Gero arte aitona!!

lubakietatik 1456151129958 Lubakietatik | 2008-05-13 20:44

Aurreko astean zoritxarreko hainbat gertaera minbera gertatu ziren nire inguruan. Astea ondo hasierazi nahi zidaten ezkutatu ezin zena ezkutatu nahian. Kasua da Irlandan nengoela lagun bat bisitatu asmoz eginiko bidaian murgilduta (urak baretzen eta bere onera bueltatzen hasten direnean idatziko dut bidaiari buruz). Aitona mundu honetatik joan zitzaidan ospitalean emanik bere azken hatsa. Saiatu ziren nik ez igartzea baina ez da horren erreza. Ez da samurra izaten aireportutik ia zuzenean hileta elizkizunera joatea eta gutxiago hainbeste maite dudan pertsona batena baldin bada zitatutako kasua. Hurbilekoak jada txarrena pasatuak zeuden (zaila den arren hori pasatzea). Nahiz eta konfirmaziorik ez nuen, nahiko ziur nengoen egoeraz. Orain astebete pasa ondoren, gogorra egiten zait zu ez zaudela hemen konturatzea.

 

Faltan botatzen dut zure egoskortasuna igandetako bazkaritako eztabaidetan. Zure presentzia hutsa nahikoa zen denak zuri adi jartzeko esan behar zenuena entzuteko. Faltan botatzen dut zure etxera joatean txirrina jo ondorenean erantzuten nuen ahots ozena. Faltan botatzen dut zuk hain ondo zaintzen zenuen txoriaren kantua. Jada ez du berdin kantatzen, berak ere zure falta nabari du. Faltan botatzen ditut zure bromak bizarra egin gabe joaten nintzenean edo neska noiz eraman behar genuen zure etxera xaxatzen zenigun momentua. Faltan botatzen dut guk hain izorratuak eramaten genituen trasteak konpontzeko erabiltzen zenuen alanbrea. Faltan botatzen dut erramua igogailuan. Faltan botatzen ditut zure txikitako, gazte garaiko eta soldaduskako kontuak. Faltan botatzen dut amonari zuk bakarrik eragiten zenekien irribarre hura. Faltan botatzen dut zure etxera sartutakoan egindako “Iamari”-aren erantzuna. Faltan botatzen dut puzkerra botatakoan pastillei kulpa nola botatzen zenion. Faltan botatzen ditut zure esplikazioak. Faltan botatzen ditut “hau ta hori ta hura ta zea ta bea”. Faltan botatzen dut txikitan lapa biltzera eta zaharrago ginenean kamamila bila joaten gineneko garai hura. Faltan botatzen ditut esan nahi ez zenituen “pertsona” haiek. Faltan botatzen ditut zure komentario politikoak. Faltan botatzen ditut ezkutuan jaten zenituen goxoki, gaileta eta pataten istorioak amonaren ahotik entzutea. Faltan botatzen zaitut.

 

Jada ez dira berdinak izango igandeko bazkariak. Denok gaude triste, hutsune handiegia da inork betetzeko. Jada ez zaitut gehiago aurkituko Amaiako plazan amonarekin pasian aterata, ahoan zuhaixketako hosto bat duzula bixera buruan daramazula. Jada ez dira gehiago itzuliko patxizarrak zure balkoira. Jada herrian egiten ari diren obrek ez dute zure gainbegiraturik izango. Jada ez zara gehiago joango eskoilerara edo paolera. Jada ez dizugu denok batera kantatuko soziedadean. Jada ez zaitut ikusiko nire bertsoekin malkotan emoxionatuta.

 

Zaila da azaltzea utzitako hutsunea nire bihotzean, nire bizitzan. Hitz gutxi hauek nire omenaldirik sentituena da. Zuk zenion bezala “hil arte bizi” zara. Azken momentura arte izan zaren gizon handiaren zantzuak erakutsiz. Horrek egiten baitu bizitza, ahal duzun ondoena bizitzeak. Zuk hori egin eta lortu duzu. Lasai deskantsatu ezazu, guk zainduko dugu amona. Lasai egon badu eta nork segia zuk hasitakoa. Lasai, bilobengan biziberrituko zera eta. Ondo segi bizitza berrian. Ez zaitut ahaztuko sekula. Noan lekura noala bihotzean eramango zaitut. Gero arte aitona!


Utzi iruzkina: