Bertsoaren festa
Abenduak 13 aspalditik seinalatua nuen gorriz nire egutegian. Bertso finala
zen egun horretan Barakaldoko Bizkaia arena pabiloian. Lau urteko esperoaren
ondoren bazetorren berriz ere bertso olatua
ezkerraldera. Eta egiari zor, Santa Luzia egunak ederki luzitu zuen.
Goizeko 8:30tan genuen hitzordua autobusean hurbiltzeko BEC-a. Goizean,
igande goiza zenez, erresaka aurpegiak ez ziren falta. Batzuk urduri, besteak
pronostikoak egiten, despistaturen bat edo beste korrika autobusa ez galtzeko,
gehienak korroan nebera eta motxilen inguruan. Autobusean batzuk lo eta beste
gehienok jada bertso giroan sartzen, motorra berotzen. Iritsi gara, sekulako
ilara luzea dago aretoan sartzeko baina zirrikitu
bat aurkitu dugu hainbeste ez itxaroteko. Toki egokiaren bila denak, hemen ez
gara sartzen, han lepoa okertu behar da oholtza ikusteko eta azkenean eseri
gara. Hainbeste buelta eta gero, tokirik okerrenetarikoenean gaude.
Urduritasunak komunetik behera deskargatu eta badatoz bertsolariak Alaitz
Rekondoren atzetik. Eguneko lehen momentu hunkigarriak. Denak zutik. Guk txalo,
beraiek txalo.
Agurrek egin dute bere bidea. Andoni egunkariako auzipetuez akordatu da
lehen txalo eztanda. Zortziko handian hasi dira. Maialen hasieratik hasi
txapelaren zimenduak jartzen (orduko
berun aleak dira oraingo sasien hazia). Lehenengo zalantza Ametsek poto
egin du ala ez du egin, baikara eta bagara, poto da edo ez da, herriaren deliberoa
ezezkoa da. Ametsek seguru eta kontziente kantatu ditu bi aditzak, badaki
zertan dabilen. Ondoren zortziko txikian lehertzen hasi da saioa. Unai eta
Sustrairen zortziko txikia jeniala izan da. Informatibo batean sentitu naiz
aurrerapen, notizi, titular eta guzti. Ez dakit patuak elkartzen dituen beti bi
bertsolari hauek zortziko txikiak baina azken hiru finaletan ofizio bikainak
utzi dituzte gure memoriarako. Belodromoko azken finalean argia joan zitzaien
eta orduan izan zen Iturriagaren koitus interruptusarena eta orain lau urte
langilea eta nagusia kotxean zihoazenekoa ere ederra izan zen. Orain ere asmatu
dute, ez nuen gutxiago espero. Puntua
emanda denak ere txukun, erantzun bat edo beste ondo txalotua izan baldin bada
ere ( Maialen bere saltsan Patxi, Juan Jose eta Juankarrekin). Goizeko
ofiziotako lana seiko motzean bukatu dute. Hemen ere Amets eta Maialen oso
goitik kantatzen. Bertsoak hasi eta buka ondo josiak eta landuak. Memorian gordetzeko
esaldi antologikoak (lehen bi ta huts bion
kalte, orain bat ta bat enpate, mundua ere logika hontan hobe lijoake Maialenek
edo ibilia naiz elizan ardo minduen
kalizan Ametsek). Kartzelako garaia da. Gaia ondokoa: Kazetaria zara.
Badakizu idazten ari zaren artikulua azken artikulua dela. Ametsek muga urtu
du, Andonik Euskal Herria burujabetu gaitu eta Unai eta Aitor Mendiluze Aminetu
sahararrari keinu egin diote. Bukatu da goizeko saioa Sarriegiren agurra entzun
( batzuk ez dute errespeturik ere eduki aulkian bi segundu itxaroteko ere). On
dagizuela!
Bazkalorduan saioaren komentarioak ogitartekoari eginiko hortzakaden
artean. Amets eta Maialen ondo ari direla, saioa ondo doala, Andoni agian bere
nibela baino bajuxeago dabilela. Hala ere zapore ona utzi digu saioak (eta
bazkariak). Komunetik berriz ere buelta eta tokiak berreskuratzera. Zura
entzun, kasu handiegirik egin gabe. Telefonoz esan digute telebistak esan duela
Ametsek poto egin duela, eztabaidatzen berriz ere eta delibero bera eduki dugu,
ez da izan poto. Zurak bukatu du. Badatoz berriz ere bertsolariak, oraingo honetan,
Zuriñe Iarrituren atzetik . Agurretan nabari da dena emango dutela arratsaldean
ere. Ametsek taula gainean sartu berri den Zuriñek barruan daraman haurrari
ongietorria eman dio. Hamarreko txikian egin beharko dute orain. Ametsek eta
Maialenek saio polita egin dute biek batera (platera sukaldera ez da oinez joaten). Jonek ere bere zertzeladak utzi ditu (malkoa da kezkatzen nauen ur bakarra).
Puntuka jarraitu dute. Jon eta Unairen artean dagoen konplizitatea nabarian
geratu da eta Aitor Sarriegik bere ametsetako bat bete du: Egañarekin txapelketa
batean kantatzea. Bizi-bizi joan da. Aitor Mendiluzek poto ikaragarria egin du.
(bat edo bi Ametsek eta segidan bat edo bi Aitorrek). Gaia emanda oso
gai serioak izan dira gehienak ( karrera egiten ari diren bi haur kantzerdunen
medikuarena, autobusean beti hutsik joaten den aulkiarena, markak kendu ezinik
dutxa azpian dagoenarena…). Andonik zergatik den txapeldun handi bat erakutsi
du ariketa honetan, bere alabak zuhaitzaren alboan opariak jartzen ari den
aitaren paperean (EREan daude
Olentzeroren enpresan). Maialenek bikain jardun du eta Ametsek beste
horrenbeste. Pena Jonek bere ariketa gustukoenean ez borobildu izana. Bukatu da
denek batera egingo duten saioa, hemendik aurrera bik bakarrik egingo dute
aurrera. Pronostikoetan Maialen eta Amets. Zuriñeren ahoan Amets eta Maialen, orden
alfabetikoan. Hunkigarria Maialen, Amets eta Andonik emaniko besarkada.
Belaunaldi erreleboa gauzatu da.
Buruz burukoan zaila bazen ere, berriz koxka bat igo dute mailaz. Seiko
motzean saio antologikoa egin dute biek ala biek(berak ere ezetz esan beharrik ez dezala izan Ametsek ispiluari gezurra zuk zeuk esaten diozu Maialenek).
Kilate askotako bertsoaldia. Zortziko txikian ere egoki jardun dira. Amets
kartzelara doa eta Maialen beste sei bertsolarien atzean geldirik egon ezinik.
Bederatzi puntukorako hitza: Sua. BEC lehertu du bi harriekin txinparta
aterata. Orain hiru bertso bis a bisa edukitzeko biluzteko esan dion
funtzionarioaren aurrean. Oso bertso emozionalak izan dira. Badator Amets eta
entzun du hitza. Arrazoi duzu Amets guztiok gabiltza bertsolaritzaren suaren
bueltan dantzan. Berriz ere hurrengo hiru bertsoak oso onak eta karga emozional
handikoak. Bukatu da. Soilik irabazlea jakitea falta da. Badator Saroi Jauregi.
2009ko Euskal Herriko bertsolari txapelketa nagusiko txapelduna… Maialen
Lujanbio. Eromena, estasi kolektiboa, orgasmo bateratua. Denak zutik
txapeldunari ohore eginez.
Ametsek bigarren bukatu du jakina. Ondoren Jon, Andoni,Unai, Sustrai,
Mendiluze eta Sarriegi geratu dira hurrenez hurren. Bakoitzak bere saria jaso
du eta bere agurra kantatu du. Andonirena ikaragarri emozionantea izan da (behien aulkiak aipatzetik behian aulkiak
jartzera). Publikoa entregatuta Andoni, Andoni, Andoni. Merezitako
errekonozimendua. Erreleboaren makila pasatu du.
Txapela janztera dator ondoren Joxe Agirre. Honek ere merezitakoa.
Hainbeste urte bertsotan jardun eta oraindik ere hor dabil plazaz plaza bera
baino 50 urte gazteagoekin kantatzen. Lau bertso hunkigarri bota ditu, bai ondo
jarri dut lau. Eta ondoren txapeldunaren agurra:
Gogoratzen naiz lehengo amonen
Zapi gaineko gobaraz
Gogoratzen naiz lehengo amonaz
Gaurko amaz ta alabaz
Joxei ta zuei mila zorion
Miresmenaren zirraraz
Ta amaituko dut txapel zati bat
Zuek guztiontzat lagaz
Gure bidea ez da errexa
Bete juizioz, legez, trabaz
Euskal Herriko lau ertzetara
Itzuliko gera gabaz
Eta hemen bildu dan indarraz
Grinaz eta poz taupadaz
Herri hau sortzen segi dezagun
Euskaratik ta euskaraz
Txalo zaparrada. Bukatu da, bukatu da, bukatu da, se acabo. Autobusera
bueltan komentarioak. Emozioak pixkanaka bere onera bueltatzen. Eta etxera
buelta. Egun gogoangarri bat igarota. Ez dut sekula ahaztuko egun hau. Ez
behintzat hurrengo lau urtean.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: