Haragiaren mina
Haragia da muga, haragia da arazoa, baina haragia besterik ez dugu.
Haragia besterik ez gara. Horra hor gure tragedia. Arimaz hitz egingo
digute, baina helduak gara dagoeneko, ez gaitezen engaina. Haragia
gara: onerako zein txarrerako. Sufritzen duen gizaki oro da haragia,
dio Elisabeth de Fontenayk, eta aipu hori bildu du Eider Rodriguezek
bere bigarren narrazio liburuan. Liburuari ere izenburu zehatz hori
jarri dio, zalantzarik gera ez dadin: Haragia (Susa, 2007).
Haragia,
bai. Gordina. Xamurra. Mina zein plazeraren eremua. Haragia: onerako
zein txarrerako. Rodriguezen haragia txarrerako izaten da gehienetan,
ordea. Oinazea eragiten duen horietakoa dirudi aurkezten digun
haragi-puska bakoitzak. Bisturia sartu eta bitan banatzen ditu azala,
haragia, giharrak Eiderren labanak. Mina. Odola. Behazuna. Kontzesiorik
gabe. Erruki izpirik gabe.
Kontsumista-konpultsibo-bulimikoa. Bere
buruaz beste, ofizialki eta gezurrik esan gabe, egin nahi duen
emakumea. Nagusia hiltzea desio eta Thelonious izeneko bere katua
hiltzea baino lor-tzen ez duen neska be-bopzalea. Presoa gose greban,
eta abokatua turismoa egiten. Amonaren heriotzak gehiegi izutzen duen
biloba. Liburu honetan ez da inor salbatzen. Hamabi ipuin dira, baina
ez dago ihesbiderik.
Bere bigarren narrazio bilduma gorrotoz idatzia
dela esan du egileak, amorruz. Baina maitasuna ere badago liburuan.
Haragiarekiko maitasuna. Edo behintzat, kezka. Maite dugun horrek
kezkatzen gaitu. Haragia garelako, eta kezkagarriak garelako oso.
Haragiaren alderik krudelena pairatzen ari da lagun bat egunotan. Ez
diot liburu hau gomendatuko, momentuz. Besarkada bat baino ez diot
bidali nahi, haragia haragiaren kontra. Haragia baino ez garelako:
gaixotzen eta hiltzen den haragia, baina baita besarkatzen eta beroa
helarazten dakien haragia.
Besarkada handi bat, beraz, I. Oraingoan
mina ekarri dizu haragiak, baina etorriko da plazera ere, halako batean.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: