Begiak itxiko zaizkizue

Ezagutzen ditudan egungo mundu zabaleko idazle guztietatik nire gustukoenetako bat da zalantzarik gabe Mariana Enríquez. Inguruko zein haratagoko laztura, ankerkeria eta izuei buruzko maisulanak iruditzen zaizkit bere testuak. Beste hainbat gai ere jorratzen dituzte bere kontakizunek, baina beti daude niri hain zirraragarria zaidan terrore indartsu batez bustiak.
Bere ipuin eta nobeletan amabirjina ilunak aurki ditzakegu, hiltzaile sadikoak, indar paranormalak… baita eguneroko beldur txiki eta handiak ere. Munstro pertsonal eta unibertsalak agertzen zaizkigu, unibertsala pertsonala baita, pertsonala politikoa den gisara. Etxean bakarrik gaudela oldartzen zaizkigun munstroak, kalean zehar goazela lotsarazten gaituztenak.
Jendeak sarritan irudimen krudela izatea leporatzen omen dio idazle argentinarrari. Beharbada beldurrezko istorioak (horrela esanda umekeria dirudite, gauza ez oso serioa… nola da posible literatur genero honek hain ospe exkaxa izatea orokorrean helduon artean?) idazten dituzten guztiei egingo zaie akusazio bera. Nola bururatuko zaizkie ba bestela horrelako kontu makabroak?
…
Ez dut uste edozein eratako fikzioetan gure benetako mundu honetan baino bihozgabekeria handiagorik aurki dezakegunik. Horregatik sinesten dut buru bihurriek bainoago, errealitateak ematen diela edaten irudimenaren iturburuei. Kontu makabro, munstro eta basakeria krudelenez daude beteta gure etxe, kale, herrialde, kontinenteak. Esan gabe doa, leku batzuetan besteetan baino nabarmenago.
Eta zenbat eta nabarmenago, orduan eta zailagoa zaigu, antza, erreparatzea.
Xerpek globulu gorri kopuru handiagoa omen dute odolean, altuera handiek dakarten oxigeno faltari aurre egiteko. Era berean, Mexiko Hiriko biztanleek larru lodiagoa dute, parean dituzten bidegabekeriez ez jabetzeko. Edo jabetuagatik jaramonik ez egiteko, zehatzago esanda. Chilango gehienek Mariana Enriquezi galdetuko liokete nondik ateratzen dituen halako ideiak, izugarrikeria beldurgarrienak aurrez aurre etengabe agertzen zaizkien arren.
Hiri ezberdinez osaturiko hiria da hau, eta saiatzen dira, hiri guztietan bezala, txiroei darien kiratsa aberatsenen sudurretatik aldentzen. Ez da beti erraza ordea klase arteko mugak ezartzea metropolien antolaketan, eta Mexikon muga hauek finak dira askotan. Horren adibide esaterako, Lomas de Chapultepec luxuzko urbanizazioaren aitzinean, errepideak apenas banatuta, ur eta elektrizitaterik gabeko colonia oso bat izatea. Ez da bakarra, noski. Bizi-baldintza eskaseko delinkuentzia haztegiak dira; miseria-gerriko izena ematen zaie, atera kontuak.
Badaude kontraste arinagoak ere. Autoritateek, espero daitekeen moduan, ez dituzte soilik piramidearen tontorrean daudenak babesten: klase ertaineko hipster zein nomada digitalak euren auzoetan gustura pasea daitezen ere saiatzen dira. Europar eta gringoak esne-mamitan bizi gara Mexikon, hori garbi. Baina pobreziak baditu bere zirrikituak eta beti azaleratzen da, aldiro forma ezberdina hartuz: dirudunenen gotorlekutik begiztatzen diren txabolak, etxe azpiko tabernan diru eske etortzen zaigun haurra. Bi kasuek dituzte lekuko isilak, indiferentzia gure humanitate maila jaisten duen defentsa mekanismoa baita.
Hiri honek ondo hartu nau, onartu beharra daukat. Ez dakit jadanik bertakoa naizen ala bisitaria oraindik, baina nire indiferentzia garatuz doala ukaezina da. Horregatik gaur, egunero-egunero bezala, laguntza behar duenik ikusi badut ere, ez diot inori aterperik eskaini. Ez dut GKErik martxan jarri, protesta bat antolatzeko imintziorik egin. Horren ordez, etxera itzuli eta ordenagailua piztu dut hau idazteko.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: