Keli Finder!

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2006-03-14 09:51

Etxebizitza ministerioak, Trujillo ministroa buru, bere kabinete-krisia bildu eta brain-storming saio nekagarri bezain emankor baten ostean, gazteok etxebizitza duin bat eskuratzeko dugun arazoari irtenbide behinena topatu bide du. Asmakizun miresgarriak Keli Finder du izena.

Zer ote? Etxe-bilatzaile lanak egiten dituen web-orri bat. Alajaina! Baina ez hori bakarrik. Asmakuntza borobiltzeko hamar mila zapatila pare ere kaleratu dituzte, web-atari horretan sartzen diren lehenengo hamar mila gazte itxaropentsuek eskura ditzaten, haiekin pisu-bilaketa erosoagoa izango delakoan.

Azkenean! Web bat eta zapatilak, horixe bera behar genuen etxebizitza bat eskuratzeko, nolatan ez dute orain arte irtenbidea topatu, hain agerikoa izanda? Gauza jakina da orain arte oinetakoen prezio desproportzionatuak milaka eta milaka gazte oinutsik bizitzera behartzen zituela. Zorioneko gutxi batzuek hipoteka bat eskatu eta hari berrogei urte lotuta egon ostean bakarrik lortzen zuten altxor preziatua: zapatilak. Baina hemendik aurrera, lasai, kelifinder.com delakoan sartu, zapatila parea eskatu eta aurrera! bide erdia baino gehiago eginda.

Nork uste zuen etxebizitzaren arazoa bere prezio estratosferikoan zetzala? Ez ba, hori gutxienekoa da, oinetan zegoen arazoa, eta Keli Finder berriekin oinak eroso eta bero izango ditugunez, konponbidea hur ikus dezakegu.

Ministeriokoek, gazteekiko sentsibilitate izugarria agerian utziz, izen ezin aproposago bat topatu dute asmakuntzarako: Keli Finder.

Keli: hara hor gazte guztion ahotan dagoen hitza.

Kelira noa.

Geldituko zara nire kelian lo egiten?

Kalean uso, kelian otso.

Noski.

Galdera inozo bat: ditxosozko Keli finder hori promozionatzen gastatu dutenarekin (web-orria, zapatilak, telebista iragarkia eta irrati kuña barne) zergatik ez dute babes ofizialeko pare bat urbanizazio eraiki eta gero keli-zozketa bat egin gazteon artean? Zer? Horrek ez duela ezertarako balio? Epe-laburrerako konponbidea dela? Ah.


Utzi iruzkina: