Erosketetan
Ez dut oso gustuko
erosketak egitea, onartu beharra daukat. Baina gabonekin batera gure koadrilan
ohitura eta tradizio errotua dugu lagun ikusezina egiteko. Hori dela eta
kapitalera joan nintzen erosketen aholkulari bezela lagun handi bat hartuta.
Autobusez
hurbildu ginen bertara. Nahikoa izan nuen gure errepideen bikaintasun eta
gorentasunaz oroitzeko. Orain dela gutxi izandako luizi baten ondorioz itxita
dago Getaria eta Zarautz besarkatzen dituen kostaldeko errepidea, hori dela eta
Miatik (Meagas bezela ezagunagoa agian) joan behar izan genuen. Baina han ere
obrengatik karril bat itxita zegoen. Semaforoan nahiko zorte edukita azkar
samar pasa ginen bide sigi-sagatsuan barna. Mian gure idolo getariarrak jaso
eta Zarautzen autopistan sartu ginen. Beste edozein tokitan ordaintzen den
errepidea seguruagoa eta luxuzkoa dela esan daiteke. Hemen berdina gertatzen
da, lokatza eta errebuelta guztion eskuragarri, errepide zabal zabalak (
beldurra ematen du kamioi bat aurreratzea) eta obren zantzurik ez. Donostiara
iritsi eta Alderdi Eder gehiago edertu asmoz ari diren obrek ere trafikoa
kolapsatzen dute gure kapitalean. Aspaldi zalantzan jarria nago zein ikusiko
dugun lehenago gure herriaren askatasuna ala obren bukaera. Zein baino zein utopikoago,
zein baino zein ametsago.
Arropa erosi
asmoz sartu ginen denda multinazional horietako batzuetan. Eta guztietan pauta
berdinak jarraitu ditu patuak. Krisia dagoenik ere ahaztu egiten zaio bati
erosketen zurrunbilo hura ikustean. Neurri ñimiñoak nonahi eta ni inoiz baino “jetsiberri”
sentsazio handiagoarekin. Heldu izan nahi duten haurrak eta gazte izan nahi
duten andreak burrukan nork eskuratuko modako kamiseta. Dendak goraino jendez
lepo, gustuko gauzak gutxinaka bisitatutako dendetan. Koadrodun alkandorak eta kolore
morea erakusleiho guztietan. Ezin dut jasan erosketen inguruko parafernalia
kapitalista guztia.
Gustuko zerbait
erosi lagun ikusezinari eta liburu batzuk ikuskatzera joan ginen lehenagoko San
Martin merkatal azoka zegoen liburu dendara. Han ibili nintzen saltseatzen
orrien artean. Kostatu zitzaidan euskal libururen bat bilatzea, egia esan,
gehienak (ez esateagatik denak) euskal literaturaren sailean zeuden kokatuta. Sail
izugarri handia zen, ez zeuden hogei liburu ezberdinetik gora eta horietatik
lauzpabost itzulpenak. Lotsagarria eta iraingarria ere iruditu zitzaidan bi
hizkuntza ofizial dituen herri batean hain baztertua ikustea hizkuntza bat. Ia
esan nezake frantsesez liburu gehiago zeudela euskeraz baino, eta zer esanik ez
ingelesez. Durangoko azokan liburu berriak eta euskeraz han zeudenak baino
gehiago atera ditzake argitaletxe batek. Lotsagarria diot, berriz ere. Hango sentsazio
mingotsak (ordaintzeko zegoen kolak ere lagundu zuen) etxera bueltatzeko deliberoa hartzera behartu
gintuen.
Autobusa hartu,
bidean obrei azken gainbegiratua eman jubilatuen pare eta etxera. Bi ondorio
nabarmen atera ditut: aurrena, denda handiek ez dutela nabarituko krisiaren
kanpai hotsik eta bestea gero eta gehiago gorrotatzen dudala erosketak egitea.
Gabonak ondo
pasatu eta zentzuz eta tentuz gastatu!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: