Herri bat, gaztetxe bat, hilabete bat!
Askok gutxi uste
zutena gertatzen ari da. Eternitate oso bat daramagula dirudi, bizitza guztia eta
aurretik pare bat reenkarnazio. Baina hilabete besterik ez da pasa argazki
polit hartatik. Oraindik lanean dihardugu, erresistentzian indartsu. Oraindik
ez dugulako ezer lortu, ematen badu ere jada betidanik eta betirako izango
dela. Askok uste genuena ( egun hartan ez ordea) baina gehienok sorpresan
harrapatu gintuena.
Uztailaren 9a.
Egun beroa, sargori zegoen. Zazpietan eginda zegoen deia. Gaztetxearen aldeko
argazkia ateratzea zen helburua. Jendetza bildu zen. Kamixeta urdinak soinean. Txankletak
oinetan. Eman o hartu. Erdibidekorik gabe. Esandako hitzek larruazala gogortu
zidaten, oilo ipurdia jarri zitzaidan. Argazkia gaztetxea izango zenean aterako
genuela. Nola sinetsi hainbeste amestutako unea momentu hartan zihoala salto
egitera ametsen mundutik gure mundura? Kalejira osatu zen, suspensearen eta
harriduraren kalejira. Gaztetxea okupatzera gindoazen. Gazte askoren indarra
harturik bandera bezala. Herriarena behar zuen (behar duen) eraikin hutsa
hautsetik libratzera. Emozioa, ilusioa eta urduritasunaren nahas-mahasa.
Erkiberen aurrean
denok elkarri begira. Hainbeste urtetan herdoildutako katetzarra moztu ezin.
Baina katearen erresistentzia alperrik zen. Ilusioaren eta ametsen gurpila
martxa harturik zegoen. Ez zegoen katerik, ez zegoen paretarik hura geldituko
zuenik. Denak gainetik egin genuen salto emozionaturik. Animo oihuak nonahi, noiznahi. Barrutik botatzen ari ziren
azken pareta. Adreiluek ere ez zuten geldituko gurpila. Pixkanaka sartzen joan
ginen. Emozioak eragindako builak, ilusioak emandako besarkadak, ametsak
esnatutako txalo zaparradak. Ez zegoen inon leku hoberik gure gazte proiektua
aurrera eramateko. Lanerako prest guztiak. Ez zuen axolik denak txankletetan
egotea. Gaztetxea genuen, beste ezeren gainetik gaztetxea.
Bertan ixuri
ditugu udako lehen izerdi tantak. Orduak orduen atzetik egon gara bertan.
Lanean, jolasean, hitz egiten, eztabaidatzen, bileratan, lotan, jaten, festan.
Denerako lekua baitago, denerako denbora baitago. Lo egiteko gelak txukundu,
garbitu, desinfektatu eta erresistentziako koltxoiak garraiatu. Lorategia
atondu, zegoen zakar guztia atera, zuen etxe zaharkituaren kiratsa haize berriz
aldatu.
Orduz geroztik,
gure bizitza aldatu da, herriaren dinamika aldatu da. Aldatu ez, hobetu esatea
egokiago litzateke. Belaunaldien arteko zubia da gaztetxea. Inoiz harremanik
izango ez zenuen jendearekin mundua konpondu duzu. Eta ez ordu txikitan
bakarrik. Zure bizi esperientzia besteekin partekatu duzu. Zure jakituria
besteenarekin aberastu duzu (eta ez trivialean bakarrik). Eguzkitik ilargira
egon zara bertan zer gerta, zer suma. Sekreten kotxeak eta aurpegiak buruz
ikasi dituzu disimulo ezak salatuta. Ekitaldi ugari egon dira, bakarlariak,
mota guztietako taldeak, hitzaldiak, filmak, altxorraren bila ibili zara (
nahiz eta altxorra uztailaren 9an aurkitu genuen), umeentzat jokuak egin dira,
paella txapelketan parte hartu duzu, adineko herritarrei txokolatea eskaini
diezu.
Sistematik at
antolatzen ikasi duzu, galtzear dauden baloreak berreskuratu dituzu, hala nola,
elkartasuna, auzolana eta borondatea, jende aurrean hitz egiteko mamua kendu
duzu asanbladetan, zure ideiak ( ezberdinak badira ere) aireratzen ikasi duzu,
ingurunearekiko eta pertsonekiko errespetua handitu duzu ( nahiz eta batzuk
ikasgai hori pendiente eduki), gaztetxeak behar izan duenean laguntzeko prest
izan zara ia kondizio eta mugarik izan gabe.
Azken finean
hilabete batean, lehenago agonian zegoen gazteria eta herria berpiztea lortu
dugu. Kolorez eta doinu alaiez (zurrungak nahiz ez izan oso alaiak) bete dira
bizitzak. Balore mordoxka sustatu dira, ekitaldien agenda suspertu da, inguruan
ditugun artisten obrei ateak zabaldu dizkiogu, izan musikan, argazkigintzan edo
dantzan. Herriari toki autogestionatu eta libre bat eskaini diogu, inongo lider
edo bururik edukiko ez duen leku justu bat. Oasi mundu injustu honetan. Hori
dena hilabete batean lortu dugu. Honela jarraituz gero gure mundua zertxobait
hobetzen jarrai dezakegu. Antolakuntza honetan eta lanean gogor jarraituz.
Bigarren hilabetearen bila goaz.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: