Leloen leloak

lubakietatik 1456151129958 Lubakietatik | 2008-03-06 11:59

Berriz ere hauteskundeak. Berri iturri dira azken asteetan. Hurrengo lau urteetako etorkizun hurbila hautatzeko parada izango baitugu. Egin duten kanpainan hala ere ia ez dago originaltasunik, arriskurik. Azkenean denek nahi dute aurreko urteetan lortutakoa ziurtatu, mantendu baina irabazi nahi duten arren ardura handiz ari dira hitzegiten. Arriskuak onerako eta txarrerako dira. Erabili dituzten lemak, esloganak, leloak ez dute gatzik.

Nire ustez alderdi politiko bakarra busti da hauteskunde hauetan. Ez nahi adina baina besteak baino askoz gehiago. E.B eta I.U (ez nago ziur jada espainiar eta euskal alderdikideak onod eramaten diren, horregatik daude biak) ari dira hauteskunde hauetan gatz pittin bat jartzen. Llamazaresen “second-life”-k zeresan gehiago eman du “first-life”-k baino kanpaina honetan. Errealitate birtualean monarkiako argazkiei su ematen agertu zen eta horrek hautsak harrotu zituen. Publikoki barakmena eskatzera behartu zuten alderdian nahiz eta nik behintzat ez sinistu ideia aldatu duenik. Formak eta formak daude pentsatua adierazteko. Horietako bat E.B-k hartu duen bidea izan daiteke. “Erre ke erre, errepublika” eslogana sugerentea eta berritzailea da. Euskera eta gaztelaniaren arteko nahasketa bat erabiliz (gero eta gehiago entzuten den euskañola) beraien proposamen eta helburu nagusia helarazten digute. Balio dezake. Aprobatu justu bat duen alderdia. 5.0.

P.P.-k ordea gaizki eraman du kanpaina. Leloak galtzen ari den eta kalitaterik ez duen futbol talde baten aldagelan entzuten diren hitzen antza handia du. Beste ezaugarri hoberik ez baduzu kasta, balorea, bihotza jarri behar da lortu nahi duzunean. “Con cabeza y corazon”. Nik burua izanez gero ez nien beraiei bozkarik emango. Lau urteetan ez baitute oposizio ankerra besterik egin, ia ezer ez dute proposatu eta atzera bota ahal zuten guztia atzera bota dute. Gero debatean erabilitako haurrarena (dena ondo pentsatua, horregatik zen neska, emakumeen bozka lortu nahian) lotsagarria da. Oso polita geldituko zitzaion errealitateari bizkarra emango ez bazion. Estankatuta daude. Aurrerapauso asko atzera nahi dituzte bota, sexu berekoen ezkontza kasu. Baina zer gertatuko da Raxoi jauna, zure neskatxa maitea lesbiana baldin bada?

PSOE-k ere gaizki egin du. “Vota con todas tus fuerzas”. Zer esan nahi dute horrekin. Indarra beraiek erabili baldin badute batzun bozka kontuan hartu ez dadin. Ez dut ulertzen. Gainera iritsitako iragarkiak irria sortarazi zidan. Gazteon botoa lortu nahian ez bozkatzailearen kit-a iritsi zitzaidan. Ez bozkatzea zure ideiak zakarrontzira botatzea bezala dela esanaz. Ez nago ados. Zure ideiak betiko alderdi politikoen gainetik egon daitezke eta dituzun baloreak baliteke inork errespetatzea. Zeini bozkatu behar zaio orduan?  Hori bai oso dotore gelditu zen BEC-en eginiko “ZP irabazi arte!” oihua. Horrek bai zuela indarra! Beranduegi delako bestela agian Eurovisionen aterako litzateke.

EAJ-k ere kanpainan jarritakoa ere ez zait gustatu. Ez dakit Euskadin biziz gero zer gertatzen den. A bai! EAJ-koa bazara poltsikoak diruz betetzeko aukera edukiko duzula. Nik ere beraiei galdera egingo nieke. Ni Euskadin bizi naiz. Zu, non bizi zara? Hainbeste urtean boterean egon ondorenean ere ez dira gai izan euskaldunon arazoak konpontzeko edo agian okerrago, ez dira kapazak arazoa ikusteko ere. Beste apuntetxo bat. Herriko kabina batean beraien kanpaina elektoraleko kartel bat zegoen eskolako frakasoen portzentaiekin (zenbakiak ez ditut ondo gogoan). EAEn %12 zela, Europan %20 inguru eta espainiar estatuan %25 bat. Niri ez zait harrotzeko datua iruditzen. %10-etik gora ere handiegia iruditzen zait.

EA-k ordea independentzia oihukatzen du. Agian honela ezker abertzale ilegalizatuaren botoak eskuratu nahi ditu. Azkenaldian errebelde xamar dabiltza gainera desobedientzia zibila aldarrikatuz. Hain guay-ak badira dituzten postu guztiei uko egitea iruditzen zait koherenteena. Beraiek izatea desobedientziaren eredu. Estatuari aurka egiteko arma ona izan daiteke baina ez duten postu ziurretatik esanda. Hauteskundetan zuten aukera desobedientzia hori egiteko eta ez dute probestu.

Ezker abertzale ilegalizatuak (ez dakit zein sigla jarri, hainbeste daude) ere abstentzioa aktiboa eskatu du. Zer da hori? Nahiko pasiboa iruditzen zait etxean gelditzea telebista ikusten bozkatzera joan beharrean. Badakit aukerak oso murritzak zituela. Edo abstentzioa edo boto nuloa. Baina abstentzio aktiboa?

Aralarrek nahiko lan izango du diputatu bat lortzen. Alderdi berria izaki oraindik finkatzen ari den ustea daukat. “Ezkerra berri, ezker aberri”. Hitz joko polita baina zerbait falta zaio.

Ni behintzat ez naute konbentzitu kanpaina honetan inongo eta kolore ezberdinetako alderdiek. Ez dira arriskatu. Honela gizarte ez bozkatzera bultzatzen dute. Nire ustez hauteskunde hauetan “boto util” asko egongo dira. Dena, inor ez delako arriskatu. Arriskua da bizitzaren funtsa, bizitzaren gatza eta piperrak. Hurrengoan arriskatuko dira!


Utzi iruzkina: