Sorginetxeri txortena atera zaio!!!

laube 1456150861201 LAUBE | 2012-04-01 12:34

Sorginetxeri txortena atera zaio

Aguraingo taldeak jantzi du Arabako kuadrilla arteko txapela; Martin Ttipia taldeak idatzizko saria jaso du

Erredakzioa Gasteiz

Sorginetxeko kideak atzo kantuan, Aramaioko pilotalekuan jokatutako finalean. / RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

Aguraingo hegoaldean dagoen Sorginetxe trikuharriaren goiko harlauzak txortena du atzoz geroztik. Aguraingo Sorginetxe taldeak Arabako Kuadrilla Arteko Bertso Txapelketaren bigarren aldia irabazi zuen, Aiaraldeko Altubepekoak izeneko taldeari nagusituta Aramaioko finalean. Bat-batekoa ez zen izan, ordea, Lautadarako bidea hartu zuen txapela bakarra. Izan ere, Gasteizko Martin Ttipia taldeak idatzizko txapelketa irabazi zuen Aramaioko final handian.

Otsailaren 4an bideari ekin zioten 36 taldeetatik lau baino ez ziren Aramaioko frontoiko taulara igo. Bat-bateko saioan, Aiaraldeko Altubepekoak eta Aguraingo Sorginetxe taldeak. Buruz-buruko txapelketan trebatutako bertsolariak izan arren, bi taldeak Arabako bertsolaritzak bizi duen gazteen iraultzaren adierazle. Biak 2010. urtean txapela jantzi zuen Aramaioko taldearen lekukoa hartzeko prest.

Frontoia lepo bete zegoela hasi zuten saioa lau taldeek. Bat-bateko taldeek elkarri zirikatu zioten hasieratik. Aiaraldeko taldeak nabarmendu zuen bazkariaren ostean berenjena «meriendatzeko» prest zeudela, Aguraingo taldearen elastiko moreari erreparatuta. Baina umoreak gai serioei tartea utzi zien saioak aurrera egin ahala. Binakako lanetan arrazakeriaren inguruan abestu zuten Aiaraldeko Ainhoa Comasek eta Aguraingo Oier Arbinak. Martxoaren 29ko greba orokorrari ere heldu zion Aiaraldeko Izar Mendigurenek bakarkako lanean. Maitasuna, Europako Hiriburu Berdea... Talde lanetan edota bakarka, ikusleak gozarazi zituzten bi taldeek, eta, saioa bukatzean, txapelak bi taldeen artean banatzeaproposatu zuen baten batek. Ordea, txapela Aguraingo taldearentzat izan zen.

Idatziko taldeen lehian Gasteizko Martin Ttipiak jantzi zuen txapela, 2010eko kuadrilla arteko txapelketan gertatu bezala. 'Zer falta zaio Arabari?' galdera erantzun behar zuten. Aramaioko Ai Ene! taldeak euskal irrati bat eskatu zuten Arabarentzat, eta Martin Ttipiak Araban ez dauden arabarrak falta direla gogorarazi zuten. Talde bakoitzak modu ezberdinean heldu zion gaiari, baina txapelketaren lehen egunetik agerian utzitako irudimena galdu gabe.

Jaia frontoian eta kalean

Finalean bizitako giroa eguerditik bertatik sumatu zen Aramaion. 12:00ak aldera heldu ziren Arabako Bertsozale Elkarteak prestatutako bi autobusak. Lehenak Arabako lautadako bertsozaleak bildu zituen, Agurain eta Gasteizkoak; bigarren autobusa Aiaratik atera zen, Amurrio eta Laudiotik igaro ondoren. Aguraingo Sorginetxe eta Gasteizko Martin Ttipiko jarraitzaileak batean. Aiaraldeko Altubepekoak besteak. Txapelketa mamitsu bati bukaera emateko gogotsu bertsozaleak bi autobusetan. Eta finaleko saioak guztiak gogobete zituen, baita Aramaioko bizilagunak zein haien autoekin bertaratu zirenak ere. Iaz ez bezala Arabako Lautadara joan dira 2012ko txapelketako bi txapelak. Bertsozaletasunak beste pauso bat eman du, ordea, Araban.




Utzi iruzkina: