Andoaingo ikasleak First Lego txapelketan
Lehenik Euskadi mailan sormen eta diseinu berritzaileen saria lortu zuten. Ostera, Katalunian talde-lanaren saria lortu zuten aurreko otsailaren 21ean. Txapelketa honetan, 10 urtetik 16ra bitarteko ikasleek har dezakete. Bartzelonan eta aparailu mugikorren sortzaile eta programatzaile onenak bildu ohi dira. Esperientzia oso polita izaten ari da La Salle Berrozpeko ikasleentzat, baina oraindik ez da amaitu. Klaseak amaitu ondoren, nazioarteko txapelketarako prestatzen ari dira.
Nondik izan zenuten txapelketa honen berri?
A.K: Eskolara bi pertsona etorri ziren txapelketaren berri ematera. Zuzendariak baiezkoa eman eta ikasleen artean hautaketa egin zen. DBHko 4.mailako bi geletatik, bosteko bi talde osatu genituen.
I.A: Zalantzak genituen aukeraketa egoki bat egiteko garaian. Iazko 3.DBHko ikasleen artean ondoena ibili zirenei eskaini genien aukera. Azken batean, sari moduko bat bezala izan da ikasleentzat.
Zer lan prestatu zenuten?
I.I: Hasieran guztia Legoa izango zela pentsatzen genuen, baina proiektua prestatzeko hainbat lanketa egin behar izan genituen. Batetik, proiektu zientifikoa aurkeztu behar zen, hau da, arazo bat planteatu eta horri konponbidea aurkitu behar genion. Bestetik, proiektu teknikoa egin behar zen, robotarekin sortzen ziren arazoei konponbidea aurkitzea zen helburua eta azkenik, robotarekin misio desberdinak egin behar ziren ahalik eta puntu gehien lortzeko.
Zer nolako misioak egin behar zituen zuen robotak?
A.K: Bazen eraztun batzuk jasotzeko misioa, piboteak ekiditea, zubi azpitik pasatzea, bide zehatz bat egin eta oztopoak botatzea, sentsoreekin lan egitea…
I.I: Hori guztia egiteko robota ordenagailuz programatu behar izan genuen. Ibili beharreko denbora, egin beharreko bidea, mugimendua…
I.R: Programa bloke batzuetan banatzen zen, bertan sartzen genuen informazio guztia. Ondoren robotari kable bat konektatu eta programazioaren arabera mugitzen zen aparailua.
Euskadiko txapelketan eta Espainia mailakoan hain ongi ibiltzea espero al zenuten?
I.R: Ezta pentsatu ere, Deriora iritsi ginenean apur bat larritu ginen. Konfiantza gehien entrenatzaileak izan zuen.
Zein ibilbide egin duzue? Nondik zehar ibili zarete?
I.R: Euskadi mailako Txapelketa Derion jokatu zen, bertan proiektu teknikoagatik saritu gintuzten. Lehen aipatu dugun bigarren taldeak ere lortu zuen sari bat, baina Espainiakora sailkatzeko ez zien balio izan. Ondoren diru laguntza bila ibili gara, antolatzaileek matrikula soilik ordaintzen baitzuten.
I.I: Kutxak, Euskadiko Kutxak, Udaletxeak eta La Salle Berrozpe eskolak eskaini ziguten laguntza ekonomikoa.
Motibazio berezirik sortu al dizue hain ongi ibiltzeak?
A.K: Nazioarteko txapelketara iristea ikaragarria izan da guretzat.
I.R: Momentu honetan aukera desberdinen aurrean gaude. Europara, Amerikara edo Asiara joan gaitezke, plazen arabera.
I.I: Txapeldun nagusiak berak aukeratzen du nora joan nahi duen. Gainontzeko zazpi sailkatuek berriz, plazen arabera jokatzen dugu. Dossier bat egin behar dugu bertan aurkezteko. Momentu honetan dossierrarekin ari gara lanean.
Lehenik plaza tokatu behar zaigu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: