Errealismo zikinaz

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2005-04-18 23:22

Apur bat kezkatuta nabil egunotan.

Bloga urrun dudan jende askorekin komunikatzeko era bakarra bihurtzen ari da, telefonoaren gainetik, mezu elektronikoen gainetik. Paristik edo Ulmetik irakurtzen omen dute nik hemen idazten dudana. Gasteiztik edo Gipuzkoatik ere bai.

Eta nire kezkaren sorburua hauxe da: idazten dudana ez da beti egia. Beno, ez da ia inoiz egia, ez behintzat egi osoa. Esan dezagun errealitatean inspiratzen naizela nire mezuak idazteko. Baina nire berri blog honen bidez dutenak halako ikuspegi deformatua jasotzen ari dira. Batzuk kezkatuta dabiltza nire bizitza sentimentalarekin eta nobela batekin omen dudan ménage à trois problematikoarekin. Beste batzuek Santiago Segurarekin izandako elkarrizketaren detaileak ezagutu nahi dituzte. PPkoen karameluen zaporea zein ote zen galdetzen didatenak ere badaude.

Ez dut hemen aitortuko zer den egia eta zer ez. Hori gauza intimoak dira. Magoek ez dituzte haien trikimailuak erakusten.

Baina, lasai, benetan, nire bizitza sentimentala ondo doa. Hori bai esan dezakedala.


Utzi iruzkina: