SARIKADA 2011, Arespalditza-Araia
Sarikadaren bigarren ihardunaldia Arespalditza eta Araian ospatu zen. Goizean, Arespalditzan, Iñaki Tena, Uxue Ruiz de Arkaute, Beñat Burgi eta Sabin Aranburu ibili ziren kantari. Sarikadari neurria hartzen hasteko, bertsolariek herriko tabernetan zehar bertso-poteoa egin zuten, bertako 20 lagunen belarrien gozamenerako. Poteoa bukatuta, Bertso-Busak Llantenorako bidea hartu zuen.
Bazkarirako 40 lagun elkartu ziren bertan. Bai ondo bazkaldu ere! Behin mahai gaineko lanak bukatuta saioari ekin zitzaion. Unai Mendibil gaijartzaile xelebrearen esanetan, bina ofizio eta librean aritu behar izan zuten bertsolariek.
Sariak ere xelebreak izan ziren, Iñaki gasteiztarrak sukaldari txapela jaso zuen, gure menuetan behar dugulako. Uxue gasteiztarrak hondartzarako jostailu kit-a eskuratu zuen, “txulita de playa” batentzako neurri neurriko saria. Neurri neurrian ibili zen beste bat Sabin izan zen, metro bat irabazi zuen eta azkenik ‘tokapelotas’ saria Beñatentzat izan zen, azken biak aramaioarrak.
Arespalditzako Tarzanen liana hartuta, arratsalde partean Araiara salto egin zuen Bertso-Busak.
Arratsaldeko saioan Maialen Saez de Okariz, Oier Suarez, Jon Ruiz de Pinedo eta Beñat Oribek kantatu zuten. Araiako jendea aztoratzen ibili ziren poteoan, eta txerri saiheski gozoak afaldu eta gero saioari ekin zioten Iker Pastorren esanetara.
Maialen gasteiztarrari salto handia ematearren salto egiteko soka oparitu zioten. Oier zalduondoarrari, bertsoak ondo orraztu zituelako errekako lamiaren orrazia. Jonpi zalduondoarrak, aldiz, ponpak egiteko tramankulua eskuratu zuen, bere burbuilatik atera ez dadin. Eta, Beñat Oribe aguraindarrak, saioz saio irabaziko duen dirutza gordetzeko kartera panpoxa.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: