PREKARIETATEA HILTZAILEA

labxupera 1456150791410 LAB Xupera | 2012-11-09 22:21

Ordizian izandako heriotz istripua salatzen du LAB sindikatuak

Gaur, hilak 7, GOIZ LAN S.L enpresako 57 urteko langilea (E.V.A.) lan istripuan hil da Ordizian aldamiotik erorita. Etxe berri batzuen eraikuntzan ari zen lanean, hirugarren solairuaren altueratik erori denean.

LAB sindikatutik, lehenik eta behin, hildako langilearen familia, lagun eta lankideei dolumina eta elkartasuna adierazi nahi diegu.

2012an dagoeneko Euskal Herrian gutxienez 52 langile hil dira euren lanpostuetan. Langileok bizi ahal izateko egiten dugu lan, ez saiakera horretan hiltzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak, langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira. Ordizian hildako langilea eraikuntzan ari zen lanean, eta sektore horretan nagusi diren prekarietateak, esplotazioa lan baldintza txarrek eta lan erritmoak hil egiten dute. Gainera gaurko istripua, itxura denez, hainbat irregulartasun ematen omen den enpresa batean gertatu da.

Salatu behar dugu modu berean ere, EAEko administrazioak, antzua den “hitzarmen sozialaren” baitan, “LOTU”ren moduan hutsala eta eraginkortasunik gabeak diren kanpaina publizitarioak sustatzen dituela. Beste behin ere tamalez ikusten dugu ez dutela inongo emaitzarik eman, hala erakusten digute aurreko urteetan eraikuntzan izandako istripuek eta tamalez gaurkoan Ordizian izandakoak.

Horregatik guztiagatik, langileok laneko gaixotasunekiko, eta lan istripuekiko TOLERANTZIA ZERO aldarrikatu eta adierazi behar dugu. Arazo horiekin bukatzeko eredu aldaketa bultzatu behar dugu, gure osasun eskubidea egiazkoa izan dadin aldaketa politikoa, ekonomikoa eta soziala aldarrikatuz.

Aldaketa hori ez da etorriko Gasteiz, Iruñea edo Baionatik; patronalak eta legeek ez digute ezer oparituko. Aldaketa langileok ekarriko dugu, lantoki, herri eta auzo bakoitzean hartutako gure konpromisoen ondorioz, hori baita gure osasuna eta bizia defendatzeko modu bakarra.
Ordizian, 2012ko azaroaren 7an


Utzi iruzkina: