Bost urtez isiltarazia

lubakietatik 1456151129958 Lubakietatik | 2008-02-25 11:09

Aurreko astean urteurren tamalgarri bat ospatu genuen (ospatu ez da hitz egokiena, urteurren honek ez baitu konnotazio positibo bakar bat ere). 2003-ko otsailaren 20-aren ordu txikitan Guardia Zibila Martin Ugalde parkean sartu zen epaile baten aginduz. Euskaldunon ahotsa isildu asmoz guztia prezintatu zuen inork terrorismoa goraipatu ez zezan. Hurrengo goizean, komunikabide gehienetan oihartzun zabala izan zuen. Azken Euskaldunon Egunkarian azalean zetorren gertatutakoa. Deskriba ezinezko sentsazioak sentiarazten zizkidan. Amorrua, ahulezia, negargura, nazka. Sentsazio asko, bat bera ere ez ona. Zoritxarrez ametsgaiztoa hasi besterik ez zen egin.

Herrigintzak sortutako beste proiektu bat isildu zuten. Demokraziaren izenean funtsezko balore bat urratu zuten: Adierazpen askatasuna. Gainera bost urte igaro ondorenean ere, ez dago garbi zein delitu egin zuten. Beno bai, guztia da ETA-ren lege unibertsala erabili zuten. Uste dut gutxitan gertatu dela hain adostasun handia gertatutakoa gaitzesteko. Partidu politiko gehienek beraien diferentziak ahaztu eta batera irten ziren egindakoaz kexatzera. Euskal gizarteria elkartu egin zen Donostiako manifestazio hartan. Inoiz izan den jendetsuenetarikoa Donostian. Eskubide unibertsalen urraketa Espainian modan dagoen honetan, hau gehiegizkoa iruditu zitzaidan eta iruditzen zait. Elkartasun mezu ugari jaso zituzten mundu zabaletik eta urteurrenarekin berriz ere hala gertatu da. Baina injustiziak eta zuzenbide estatuak berean dirau.

Bost urte eta epaiketarik ez. Hain delitu grabea egin bazuten honez gero gartzela zikin batean usteltzen egon beharko zuten. Baina denek dakite ez zela deliturik egon. Delitua euskaldunok euskera hutsean informatuak izatea ez baldin bada behintzat. Orain auziperatuek gainera, gartzela inoiz baino hurbilago ikusten dute. Denbora guzti hau pasa ondoren ahaztua eta bilduma arraroak egiten dituen kolekzionista baten apalean hautsa hartzen egon beharrean epaile libreen (gobernuak ez du eraginik beraien erabakietan) eskuetan dago. Berriz ere politikoki (barkatu, judizialki) erabiltzeko prest.

Isiltzen saiatu ziren herriaren ahotsa baina ez dute lortuko. Ixterako jada oinarri sendoak baitzituen ezagutzen dudan egunkari objetiboenak. Gizarteak bizkarra eman zion hartutako erabaki eztabaidagarriari. Uste baino lehen berriz ere kalean ikusteko itxaropena ez dut galdu. Berriz ere aske, libreki informatzen sententzia injustu baten berria.  


Utzi iruzkina: