Beltza vs Emakumea

lubakietatik 1456151129958 Lubakietatik | 2008-02-27 10:42

Hauteskunde kanpainan gaude. Ez hemen bakarrik, beste leku askotan ere daude edo egon dira. Pakistanen eta Kuban orain gutxi izan dira, Ameriketako Estatu Batuetan orain aurre kanpainan daude, Ipar Euskal Herrian kantonamenduetarako ordezkariak bozkatu behar dituzte eta telebistan edo berri agentzietan ateratzen ez den beste estaturen batean ere egongo dira prozesuan murgildurik ziur. Baina nik, munduaren jabe uste direnen alde demokratako barne hauteskundeetan zentratu nahi dut oraingoan. Batez ere John Edwards karrera hortatik erretiratu zenetik (zutenetik, aukerarik gabe gelditu baitzen) bi hautagai gelditu dira: Hillary Rodham (bai, Clinton da baina neri gehiago gustatzen zait ezkongabe zeneko abizena) eta Barack Obama. New Yorkeko senataria edo Illinoiseko senataria. Horra hor demokratek aukeratu behar dutena. Ez naiz askorik segitzen ari, luzea bezain aspergarria delako barne kanpaina hau ( Atxagak hautagaien mitinetara egin dituen bisitaldiak eta askoz gehiago ez)  baina sentsazio arraro bat dut. Zalantzan nago aukeratzen dutena beraien ideia eta etorkizunerako dituen planengatik hautatuko duten.

Aurten alderdi demokratako hautagaien bat bihurtzen bada lehendakari osaba Samen herrian ezberdina izango da. Aurreko guztietatik ezberdina: edo beltza edo emakumea ( neri lotsa ematen dit honela idaztea baina hala izango da). Uste dut jendea hortan gehiago dagoela pentsatzen ekarriko dituzten aurrerapenetan baino. Batek bere azal kolorea du lagungarri, besteak bere sexua ( bere gizonari ematen ez ziona dirudienez, bekariekin jolasean aritzen baitzen). Lotsagarria baina honela da politika.

Nahiz eta Kennedy ere irlandar jatorrikoa izan, Obamak marka guztiak hautsi ditu. Ez zen Kennedy bezela familia akomodatu batean hezi, bere bizitza zaila eta katramilatsua izan da gaztetatik. Izerdi asko bota behar izan du iritsi den tokira iristeko. Tentazio asko izan omen ditu bizitzan, arriskuan ere egon omen da. Hainbeste saltzen duten amets amerikarraren eredu garbia. Bozka latinoamerikarra eta afroamerikarra omen ditu bere alde. Grammy-etan ere abeslari batek berari babesa eskaini zion bere saria eskertzean. Inork ez du aipatzen gizarte segurantzan ekarri nahi dituen aldaketak, aberats eta behartsuen arteko aldea murrizteko egin nahi duen ahalegina, Iraketik tropak etxeratzen hasteko konpromezua… Zerrenda luzea egin daiteke baina gehiengo bati askorik ez zaio axola. Beltza da, gizarte zail eta korapilatsuan bere bidea egin duen auzoko haur hurbil hura da.

Beste aldetik, Hillary dago. Bere senarraren itzalean egon zen urte askoan baina berak ere distira duela erakutsi nahi du. Horretarako arma garrantzitsuak ditu baina garrantzitsuena emakumea izatea dela uste dut. Jende asko amesten du emakume bat munduko potentzia handienaren buru. Gustura ikusiko nuke bere senar Bill lehen damarena egiten. Honek ere promes egin du denentzat gizarte segurantza eta sanitate publikoan aldakuntza nabarmenak baina askotan lehen itxurak du garrantzia. Emakumeen botoak bereak omen dira. Honela da.

Ez dakit nik zeinek nahiko nukeen irabaztea. Hori bai hauteskunde orokorretan errepublikanoei irabaztea gutxienez. Aukera txarretan onena iruditzen zait. Horrelakoak gara gizakiok itxurak irabazten du, gure etorkizuna erabakitzerakoan eta ez ideiek eta proposamenek. Eta hori badakite. Nor iritsiko da McCainekin (eskandaloa itzaltzen badu garaiz eta solbentziarekin) lehiatzera? Beltza vs emakumea.  


Utzi iruzkina: