Zarenaren juxtu kontrakoa erakusten?

No profile photo kirola zentzuz | 2024-09-28 12:58

oskarsainzaltube@gmail.com 1727522217002

Arraunaren munduan sakoneko eztabaida gertatzen ari da, bere ereduaren inguruan. Orain dela gutxi Jabier Arrieta ikerlari eta unibertsitateko irakasleak artikulu mamitsu batean seinalatu duen bezela, arraunlari profesionalak eta afizionatuak liga berean, estropada berean, elkarrekin lehiatzen jartzen dituen sistema bat sortu da, gutxi batzuek nolanahi irabazteko zuten grinari jarraituz, eta gutxien horien interesak poliki poliki nagusitzen utzita. Nahasketa hori munduko edozeinentzat aldrebeskeria haundi xamarra izateaz aparte, azken aldian eredu nahasi hau gero eta kalte haundiagoa egiten hasi da: oinarriko mailetako traineruak gutxitzen ari dira, elkarte txikietako lana esker txarrekoa bihurtzen, fitxaje gehien egiten dituzten klubak banderak dozenaka eramaten, eta abar.

Aspaldiko partez erreakzio txiki bat hasi da, arraunak joan behar luken aldera: munduko kirol gehien-gehienak bezela, harrobien, lurraldeen edo herrien arteko lehia izatera. Horrek saneatu dezake arrauna, ezer kendu gabe bere mailari eta ikusgarritasunari. Arauak aldatzea besterik ez da, eta harrobiari gero eta pisu gehiago ematea denok. Hasi dira bide horretan, hemendik bi urtera bost harrobiko alineatzea arautuz (hamalautik bost bakarrik momentuz). Baina aurrerago joan beharko da profesionalak eta afizionatuak lehian jartzen dituen eredu nahasi hori txukuntzeko. Fitxatzeko aukerak, mugatua, minoritarioa eta arautua izan behar du.

Eta Oriok dauka, inork badu, eredu horren bultzatzaile izateko aukera. Ez bakarrik eredu horretan irabazteko gehien duenetakoa delako, baizik eta sakonean bere eredua beti hori izan delako, eta eredu hori lideratuz itsasalde honetan herri honen nortasuna are argiago agertuko duelako. Jendeak Urdaibai lotzen du fitxajeekin, selekzio bat izatearekin, eta Orio lotzen du harrobiarekin, herri batekin. Arautegia eta eredua aldatzen jarraitzen bada (gehienen interesa hori baita), merezi duen lekuan jarriko da bakoitza berriro. Eta zentzu horretan, norabide horretan jarrituta, aro itxaropentsua dator, itxura denez klub fitxatzaile haundiak eredu-krisian sartzera doazela ematen duelako. Harrobia sortzen duenak eramango ditu banderak etorkizunean, datozen urteetan ez bada hurrengoetan.

Eta zer da kontua eta… aurten, Oriok eredu horretan finkatuta denboraldi txalogarria egin duen urtean, arraunlariek eta talde teknikoak norabide egokia jarri duten urtean, eta norabide horrekin, klub fitxatzaile handiak eredu-krisian sartzen hasi daitezkeen aro itxaropentsu honetan... arraun elkarteko zuzendaritzakoak jo-ta Urdaibaiko prestatzaileei deitzen hasi dira. Nori eta arraun mundu osoaren ahotan eredu ‘bentajista’ lotsagarri horren aurpegia izan denari, adierazpen harro eta mingarriak egin dituenari… horretarako bertako entrenatzailea kenduta, emaitza onak eman ondoren. Entzun da traineru ‘profesionalduenetan’ aritutako patroia ere fitxatuko ote duten, besteak beste. Brabo. Juxtu, zarenaren kontra-kontrako irudia ematen Kantauri osoan. Etxean bikain ibili direnak baztertu eta eredu penagarri baten ikur nagusiak ekartzen. Ba al dago gauzak okerrago egiterik?

Zer irudi eta mezu ari gara bidaltzen harrobiaren eredu moduan ikusten gaituen euskal arraunzalegoari? Zer mezu ari gara bidaltzen aurten jardun duten arraunlariei eta datozenei? Oriok, arraunlari, entrenatzaile eta mota guztietako jakitunak esportatzen dituen herriak, patroi bat harrobitik formatzeko gaitasunik ez duela esaten ari al gara? Eta bertako entrenatzaileek mailarik ez dutela? Zertan ari da zuzendaritza hau?

Ez dakit erabakia erabat itxita dagoen, edo oraindik Elkarteak errakzionatu dezakeen. Baina jaun-andreok, beste zerbait espero nuen. Beharbada bandera berriren bat izango duzue bitrinan, baina ez daukazue despiste makala.

 

 

Reflexio hau hobeto oinarritzeko, azken urtean ateratako bi artikulu mamitsu:

 (Irudia Iñaki Kaperotxipiren argazki batekin egindakoa da)