Ematen du ezin dutela gu gabe bizi. Ba guk zuek ez zaituztegu behar ezertarako. Bueno bai, erregearekin oraindik uste dut barre egin dezakedala, bere astakeriak entzuten. Baina honek ezin du honela jarraitu.

Gogoan dut goiz hura, jaiki eta buzoian Egunkaria argal eta ahul hura ikusi nuenekoa. Oraindik ere arantza hura ezin aterata nabil. Ezin dut ulertu edo ez dut nahi ulertu. Ala biak.Guardia Zibila uste dut zela Egunkariaren egoitzaren aurrean dena prezintatua. Euskaraz zegoen egunkari bakarra itxia. Euskal berriek argi ikusten zuten lekua itxia. Egunerokoa hautsi ziguten. Berriz ere ohitura aldatuarazi ziguten. Beraiek nahi zutelako, epaileak agindu omen zuen. Nere bizitza zati bat eraman zuten Madrilera epaitua izan zedin funtsik gabeko arrazoiekin. Ezin nuen sinistu edo ezin dut sinistu. Ala biak. Nire Egunkaria, egunero zintzo eta leial mundu zabalean eta gure mundu txikian gertatzen, pairatzen, sufritzen, ospatzen genuena kontatzen zidana goxo-goxo belarrira itxi zidaten. Zidaten eta ziguten. Nire ahulunetako bat ukitu zuten.

Horregatik, gaur ere ezin dut onartu prozesu hau edo ez dut nahi onartu. Ez, biak. Ni nagoelako epaitua, nire bizitzako zati bat delako epaitua. Maite nuena irakurtzea debekatu zidaten. Gero ez omen dago zentsura. 

Berriz ere Egunkaria kalean ikusteagatik edozer emango nuke. Horregatik sumario politiko honen aurka nago. Utzi guri pakean, ez dugu zuen hiriburu glamurosoa derrigortua bisitatu nahi. Esna nahi dut egin amets. Ea egia bihurtzerik dudan, dugun. Saiatuko naiz, saiatuko gara. 


Utzi iruzkina: