2020 Mount Donna Buang lasterketa: odola, izerdia, eta malkoak

No profile photo Korrika Munduan | 2020-09-01 08:49

jibmaird@gmail.com 1599005818486

Mount Donna Buang igoera eta jaitsiera da egin dudan azken lasterketa (birtualak kontuan hartu gabe). Martxoaren hasieran izan zen, eta egun batzuk ondoren hasi ziren pandemiaren aurkako neurriak hartzen Australian. Ez da hainbeste denbora igaro, eta saiatuko naiz oroitzapenak hemen jartzen. Ekintza Stravan ere gordeta dago (https://www.strava.com/activities/3163725436), eta bertan ikusi dezake interesa daukanak. "Flybys" erabilita datuak igo dituzten korrikalariekin lasterketa errepikatu daiteke.

Stravan agertzen da lasterketaren profila: 20,12 Km eta 1.279 metroko malda. Melbournetik ekialdera dagoen Warburton herrian hasi eta leku berean bukatzen da. Nire lasterketak drama pixka bat izan zuen, eta odola, izerdia, eta malkoak bota nituen, baina ez ordena horretan.

 Prestakuntza

7-8 aste izan nituen prestatzeko aurreko lasterketa bukatu nuenetik (Two Bays, 28km +715m). Garai honetan batezbeste 75 km inguru egin nituen astean korrika, eta 50 km inguru txirrinduan (lanerako bidaia aprobetxatuz).

Abiadura lantzeko 5km-ko parkrun lasterketak egiten nituen ia larunbatero (https://www.parkrun.com.au/), eta igandeetan saio luzeak egiten nituen. Luzeena 30.5 km (+315m) izan zen. Astean zehar "tempo"-ak eta malda errepikapenak egiten nituen. Astean behin gimnasiora joaten nintzen, eta zintan maldak lantzen nituen (zintaren topea %15 zen).

Ondo prestatuta nengoen, baina azken astean egun pare bat gaizki pasa nituen birusen batek jota. Ostegunean hasi nintzen gorputz txarrarekin lantokian, eta etxera joan eta bi egunez erabateko atsedena hartu nuen. Larunbatean nahiko ondo nengoen, eta 30 minutuko saio arina egin nuen. Zorionez igandean lasterketarako prest nengoen.

 Lasterketa

2020ko martxoaren 8, igandea. Goiza nahiko hotza zegoen Warburton-en, baina tenperatura igoera espero zen, eta singlet-arekin atera nintzen. Iazko partaideek egindako denborak ikusita 2:10-2:15 ordu inguru ibiliko nintzela estimatu nuen. 3 gel nituen hartzeko (40, 80, eta 120 minututan), baina lasterketa aurretik hartu nuen bat, gutxi gosaldu nuen eta. Litro-erdi ur baino gutxiago neraman bizkarrean.

Maldan gora

Irteeran lehen postuetan jartzeko ez nuen arazorik izan. 118 partaide bakarrik ginen, eta bi boladatan gainera. 2019ko irabazlea (Matthew Schepisi) ziztu bizian atera zen, eta ni lehenengo bost postuetan hasi nintzen. Lehenengo milia laua zen, erreka jarraituz, eta nahiko azkar egin nuen (4:05 min/km-ko); hala ere korrikalari batzuk aurreratu ninduten. Lehen milia amaitzean asfaltozko aldapa gogorra (%20+) genuen aurrean, eta aurreko korrikalari gehienek oinez eraso zuten. Nik poliki-poliki egin nuen korrika, urrats txikiak eginez, eta jende dezente aurreratu nuen. Hau bukatzean mendi-bidea hasi genuen. Basoan tartetxo bat egin ondoren zelai batera atera ginen, eta 6. postuan nengoela ikusi nuen. 

Zelaia pasa ondoren basora sartu ginen berriro, eta erraz korri egiteko tarte bat genuen, zati gogorrenera iritsi aurretik. Hemen 5.aren martxan joan nintzen pixka batean, eta azkenik albora joan zen pasatzen uzteko. Nire zapatilla berberak (Altra Superior) zituela ikusi nuen. Hauek janztea erabaki txarra izan zela uste dut, aurrerago azalduko dudan bezala. Berehala iritsi nintzen zati maldatsuenera, eta aurreko bi korrikalariak (eta beraz podiuma) bistan nituen.

Zati gogorrena igotzen hasi nintzen: hiru kilometro pasatxo, %24 maldarekin. Bidea estua zen, eta zuhaitzek eguzkia erabat estaltzen zuten. Lokaztua zegoen erabat, eta %40-ko malda zegoen zati batzuetan. Ahalik eta gehien egin nahi nuen korrika, baina arnasa estutzean oinez egiten nuen. Laugarrena bistan izan nuen atal honetan, eta igoeraren bukaera aldera bere estrategia errepikatzen ari nintzen, korrika eta oinezko uneak berak bezala eginez. Lehendabiziko gela jan nuen 40 minutura iristean.

Izerdi askoren ondoren bidexkatik atera, eta errepide nagusia gurutzatu genuen. Bertan zegoen anoa-gunea, baina aurrera jarraitu nuen; 50 minutu bakarrik generamatzan. Hemendik aurrera pista zabala igotzen hasi ginen, malda arinagoarekin. Hurrengo zatia lasterketako politena zen: eukalipto erraldoiez inguratutako bidexka laua, belar altuz inguratua. Gustura joan nintzen hemen erritmo azkarrean eta bakardadean, laugarrena dagoeneko ezin nuen ikusi eta.

Bide ikusgarrian nengoen, baina tontorra ez zen iristen, eta nekea iristen hasi zen. Bigarren gela hartzeko unea iritsi zen, eta orduantxe malda behera egin zuen bideak. Nahiko azkar nindoan, eta ez zen erraza izan gela gorputzean sartzea eta ondo arnastea. Sudurra eta begiak likidoz bete zitzaizkidan, eta ikusteko ere arazoak izan nituen malkoekin. Orduan ailegatu zen tontorrerako azken aldapa, eta poliki-poliki hasi nintzen gorantz. Hemen ere tarteka oinez nindoan, eta oso mantxo nindoala iruditu zitzaidan. Dena den laugarrenarengana hurbiltzen hasi nintzen, baina aldi berean seigarrena somatu nuen atzean. Tontorrean 5. egin nuen, 4.arengandik 30 segundura edo, eta 6.a ia gainean nuela.

Maldan behera

Hasierako kilometroak oso errazak ziren korri egiteko, baina nekea somatzen hasi nintzen, eta ezin nuen jarraitu laugarren martxa. Aurki galdu nuen bistatik. Atzekoak ere aurreratu ninduen kilometro pare bat egin ondoren. Ez nindoan gaizki hala ere, eta nire martxan jarraitu nuen errepidera iritsi ginen arte. Orduan sartu ginen berriro bide estu eta lokaztuan, eta nire arazo nagusiak hor hasi ziren.

Altra Superior zapatilla arinak dira, eta tako gutxi dute. Gorakoan arintasuna oso ondo etorri zitzaidan, baina atal honetan ez zuten eusten nik behar bezala, eta lurrera joan nintzen hiru aldiz lokatzetan irrista eginda. Honetaz gain, lokarriak bitan askatu zitzaizkidan, eta geratu behar izan nuen nire esku izoztuekin hauek lotzera. Inoiz ez zait hau gertatu lasterketan, eta pena izan zen denbora horrela galtzea. Beste hiru korrikalarik aurreratu ninduten hemen, hauetako bat izugarri azkar jaisten ari zena. Zapatillen errua bakarrik ez zen izan noski, horrelako maldekin nire esperientzia eta teknika faltak, eta nekeak ere eragin handia izan zuten.

Bukatu nuen malda nagusia azkenean, eta basoan erraz korri egiteko tartea iritsi zen. Hemendik zelaira atera nintzen, eta aurretik bi korrikalari nahiko gertu nituela ikusi nuen. Azken indarrak ateratzen saiatu nintzen hauek harrapatzeko. Zelaia hesitua zegoen, eta kurba bat zeukan; bertara iristean hesiari heldu nion indarrez, eta arantzadun alanbrea zeukan. Esku-barrua ebaki nuen eta odol dezente botatzen hasi nintzen. Jarioa ez zen geratzen, eta kamisetaren azpiarekin bildu nuen tarte batean.

Asfaltozko paretera iritsi ginen, eta hau azkar jaistea gogorra izan zen, izterra oso minbera nuelako dagoeneko. Aurreko korrikalariarengana hurbiltzen ari nintzen, eta erreka bazterrera iritsi ginen. Milia bat geratzen zen, eta lortu nuen tarte horretan aurreratzea. Jator esan zidan: "good on you, finish strong". Zortzigarren iritsi nintzen (2:12:29 denboran), atzetik beste korrikalari bat gainean neukala. Goiko argazkian ikus daiteke Aaron Shorter ezkerrean, erdian beste lasterketa bateko korrikalaria, eta ni eskuinean.

Ondorioak

Hemen daude emaitzak: http://tomatotiming.racetecresults.com/results.aspx?CId=16&RId=29088&EId=4

Helmugan eskuko zauria garbitu, eta ahal bezain laster tetanos txertoa hartzeko esan zidaten.

Lasterketa polita izan zen, eta datorren urtean ere hurbilduko naiz Warburtonera (Covid-ek uzten badigu). Dena den, ziur asko beste lasterketa bat egingo dut, malda handi horiek jaisteko entrenatzea zaila izango delako. 25km lasterketa dute niretzako egokiagoa izan daitekeena, eta baita 50km-koa ere, ultra-running bidetik hasten banaiz.

Hurrengo lasterketarako ikasitakoak: malkorik ez ateratzeko azkar noanean jateko modua entrenatu behar dut. Odolik ez botatzeko erne egon behar dut hesiekin. Izerdiarena ez da arazoa.


Utzi iruzkina: