Banpiro bihotz-gabeak

lubakietatik 1456151129958 Lubakietatik | 2008-03-25 13:59

Inon kirol sakrifikaturik bada, hori txirrindularitza dela esango nuke. Urtean milaka kilometro egiten dituzte bizikleta gainean, izan euria, izan elurra edo izan eguzkia. Gainera, lasterketa bakoitzean 180 bat partaide ateratzen dira eta batek bakarrik eramaten ditu laudorio eta loria guztiak. Askotan ihesean ekin aurretik badakite ez direla iritsiko baina hala ere ez dute etsitzen beraien saiakeran. Inongo laguntzarik gabe ere oso kirol gogorra duda izpirik gabe. Baina azkenaldian kolpe gehiegi ari da jasaten, bai ingurutik bai kirolaren kanpotik ere. Txirrindularitzaren jabegoa (jaberik baldin badu) disputatu nahian dabiltza UCI ( Txirrindularien batasun internazionala, batasunarena ez doa ironikoki) eta ASO ( sigla hauek ez dakit zer nahi duten esan, baina lasterketa entzutetsu asko antolatzen dituen erakundea, tartean Tourra eta klasika asko). Txirrindulariak ez dira batzen denak bat eginda kexatzeko baten edo bestearen aurrean. Hau dena gutxi balitz, komunikabide askok egurra ematen diete. Hau dena ahaztu gabe, tranparen, dopingaren mamua ezin izan dutela uxatu azken urteetan.

 

Azken honen harira, urtero kontrol ugari jasan behar izaten dituzte lasterketetan parte hartzeko. Bestalde, beti jakin behar dute arduradunek non zauden edozein momentutan pasa baitezakete kontrola. Aurten gainera agiri bat sinatu behar izan dute eta beraien ADN-a eman edozein momentutan konparazioak egiteko analisiekin. Kontrolatuta daude, arnasa hartzea ere ia ia debekatua dute. Eztula dutenean ere botikak hartzeko medikuaren oniritzia eta gainetik dauden organismoei jakinarazi beharra dute. Ez da posible. Bitartean beste kirol askotan ( gezurra badirudi ere, beste kiroletan badago dopinga ) festak egiten dituzte ( galdetu Ronaldinhori) hezurretaraino dopatzen dira ( begiratu Marion Jones izar itzalduari) eta ez zaie honenbesteko kontrolik egiten.

 

Hau dena gutxi balitz, azken astean gertakari oso ilun eta gizalegerik gabeko batek astindu du txirrindularitza. Hau ere (nola ez) dopingari lotua. Kasua da, arestian aipatu bezala, edozein momentutan pasa dezaketela kontrola txirrindulariek. Edozein ordu eta tokitan. Kevin Van Impe ez da txirrindulari ezaguna publikoarentzat, ez baduzu jarraitzen behintzat txirrindularitza, baina zoritxarrez ezagun egin da Quick-Step-eko txirrindulari belgikarra. Bere semetxoa gaizki jaio zen eta jaio eta sei ordura eman zuen azken hatsa. Hemen sartzen dira akzioan gure banpiroak (txirrindulariei odola ateratzen dietenak). Semearen ehorzketa antolatzen ari zen bitartean azaldu ziren Van Impe gaixoaren etxean. Berak jakinarazi zien, ehorzketaren ondoren pasako zituela nahi adina kontrol baina banpiroak ezezkoarekin tematu ziren. Honela jarraitzen bazuen gainera bi urtetako zigorrarekin mehatxatu zuten. Egoera azterturik eta banpiroen egoskorkeriaz oharturik ez zuen beste erremediorik izan. Ez zen komeni egun berean semea eta ogibidea galtzea. Kontrola pasa zuen “arazorik ” gabe gainera. Baina agerian gelditu da kirol honek bizi duen gizalege falta.

 

Hurrengo egunean Belgikako kirol arduradun batek (ez dakit zeinek eta gainera Belgikako gobernua oraindik osatu gabe zegoen) esplikazioak eskatu zituen, txirrindulari guztiek (aspaldiko partez denak batera) elkartasuna adierazi zioten belgikarrari eta mundu guztian lau haizeetara zabaldu da injustizia. Ematen duenez, ahaztu egin zaigu edozein ogibide, lanbide edo dena delakoren gainetik pertsonak direla. Pertsona arrunt batek egingo ez lituzken balentriak lortzen dituzte baina gizakiak dira. Beren sentimendu eta guzti. Gutxien-gutxienez hori errespetatu beharko litzateke. Azkenaldian zirkoetako lehoiak bezala tratatzen dituzte ( lehoien egoera ere salagarria dela iruditzen zait ), hau da, ikuskizunaren parte dira, hori bakarrik eta makinek bezala funtzionatu behar dute hutsik egin gabe.

 

Denok aldatu beharko dugu jarrera, ikusleok eta txirrindulariek, antolatzaileek eta babesleek, managerrek eta telebistek. Honelako egoeren aurrean ahotsa altxatu behar da. Konturatzeko giza eskubideak dituztela txirrindulariek ere. Lasai ehorzteko aukera eduki dezaten bere familiako kuttuna, bere lagun hurkoa. Inork molestatu gabe. Nahiz eta ez ezagutu, nire doluminik sentituenak momentu latz hauetan Van Imperi eta bere familiari. Azken finean, beraien seme kuttuna galdu dute eta zoritxarrez ez du atzera bueltarik. Banpiroenak bai eta hemendik aurrera gogorrago saiatuko dira, nire ustez, borroka honetan.


Utzi iruzkina: