Ez dira zenbakiak
Gure gizartea gaixo dago, hilzorian onartzen badidate behintzat. Asteburuan izan da genero biolentziaren aurkako eguna eta egin dira mila ekintza gure herrietan barrena. Bai oso ondo, eta horrela jarraitu behar da. Baina ez dut uste egun batean azaldu behar dugunik kontu honen atzean daukagun aurkako iritzia. Egunero salatu beharko genuke ia beti emakumeek jasaten duten jazarpen onartezina. Ez baita komeni egun batean salatzea, egunero gertatzen dena.
Jada aspertuak gaude telebistako berriemaileen ahotik eta berripaperetako kazetarietatik notizi bera entzuten. Gertatu behar ez zuena gertatu ondorengo adierazpen elektoral eta manifestazioetako azalpen politikoekin nazkatua nago. Gaia ez dute errotik aztertzen edo ez zaie horren garrantzitsua iruditzen. Bitartean emakume askok beraien ohekidea dute borrero. Baina ematen duenez ez dauka garrantzirik. Hirurogeita hamargarrena izango da edo ehun eta hamazazpigarrena urte honetan. Zenbaki soil bihurtzen ari dira eta ezin da honela izan.
Guk gure alea jarri behar dugu, ikusitakoa salatuz, baina ez dauzkagu potrorik ematen duenez. Emakumeak askotan inguratuta daude, presiopean, amaieran argirik ikusten ez den tunel batean bezala. Labirinto batean sartuarazi dituzte eta guk, gizarteak izan behar du bertatik ateratzen lagundu behar duen iparrizarra. Denok batera egin behar dugu pausua irteerara.
Ezinezkoa da emakume hildako, zauritutako edo biolentzi kasu hau pairatutakoen zifra handitzen joatea. Gizarte progresista honen ahulunea da. Ezin da honela izan. Aldatzen zaila dago baina gure babes osoa eskaini behar diogu hau sufritu duen edonori. Gure eskuetan dago, infernuko sutatik atera eta bizitza berri bati ilusioz ekiteko aukera berriz edukitzea.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: