Bost gazte atxilotu dituzte Burlatan, kale erasoekin zerikusia izatea egotzita
ATXILOKETAK
Bost gazte atxilotu dituzte Burlatan, kale erasoekin zerikusia izatea egotzita
Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak elkarrekin egin dute operazioa. Hainbat miaketa ere egin dituzte, atxilotuen etxeetan, eta Iruñeko, San Martin Unxeko, Noaingo eta Burlatako zenbait lokal eta egoitzatan. Askatasunak jakinarazi duenez, Iker Gorriz, David eta Xabier Urdin anaiak, Iñigo Gulina eta Aitor Torrea. dira. Azken horrek gaitxotasun larria duela agertu dute senideek, eta tratamendurik jaso ezean oso ondorio txarrak izan ditzakeela.
Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak bost lagun atxilotu dituzte bart goizaldean Burlatan (Nafarroa), kale erasoekin zerikusia dutela leporatuta. Espainiako Poliziak hiru atxiloketa egin ditu eta Guardia Zibilak bi. Askatasunak jakinarazi duenez, Iker Gorriz, David eta Xabier Urdin anaiak, Iñigo Gulina eta Aitor Torrea dira atxilotutako bost gazteak.
Aipatutako iturriaren arabera, atzo gaueko 22:30etan hasi zen sarekada, Guardia Zibilak Xabier eta David Urdin anaiak atxilotu zituenean, bat lanetik eta bestea euskaltegitik atera ondoren. Iñigo Gulina atxilotu du hurrena Guardia Zibilak. Haren etxera sartzeko atea puskatu dute, eta ama kanpora aterarazi. Hain zuzen ere, xok batek eman dio amari eta erietxe batean artatu behar izan dute.
Aitor Torrea eta Iker Gorriz, berriz, Espainiako Poliziak atxilotu ditu. Lanetik irtetzean atzeman dute Torrea, eta, ondoren etxera eraman miaketa egiteko. Une horretan semearekin hitzegiten saitu da ama, eta kolpe bat eman diote poliziek. Anaiari, berriz, pistola jarri diote buruan.
Senideek agertu dute gazteetako bik, hain justu, Gorrizek eta Torreak, gaixotasunak dituztela. Zehazki, Gorrizek bihotzeko murmurioa du, eta Torreak, berriz, ezinbestean tratamenduan behar duen eritasun larria. Tratamendurik jaso ezean ondorio larriak izan ditzakeela ohartarazi dute senideek.
Era berean, etxeko miaketetan agiri politikoak soilik aurkitu dituzte nabarmendu dute senideek, eta ez molotov koktelak zenbait komunikabidek azaldu duten bezala. Atxilotuen etxeak ez ezik, Iruñeko, San Martin Unxeko, Noaingo eta Burlatako zenbait lonja miatu dituzte.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Juan del Olmok agindu du operazioa, eta, zehazki, 32 kale erasorekin zerikusia izatea egozten diete atxilotuei.
Azken egunetan hamaika lagun atxilotu ditu Espainiako Poliziak kale erasoekin lotuta Donostian: zazpi urriaren 30ean eta beste lau azaroaren 7an. Horietatik sei aske utzi dituzte.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: