Gorabeherak (gimnasioei ez!)
Udaberria ailegatu da eta beste mezu batean aurreikusi nuen bezala jendea gimnasioetan pilatzen ari da. Gasteizen ziurrenik ez, kapa gris horren pean zaila delako udaberria ailegatu dela sinistea. Are zailago gona motzak eta maukarik gabeko kamisetak janzteko garaia iritsiko dela sinistea. Bere txitxiak salbu gordeta dituztela pentsatzen dute gasteiztar gehienek.
Baina hemen, Martitzen, jendea kezkatuta dabil eta antzematen da. Eguzkiak egunero gogorarazten dio populazioari txitxi horiek laster geratuko direla denen begi-bistan eta horregatik gimnasioen kolapso hori.
Ni ere tentatuta egon naiz eta pare bat gimnasioetan prezioak galdetu ditut. Azkenean atzo erabaki sendo bat hartu nuen: ez naiz gimnasio batetara joango. Garestiak dira eta ziur naiz atmosfera izerditsu hori ez dela batere osasungarria. Beste plan bat diseinatu dut hamabigarren pisu baten bizi naizenez gero.
Hamabigarren pisu batean bizitzek baditu bere abantailak. Ez bakarrik Windsor pospoloaren erreketaren testigu izatea permititu ninduelako. Baita nire apartamentua eta kalearen artean hamabi pisu daudelako ere. Eta pisu bakoitzean hainbat eskailera. Beraz, zein izan da nire plana? Ba igogailuari agur esatea, noski, eta hemendik aurrera soilik eskailerak erabiltzea.
Eta momentuz plana ondo doa.
Goizean goiz jaitsi naiz kalera banketxean txeke bat kobratu behar nuelako. Hamabi pisu behera eta gero berriro, nire diruarekin, gora.
Goizaren erdian edo hasi naiz bazkarian pentsatzen, eta zer falta zitzaidan? Ogia noski. Berriz behera, hamabi pisu, ogiaren bila. Eta gero gora, ogiari koskatxoak emanez (antiproduzentea, badakit).
Bazkaldu eta gero zer? Kafetxo bat, nola ez. Hamabi pisu berriro, eguzkitan ebaki bat hartzeko. Eta berriro gora, kafeinari esker indar berriztatuaz.
Arratsaldean bonbilla piztu zait: gaur da postaz botoa emateko azken eguna! Zer egin behar nuen ba? Postara jo eta botoa eman. Eta gero, indar demokratikoaz, hamabi pisuak berriz igo.
Orain afaltzera aterako naiz, oinez egingo ditut noski hamabi pisuak. Eta buelta ere bai, ardo gehiegi edaten ez badut afarian. Afaria eta gero konturatuko naiz zabor-poltsak jaitsi behar direla eta berriz egingo dut behera. Azkenean, ohean sartzen naizenean konturatuko naiz gimnasiora joaten baino askoz nekatuago nagoela. Eta pozik egingo dut lo, aurreztu dudan diruarekin amets egiteko, nire etorkizuneko gorputz perfektua aurreikusiz.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: