Txakur-paseatzaileak

iratirizar@gmail.com 1664398818022 k r e m a | 2022-10-05 01:43

iratirizar@gmail.com 1664927945786

Eskolarako autobusen gisara hasten dute beraien ibilbidea: atez ate eta banan-banan beraien bezeroak jasoz. Bezeroak baino, bezeroen txakurrak esatea egokiagoa litzateke agian, ez baitute (oraingoz) abereek ordaintzen zerbitzua. Eta zerbitzu horren barruan ez dago soilik txakurrak egunero ateratzea eta beren beharrak egiten dituztela ziurtatzea. Hezi ere egiten dituzte. Sozializatzen lagundu ere bai: beste txakurrekin zein pertsonekin. Horregatik beharbada aditz-izenkia ordezkatu beharko genuke eta txakur-zaintzaile edo txakur-hezitzaile esan. Baina tira, ez dut uste paseatzailearena ere hiztegian existitzen denik.

Hari horri tiraka, izena duena badela esan ohi da, baina izenik izan gabe ere garbi dago lanbide hau badela. Eta, diru-ordaina ekuazioan sartu gabe, lanbide duina deritzot guztiz. Soldatapeko lana transakzio bat da funtsean, bidegabea askotan, baina horixe: denbora diruaren truke. Kontua da, denbora horretan egiten dena, langileak ematen duen zerbitzua (lehen erabili dudan hitza mantentze aldera) gehienetan hutsa dela. Airea baino ez.

Hau ez da gertatzen txakur-paseatzaileekin. Egiten dutenak badu esanahia eta esaldi bakarrean bil daiteke: txakurrak ibilarazi, zaindu eta hezi. Hiru gauzen ordez bakarra egiten duten kasuetan ere, esanahia, eta hortaz duintasuna, mantentzen da. Gauza bera erizain, irakasle, garbitzaile, garraiolari, arotz, mekaniko, tabernari, zinemagile, okinekin. Kasu hauetan guztietan lanbide hitza ofizio hitzarekin ordezka genezake. Txanponaren beste aldean kokatzen ditut, beraz, ofizio bako lanak, esaldi bakarrean azaldu ezin direnak, hutsak, burokraziaren ozeanoak sortuak. Administrari, CEO, marketingile, orotariko manager, finantza-kontsultore… balioa eransten dutela irensten dugu benetan? Ez al dira, gehienetan bederen, gure sistemetan zentzu gabeko bitartekari, kontrol eta zurikeria kapak gehitzearen emaitza?

Paradoxa da jendeak “benetako lana” esaten duenean, soldataz aritzea eta ez lanaz. “Benetako lan bat bilatu beharko zenuke”, hau da: norbaitek ordain diezazun zerbait egin; zer? ez dio axola. Paradoxa da baita ere, benetako benetako lana dutenek, ofiziodun lanbidedunek alegia, orokorrean prestigio eta diru-kopuru gutxien jasotzea. Eta paradoxa erraldoia da, eguneroko esanahidun zereginak egiteko (otorduak prestatzea edo seme-alabekin jolastea) beste norbaiti ordaintzea, guk eguna esanahi gabeko atazak egiten pasatzen dugulako.

Txakurren jabeek paseatzaileari uhala ematen dioten momentuan, beste eskuarekin eramateko kafeari heltzen dioten bitartean, paradoxa horiek guztiak kontzentratu eta islatzen dira. Lanaldia hasteko unean.


Utzi iruzkina: