JOSUREN GUTUNA!

lekittokolasunak 1456151034171 lekittoko lasunak | 2008-05-15 19:52

2008/05/8

Oreretari tokatu zaio oraingoan. Gauak eskaintzen duen inpunitateaz baliatuz, armez eta gorrotoz betetako txakurrak gure etxeetan sartu eta beraiekin eraman gintuzten Madrilera. Aurpegia estalita zuten “pertsonez” beteriko autoan sartu orduko ulertu genuen hurrengo bost egunetan jasan beharko genuena: jipoiak, mehatxuak, irainak eta beraiek asmatutakoa onartu eta sinatu behar izatea; dena demokraziaren izenean, nola bestela!

Ondoren jantzi dotorez jantzitako politikariek txakurren lana goraipatu zuten beraien komunikabideetan, herriko gazteak trofeoak bailira erakutsiz. Soberan dago esatea jasan genuen infernuaren inguruan ez zutela hitz erdirik esan. Izan ere, torturak salatzeak Espainiaren heldutasun demokratikoa ezbaian jartzen du, eta euskaldunok sistematikoki erabiltzen dugun aitzakia da hori.

Orain, Alcalamecoco zulo honetan aurkitzen naiz, beraien demokrazia ez onartzeagatik; Euskal Herria hobe bat posiblea dela pentsatu eta honen alde lan egiteagatik; epaile faxista batek jada erabakita duen epaia noiz iritsiko zain. Momentu latzak bizitzen ari gara, zertarako ukatu! Baina zulo honetan egotearen arrazoiak adorez eta harrotasunez betetzen dizkigu bihotzak. Ez dugu behar epaile batek zer garen esatea, aspaldi erabaki baikenuen zer garen eta zer izan nahi dugun, eta euskal gizarteak eta bereziki euskal gazteriak legitimatzen dutelako gure jarduna. Beste guztia, kartzela, demokrazia ustel honen ondorioa da, ez beste ezer!

Besarkada beroena eskaini nahi diet familiari, kuadrilari, unibertsitateko lagunei, euskal preso politikoei, iheslariei, eta finean, lerro xume hauek irakurtzeak zerbait sentiarazi edo pentsarazi dizuen guztiei. Eta nola ez, testutxo hau horma hauetatik at ateratzea ahalbidetu duen lagun handiari. Zuek zarete nire bizipoz, egunero aurrera egiteko indarra ematen didazuenak. Zuek zarete etorkizuna. Ikaragarri maite zaituztet!

Bestalde, gorrotorik handiena helarazi nahi diet etika demokratikoarekin ahoa betetzen zaien bitartean, euskal herritarrak guk bizitakoa jasatea ahalbidetzen duten putre horiei guztiei.

Gazte eta aske irabazi arte!
Iritsiko da gure eguna!

Alcalamecon, 2008ko maiatzaren 4an.
Iosu Arruabarrena Luz, Euskal Preso Politikoa


Utzi iruzkina: