Gidoilariaren lana
Gidoilariaren lana estrainioa da. Gorabeheraz betea dago gidoilariaren lana. Egun batean jainkoa da. Hurrengoan enbarazu astuna besterik ez.
- Hurrengo kapitulurako sorgin sudurrekin apainduko ditugu pertsonaiak! – esaten du gidoilariak, eta produkzio saila, makina perfektu hura, martxan jartzen da, hogei sorgin sudur lortu arte.
- Hurrengo kapitulua MIR estazioan grabatuko dugu – esaten du gidoilariak inspirazio momentu batean, eta produkzio saila, makina perfektu hura, martxan jartzen da, gidoilari inspiratuari aurrekontuaren kopia erakutsi arte.
Noski, dirua. Beti dirua. Baina ez hori bakarrik. Gero gidoiak bukatutzat ematen dira, errebisio anitzen ostean. Eta grabazioa ailegatzen da. Gidoilariak grabazioa ikusi nahi du, bere gidoiak nola gauzatzen diren mirariaren testigu izan.
- Baina nor da hau? – esango dute soinu teknikariek.
- Aizu, kendu aurretik! – esango dute kamarografoek.
- Ez zapaldu kable hura, arren! – esango du erregidoreak.
- Gidoilaria naiz – esango du gidoilariak ahopeka, eta bere oin txikiekin aldenduko da platotik.
Grabazioaren unean gidoilaria ez da inor. Bere lana bukatuta dago eta beraz guztiz ikusezina egin da. Gidoia hor dago, bai, denek dute kopia ba eskuetan (soinu teknikariek, kamarografoek, erregidoreak) baina oilo magiko batek jarri duen arrautza miresgarria da. Haien eskuetan agertu da bat-batean. Inork ez daki nondik atera den, eta ez zaie inporta.
Estrainioa benetan gidoilariaren lana.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: