A sky full of sheep

iratirizar@gmail.com 1664398818022 k r e m a | 2022-10-13 01:58

iratirizar@gmail.com 1665619458030

Duela aste batzuk, nire bikotea eta biok goizeko ordu bietan jaiki ginen Coldplay taldeak datorren urteko ekainean Amsterdamen emango duen kontzerturako sarrerak erosteko. Adierazgarria ez bada ere, esango dizuet Amsterdam aukeratu genuela a) artean sarrerak erosteko aukera zegoen hiri gutxietako bat zelako, b) bertan bizi den nire lagun Anderri bisita egiteko aitzakia paregabea zelako eta c) nire bikoteak hiria ezagutzen ez zuelako, hau da, turismo apur bat egiteko parada medio. Lehen aukerak izan zuen pisu gehien gure hautuan (barkatu Ander).

Herbeheretako goizeko hamarretan irekitzen zen plataforma eta propio jarri genuen iratzargailua ordu horretan, kreditu txartela mesanotxean pronto, tarte nahikoarekin genbiltzala sinetsita. Inozoak gu. Bizpahiru ordu ilara birtualean egin eta 537.478. posiziotik mugitzen ez ginela egiaztatuta, amore eman eta lotara itzuli ginen dezenteko atsekabe eta loguraz. Akaso melomanoagoak bagina, lehentxeago esnatu izango ginateke. 

Pena eman zigun, gustuko taldea delako eta espektakuluak paregabea behar duelako izan. Halako arrakasta dute: martxoan Music of the Spheres birari hasiera eman ziotenetik ez da bete ez duten aretorik. Tik Token etengabeak dira euren kontzertuetako bideoak, ezkontza eskaerak Yellow kantaren melodiapean, jendetza eskumuturreko fluoreszenteak jantzita munduko estadio ezagunenak argiztatzen. Hain instagramgarri, hain eder.

Musika taldeekiko kultua ez da fenomeno berria, jakina. Coldplay bukatuko da eta atzetik etorriko dira beste batzuk. Liluragarriak zaizkit, ulertezinak zaizkidalako beharbada, masen desioa pizten duten mekanismoak. Quique Peinado komikoari entzun nion lehengoan, Buenismo Bien podcastean, zorionez ezinezkoa dela aurrez jakitea zerk izango duen arrakasta eta zerk ez. Sasi-aditu ugarik hori gezurra dela esango duten arren, ni ados nago. 

Kaosaren teoriari jaramon eginez gero, aurreikusi ezin izateak ez du esan nahi ez hau ez beste batzuk zoriak orkestraturiko gertakariak direnik, milioika aldagai txikik eragindako prozesu biziak baizik. Zoria, ezezaguna zaigun hori izendatzeko substantiboa soilik omen. Ausa eta kausaren eztabaida zaharrean edo modelizazio matematikoaren aukera infinituetan katramilatu gabe, besarka dezagun misterioa: ez dakigu non edo noiz, ez dakigu ze tximeletek, astindu zituzten beren hegoak orain gu parte garen zale-marea horiek sortzeko. Eta sortuz geroztik, ze indar ezkutuk bultzatzen dituzte, elur-bolen gisara euren burua elikatuz? Inoiz ezagutu, parametrizatuko al ditugu?

Tonto samarrak garela ere gehitu beharko da ekuazioan. Lankide ohi batek zioen euskaldunok irudikatzeko animalia bat balego, hori ardi latxa litzatekeela (agian hortik pegatina jada ikonikoaren harrera ona). Baina ez daukagu esklusibotasunik horretan: ardi eta artaldez beteta dago mundua; are gehiago orain, non sare sozialen tximeletek planeta kolonizatu duten.

Bukatzeko, zoologia albora utzita, bota diezaiegun begiradatxo bat mitifikazio masifikatu hauen zenbait ondorioei: azken iPhonea bere kaleratze egunean bertan eskuratzeko denda kanpoan sortutako errenkada amaigabeari, Ordesan (munduko beste hainbat txokotan bezala) kontserbazio neurri gisara lotarako ipini dituzten murrizketa erabat eztabaidagarriei, datorren urtean Coldplay ikustera joateko lorik ez egitea erabakitzen duen bikoteari… ez al gara gure pasioen egile eta biktima aldi berean?

Beee, beee.


Utzi iruzkina: