Mitomania

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2005-03-15 23:01

Martitzen bizitzearen gauza kuriosoen artean bada bat aipatu nahi dudana gaur. Famosoak ikusteaz ari naiz. Martitzen famoso ugari daude: telebistan agertzen direnak, telebistan agertzen zirenak, aktoreak, abeslariak, aktore-abeslariak, kubatarrak…

Sara Montiel bere txakurtxoaren kaka jasotzen ikusi nuen egunak inflexio puntu bat suposatu zuen nire bizitzan. Baina lehenengo aldia besterik ez zen izan.

Orain dela hiru hilabete edo Santiago Segurarekin topatu nintzen zineman. Nire atzean eseri zen (Steven Soderbergh-en Ocean’s Twelve ikusten ari ginen) bi palomita tanke handi eta bi koka-kola tanke are handiagoekin. Bada hori guztia jaten hasi zen kriston zalaparta sortuz, bi aste desertuan pasatu ostean palomita eta koka-kola guzti hori bere lehenengo biandak balira. Azkenean buelta eman eta esan nion:

- Por favor…

Nik Brad Pitt ikusten dudanean kontzentratuta egon nahi dudalako. Baina ez pentsa zarata egiteari utzi zionik.

Pasa den larunbatean Amaral kantariarekin topo egin nuen supermerkatuan. Talka egin zuten gure karroek, benetan. Bere elikagaiei begira jarri nintzen berak gurditxoa apartatzen zuen bitartean barkamenak eskatu ostean: atuna eskaintza berezian (bost lata erosi eta seigarrena musu-truk), Pato WC komuna garbitzeko, gaseosa, gailetak, arrautzak… dena oso glamourosoa, ikus dezakezuenez.

Ez naiz inoiz mitomanoa izan, autografo-biltzailea, fan histerikoa… baina Martitzen bizi naizenetik are gutxiago.


Utzi iruzkina: