Heldulekuak

iratirizar@gmail.com 1664398818022 k r e m a | 2022-09-28 23:01

mundua obretan dago, baina guk ez dugu ezer apurtu

mundua joan behar da ospitalera, baina hori ez da gertatuko

 

Nire bi talde kutunen bi abesti desberdinek (aski ezagunak biak ere) diotena da. Kantek zenbait urteren diferentzia duten arren, ideia bera islatzen dute euren letretan. Edo hori da behintzat niri iruditzen zaidana. 

Akaso erratuta egongo naiz nire irudipenean, baina Gorka Urbizuri (hain juxtu) entzun edo irakurri nion behin, abesti bat sortzea erreka bat zeharkatzeko harriak ipintzea dela eta entzuleari dagokiola bidea egitea. Hots, entzutea interpretatzea dela, hankak busti ala ez melodiak eta hitzak gutako bakoitzaren galbahetik igarotzen direla beti. 

Gauzak horrela, erreka hauek gurutzatzen ditudan bakoitzean zein izorratuta gauden pentsatzeari ekiten diot, musikak jada banekiena baieztatzen didala. Beharbada malenkoniari diodan estimu naturalak bultzatuta izango da, edo nire belaunaldiari egozten zaion antsietate eta frustraziorako joerarengatik. 

Ez ditut zerrendatuko joera hori hauspotzen duten desgrazia garaikideak, abestien gisara aski ezagunak direlako. Gure amonak esango luke, arrazoi faltarik gabe ziurrenik, aro guztiek dituztela beren zorigaitzak, belaunaldi guztiek euren atsekabe eta kezkak. Amonak bereak, nik nireak.

Baina nik inbidia diet gure amonari eta bere sasoikoei, ez zoritxar arinagoei aurre egin behar izan zietela uste dudalako (ez naiz hain inozoa), guk ez bezala heldulekuak zituztelako baizik. Familia (bere eredu tradizionalenean, nor bere lekuan) eta erlijioa kasu. Hain itogarriak, hain irmoak. 

Ez ditut inolaz ere helduleku horiek nahi: oratu ahala erreko nautela badakit. Badira ordea bakarka eramateko astunegiak diren zamak, hortaz nire buruari galdetzen diot nola demontre moldatuko ote garen indibidualismoaren garaian mehatxu kolektiboei aurre egiteko. Ze helduleku asmatu beharko ditugun. Zer egingo dugun itxaropen izpi bat izateko, ospitalera bidea argitzeko, obrek irauten duten bitartean aldamioren batean, kulunka bada ere, hankak bermatzeko. 


Utzi iruzkina: